Mundakako Udalak "herritarren parte hartzean" oinarritutako aurrekontua onartu du
Mundakako Udalak 2.813.383 euroko aurrekontua onartu du 2023rako. EAJren aldeko botoekin onartu dute aurrekontua eta EH Bilduko zinegotziek eta Mikel Bilbaok aurka bozkatu dute.
Mundakako Udalak 2.813.383 euroko aurrekontua onartu du 2023rako. Mundakako alkate Irati Gondraren esanetan, udalak finantza proiektu “orekatua”osatu du, eta beste behin ere “herritarren parte hartzean oinarrituta” eta “udalbatza osatzen duten gainerako alderdi politikoek egin dituzten eskaerak kontuan hartuta”.
Alkateak nabarmendu du une oro kontuak “erantzukizunez” eta “orekaz” egin dituztela, “udalerriko sektore ekonomiko, kolektibo eta sozialen beharrak kontuan hartuta”. Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) aldeko botoekin onartu dute aurrekontua; EH Bilduk eta Mikel Bilbao zinegotzi ez atxikituak, berriz, aurrekontuaren aurka bozkatu dute.
Jakitera eman dutenez, gastu arrunta gastu guztien %88,38 da; gastu gehiena ondasun arruntetan, mantentze lanetan eta zerbitzuetan joaten da. Aurten, 2.486.483 euro bideratuko dituzte gastu arruntetara.
Zergek, tasek, transferentziek eta ondare sarrerek osatzen dute diru sarrera arruntak; aurten, 2.770.083 eurokoa izatea aurreikusten dute. Gastu arruntak estali ostean geratzen den “soberakin txikia”, berriz, inbertsioetara eta mailegu amortizazioetara bideratzen dutela gogorarazi dute.
Bestalde, udalaren diru sarrera handiena Bizkaiko Foru Aldundiaren Udalkutxatik jasotzen dutela gogora ekarri du, 2023an jasoko duten diru sarrera 1.521.005 eurokoa izango dela aipatuta. “Gure proiektuekin bat datozen diru laguntzen deialdi guztietan sartuko da Mundakako Udala, beste finantzaketa iturri batzuk lortu ahal izateko eta hainbat proiektu gauzatzen laguntzeko”, adierazi du Mundakako alkateak.
Inbertsioak. 2023an 276.900 euro izango ditu udalak inbertsioak egiteko. Hala eta guztiz ere, 2022ko ekitaldiko likidazioa “positiboa” izatea espero dutenez, soberakina “hainbat proiektu finantzatzeko” erabiltzeko asmoa agertu dute. 2023rako honako inbertsioak egitea aurreikusi dute: udal kontsultategi berria, Coworking gune bat, kiroldegiko teilatu estalkia eraberritzea, auto-hornidurarako eguzki-panelak instalatzeko azterketa, Santa Katalinan aurreikusitako aisialdirako gunea, Lorategiko urbanizazio proiektua eta Haurreskolaren proiektua idaztea.
Proiektu horiek gauzatzeko kanpoko finantziazioa bilatuko dute Eusko Jaurlaritzatik eta Bizkaiko Foru Aldunditik.
Bestetik, kulturak (244.892 euro) eta kirolak (224.260 euro) “berebiziko pisua” izaten jarraituko dutela aipatu du Gondrak, “jaietarako, gizarte, kultura, kirol, berdintasun, gazteria eta euskara jardueretarako eta elkarteentzako diru laguntzeta bideratuko dituzten diru saila kontuan hartuta. “Ez dugu kulturarik eta kirolik bariko Mundaka bat ulertzen. Hori da herria bizirik mantentzen duena, eta, era berean, ordezkatzen gaituena”.
Azkenik, 50.000 euro udalak oraindik duen 201.462 euroko mailegu bakarra likidatzen laguntzeko erabiliko dituzte. Mailegua 2026ko abendurako “guztiz amortizatut” geratzea espero du alkateak.
“Itxaropentsu eta ilusioz gainezka” egin den aurrekontua dela aipatu du Gondrak, eta une oro “mundakarren onuran” pentsatuta egindakoa dela.
Oposizioa. Mikel Bilbao zinegotzi ez atxikituaren ustez, aurrekontua ez dago herriari begira, “baizik eta Eusko Alderdi Jeltzaleari eta euren lagunei begira”. Hala, haren ustez, “beharrezkoak ez diren” gastuak daude, esate baterako, udalaren sare sozialak kudeatzeko erabiltzen direnak.
Udalean aholkularitza juridikoa egotea ere ez du begi onez ikusten Bilbaok. Uste du, gainera, aurrekontua “zaharkituta” dagoela, eta “ez diola herriari zerbitzurik” ematen.
EH Bildu “pozik” agertu zen aurrekontuak onartzeko osoko bilkuran, euren proposamenak “irakurri eta entzun” zirelako. Prozesu parte hartzailea aipatuta, beste moduko prozesu parte hartzaile baten aldekoak direla nabarmendu dute. 2022ko aurrekontua gogora ekarrita, EH Bilduri onartutako proposamen bat bakarra ere ez delako egin kexu agertu dira. “Ez du balio berba politak esan eta gero ez betetzea”, esan dute.
Oraingoan, hamazazpi proposamen aurkeztu dituztela esan dute, horiek guztiak, baina, ez direla EH Bilduk egindako proposamenak diote, “herriaren proposamenak baino”.