Oihana Goiriena: "Zeharo hunkituta gaude jasotako laguntzagaz eta babes uriolagaz"
Pablo Gonzalezen senideek eta hurrekoek #FreePabloGonzalez elkartea sortu dute, kazetari elantxobetarraren defentsaren kostuei aurre egiteko bere auzia gizarteratzeko. Izan ere, Poloniako justiziak baztertu egin du defentsak hiru hilabeteko azken luzapenaren ondoren aurkeztutako helegitea, eta kazetariak, beraz, urtea beteko du Radomgo kartzelan.
Pablo Gonzalezek 317 egun daramatza Polonian, isolamendu egoeran kartzelaratuta. Kazetari elantxobetarrari Errusiaren aldeko espioitza egitea egozten zaio, baina bere aurkako karguak, gaur-gaurkoz, gutxienak eta baliorik gabekoak dira. Egoera horren aurrean, bere senideak nahiz hurrekoak etengabe urratsak egiten ari dira, bere askatasuna aldarrikatzeko; pauso horietako azkena irabazi-asmorik gabeko elkarte baten sorrera da. Egitasmo horren izena #FreePabloGonzalez da, eta helburu bikoitzagaz jaio da: batetik, Gonzalezen auzia gizarteratzea; bestetik, korapilo juridiko horrek beregain dituen gastuei aurre egiteko sostengu ekonomikoa eskuratzea. Urte amaieran eman zuten izena EAEko Elkarteen Erregistro Orokorrean, eta ekimena martxan da egun.
Gonzalezen bikotekidea, Oihana Goiriena nabarniztarra, da elkarteko lehendakari beharrak betetzen dituena; beragaz elkarlanean dabiltza zuzendaritza batzordean Maribel eta Gabino Martinez. Horiez gain, Gonzalezen lankide izandako Juan Teixeira fotokazetaria da elkarteko bozeramailea. Goirienak azaldu elkartea Gonzalezen lagunen inguruan eta sare sozialen eraginaren ondorioz ernaldu dela: “Pablogaz batera multimedia kazetaritza masterra egindako lagunek Twitterren sortu zuten #FreePabloGonzalez traola, eta horren inguruan hasi ziren bere aldeko estreinako keinuak eta kanpainak. Denborak aurrera egin zuenean, baina, abokatu taldez aldatu behar izan genuen, eta horrek Pabloren defentsaren kostuaren gorakada nabarmena ekarri zuen; orduantxe planteatu genuen diru-bilketa bat egin beharra genuela, eta egitasmo horri izapide legalagoa eman behar geniola”.
Oihana Goiriena: “Uste dut Espainiar Estatuan ez zaiola merezi duen oihartzunik eman Pablo Gonzalezen auziari”
Gainera, Goirienak azaldu du bestelako elkartasun ekintzak “modu koordinatuagoan” egin ahal izateko bide egokia dela elkartea: “Orain arte, bakarrik edo, behintzat, norbanako modura azaldu izan naiz; aurrerantzean, antolatuago jokatuko dugu, talde gisa, eta ez bakarka”. Diru iturriak lortzeaz eta elkartasunez funtzionatzeaz gain, #FreePabloGonzalez elkarteak kazetariaren espetxeratzea gizarteratzea eta sentsibilizazioa jorratzea edukiko ditu jomuga. Hain zuzen ere, Goirienak argitu du Gonzalezekiko igarri dituen elkartasun keinuak “polarizatuak” direla. “Euskal Herri mailan, babes uholdea sumatu dut: jendea guztiz kontzientziatuta eta laguntzeko prest dago. Bigarren maila batean, Katalunia kokatuko nuke, bertan ere Pabloren auzia ahoz aho ibili baita. Dena dela, uste dut Espainiar Estatuan ez zaiola merezi duen oihartzunik eman, batez ere, komunikabiderik handienen partetik”.
“Trabak eta oztopoak”.
