Bizkaiko Batzar Nagusietako taldeekin batzartuko dira Sandinderikoak
Datorren asteko eguenean batuko dira EH Bildu, Podemos/Ahal Dugu eta Alderdi Popularreko ordezkariekin. "Bidegabekeriaz kendu" zioten Abiñako San Antonio berreskuratzea dute helburu.
Sukarrietako Sandinderi taldekoek “bidegabekeriaz kendu” ziotena berreskuratzea dute helburu, eta ekinean dabiltza, pausoz pauso. Borrokan jarraitzen dute, “arrazoia” daukatela “argi” daukatelako. Hala, datorren asteko eguenean Bilbon batzartuko dira Bizkaiko Batzar Nagusietako taldeetako ordezkarietako batzuekin.
Epai judizial batean oinarrituta, Bizkaiko Batzar Nagusiek Abiñako San Antonio enklabea Busturiarena izatea onartu zuen 2017ko abenduan. Orduan hartutako erabakia “zuzentzea” eskatzen dute. Izan ere, “argi” daukate Abiña inoiz ez dela enklabe bat izan: “EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia faltsukeria batean oinarrituta dago, eta frogak ditugu. Bizkaiko Foru Aldundiak enklabetzat jo zuen Abiña, eta erabaki horrek epai bidebakoa eta arbitrarioa ematera bultzatu zuen auzitegia. Aldundiak muga bat asmatu du Sukarrietako lursaila izandakoa Busturian sartzeko, eta justiziari ikusarazi diote auzitan dagoan lurra itsasoa dela. Itsasoa asmatu dute estuarioa dagoen lekuan, existitzen ez den enklabe bat ezin delako desegin”.
Taldeko kide Jaime Oruetak espero du batzar horretatik zerbait ateratzea. Gaur gaurkoz, baieztatuta daukate EH Bildu, Podemos/Ahal Dugu eta Alderdi Popularreko ordezkariak agertuko direla batzarrera. Oruetak dio joan den urteko martxoan Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrekiko Hartu-Emanetarako Batzordean agerraldia egin zutenetik, “bat etorri” direla hiru talde horiekin eta, hortaz, horiekin jarraitu dute ibilbidea. Ondoren, PSE-EEkoekin ere harremanetan jarri izan direla dio, jarrera ona agertu dutela gaineratuta. Hala ere, oraindik ez diete baieztatu batzarrean egongo diren. “Eusko Alderdi Jeltzalekoek (EAJ) gauzak zeuden moduan uzteko jarrera agertu ziguten bere garaian eta, hortaz, ibilbidea jarraitu dugu gainontzeko alderdiekin”.
“Positiboki”. Ez dakite zer zehaztuko duten egueneko batzarrean, baina “positiboa” izatea espero dute: “Ea motaren bateko mozioren bat bideratzea posible dugun. Izan ere, ondo legoke legegintzaldia amaitu orduko Bizkaiko Batzar Nagusietan mozioa aurkeztu ahal izatea. Ez dakigu mozioa talde bakar batek aurkeztuko duen, edo taldea batzuk batuta egingo duten; hori da eurek euren artean adostu beharko dutena”. Proposamen desberdinak egon daitezkeela dio Oruetak: “Horietako bat izan daiteke 2017ko abenduaren 14an hartutako erabakia atzera botatzea eskatzea, eta aldundiari irtenbideak bilatzea eskatzea. Baina aukera gehiago ere egon daitezke. Gure nahia da bi udalerrientzako zerbait zentzuduna bilatzea”.
Oruetaren arabera, “oso txarto” egin da dena, eta taldeko kideak “arrazoiagaz” doaz. Hortaz, “bai edo bai” zerbait “positiboa” ateratzea espero dute: “Leku askotatik hartu daiteke orduan hartutako erabakia atzera botatzeko”.
Orain artekoak. Sukarrietako auzotarren plataformako kideek Batzar Nagusietara jo zuten iaz, eta martxoan Eskaeretarako eta Herritarrekiko Hartu-Emanetarako Batzordean parte hartzeko aukera eduki zuten, eta talde guztietako kideen aurrean azalpenak emateko aukera eduki zuten.
Joan den urteko maiatzean, berriro izan zuten hizpide Abiña Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakekiko Hartu-Emanetarako Batzordeetako batean; EH Bilduk egindako proposamen bat atzera bota zuten.
Aldundiari eskatzen zioten Abiña auzoa Busturian sartzeko erabakiari buruzko txosten teknikoa egitea. Proposamena, baina, ez zen onartu; aldeko sei boto –oposizio osoa– eta kontrako bederatzi boto eduki zituen.