Mundakan, Busturian eta Gernikan hainbat ibilgailuri ustez su eman zien pertsona atxilotu du Ertzaintzak
Mundakako Udaletik esan dute poliziagaz elkarlanean aritu direla gertakariak argitzeko, eta nabarmendu egin dute Ertzaintzak eta Mundakako eta Gernika-Lumoko udaltzainek egindako lana, "ikerketa modu eraginkorrean koordinatu dutelako".
Ertzaintzaren ikerketa baten ondorioz, 38 urteko gizon bat atxilotu dute 2022ko uda eta urrira bitartean, Mundakako, Busturiko eta Gernika-Lumoko hainbat aparkalekutan zeuden ibilgailuei “nahita su ematea leporatuta”. Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera, ikerketek su emanda 28 ibilgailuri egindako “erabateko kalteetan edo kalte partzialetan inplikatuko lukete atxilotua”.
Ertzaintzaren ikerketaren ondorioz identifikatu, aurkitu eta atxilotu ahal izan dute gertakari horien ustezko egilea kalte-delitua leporatuta, eta gizonezkoa asteazkenean (urtarrilak 11), atxilotu zuten Gernikako Ertzain-etxearen mugapean. Ertzaintzaren egoitzara eraman zuten polizia-eginbideekin jarraitzeko, eta, gero, agintari judizialaren eskuetan jarri zuten Gernika-Lumoko Guardiako Epaitegian.
Ikerketa nagusia joan den abuztuan hasi zuten eta udazkenean indartu zuten, lehenik eta behin, Mundakako Goitiz bidean eta Basamortu kaleko aparkalekuan aparkatuta zeuden ibilgailuetan abuztuaren 9an eta 14an, hurrenez hurren, izandako bi suterengatik. Bi sute horietan 21 autok jasan zituzten erabateko kalteak edo kalte partzialak. Bestalde, urriaren amaieran Gernika-Lumon gauez izandako beste sute bat ikertu zuten. Kasu horretan ere suak hainbat ibilgailu kaltetu zituen, eta, gainera, autokarabana batean lotan zegoen pertsona bat herritar batek ohartarazi zuen suteaz eta ihes egin behar izan zuen kalte pertsonalik ez jasateko. Sutearen ondorioz, autokarabana kiskalita geratu zen.
Bi suteen begi-ikuskapenek Gernika-Lumoko Ertzain-etxearen eta Ertzaintzako beste zerbitzu batzuen lana bateratu zuten “hainbat hilabete iraun dituen ikerketa neketsu batean”, eta ikerketaren barruan Mundakan, Busturian eta Gernika-Lumon izandako beste sute batzuk ere ikertu zituzten: “Sua, normalean, auto batean hasten zen eta, kasu batzuetan, inguruko beste auto batzuetara hedatzen zen. Ertzaintzaren lana Mundakako eta Gernika-Lumoko udaltzaingoekin koordinatu da”.
Mundakako Udaletik esan dute poliziagaz elkarlanean aritu direla gertakariak argitzeko, eta nabarmendu egin dute Ertzaintzak eta Mundakako eta Gernika-Lumoko udaltzainek egindako “polizia-lan handia”, ikerketa osoan “modu eraginkorrean koordinatu” baitira: “Azpimarratu behar da udalak ez diola utzi inoiz poliziarekin lan egiteari eta elkarlanean aritzeari, gertakarien egiletza argitzeko. Egoeraren larritasunak hala eskatzen zuen, eta, horregatik, hasieratik saiatu gara gure esku egon den guztia egiten, polizia-maiztasuna areagotuz, bai suteak gertatu ziren eremuetan, bai eremu potentzialetan”.
Mundakako Udaletik segurtasun mezua helarazi diete herritarrei, eta, beste behin, kaltetutakoei babesa eta laguntasuna adierazi diete. “Atxiloketa honekin azken hilabeteetan herrian jasan duguna amaitzea espero dugu” esan dute.