Gonzalezen aurka dituen karguen nondik norakoak “guztiz ezezagunak” diren arren, hirutan ezarri zaio elantxobetarrari bere espetxealdiaren hiru hilabeteko luzapena; azken luzapenak, hain zuzen, urtebetera eroango du bere kartzelaratze aldia. Defentsak azken luzapen horren kontrako helegitea aurkeztu arren, Poloniako Rzeszowko Apelazio Auzitegiak atzo ebatzi zuen helegitea hori baztertzea. Goirienak helegitearen baliogabetasun hori “espero zuela” adierazi du: “Aurreikusten nuen zerbait da; hain zuzen, atzoko bista agendan apuntatuta ere ez neukan, helegiteak aurrera egiteko aukerak gutxienak zirela jakin banekielako. Hirutan saiatu gara egoera aldatzen, eta ez nuen ezezkoa ez den beste ezer espero. Izan ere, bere espetxeratzea onartu zuen epailea, Zygmunt Dudzinski, eta apelazioak atzera bota dituena, pertsona berbera da”.
Egun, Gonzalezi suertatu dakiokion egoerarik gaitzena hamar urteko espetxe zigorra da. “Espainiar Gobernuak Polonian duen kontsulak azaldu digu espetxe zigorraren iraupena leporatzen zaizkion karguen larritasunaren araberakoa dela, baina kontua da bere kontrako kargu ofizial zehatzik ez dutela aurkeztu, eta plazaratu dituzten frogak, gure ustez, inongo baliorik gabekoak direla”. Berez, legezko bi pasaporte, bankuko txartelak eta Gonzalezek lan egindako hedabideak dira Poloniak aurkeztu dituen froga bakarrak, “baina badirudi ebidentzia horiek beraientzat nahikoa baliagarriak direla”.
“Espetxeratzea onartu zuen epailea, Zygmunt Dudzinski, eta apelazioak atzera bota dituena, pertsona berbera da”
Poloniako sistema juridikoa Gonzalezen auzia argitzearen aurkako “trabak eta oztopoak” ipintzen dabilela salatu du Goirienak. “Ez dute erraztasunik txikiena ere ahalbidetu; adibidez, Pabloren abokatu Gonzalo Boyek oraindik ezin izan du hura bisitatu eta Poloniako abokatuei debekatu egin diete Pabloren espedientea gainbegiratzea“. Hori gutxi ez, eta Radomgo kartzelara idatzitako gutunen zentsura eta mediku arreta nahiz elikadura egokien ukapena nabarmendu ditu nabarniztarrak. Era berean, familiak hiru abokatu talde kontratatu behar izan ditu: “Horrek finantza egoera benetan larrian jarri gaitu”.
Gastu horiei guztiei aurre egin ahal izateko, #FrePabloGonzalez elkarteak Kutxabankeko ES31 2095 0043 1091 2213 9880 kontu korronte zenbakia luzatu die, diru ekarpenak egin gura dituzten denek bertara egin ditzaten. Jendearen erantzuna, gaur-gaurkoz, “oso positiboa” izan da: “20.000 euro inguru jaso ditugu momentuz; zifra benetan aipagarria da, eta guztiz eskertuta gaude. Diru hori oinarrizko beharrizanetarako baliatuko dugu, besteak beste, abokatuen soldatak ordaintzeko, elikadura osagarrietarako eta espetxean eman ez dioten arropa beroa erosteko”. Diruz lagundu duten guztiei eskatu diete freepablogonzalez@gmail.com helbide elektronikora mezua idazteko, familiak zuzenean eskertu ahal izateko. “Zeharo hunkituta gaude jasotako laguntzagaz eta babes uriolagaz. Jende ugarik idatzi du animoak emanez. Zelan edo halan, Pablori helaraziko dizkiogu mezu horiek denak”.
“20.000 euro inguru jaso ditugu momentuz; zifra benetan aipagarria da, eta guztiz eskertuta gaude”
Burokraziaren zama.
Gonzalezek kartzelaratuta zortzi hilabete zeramatzanean egin ahal izan zion estreinako bisita bere bikotekideak; lehendabiziko bisita hura, baina, Poloniako inteligentzia zerbitzuetako zaindari baten begiradapean egin behar izan zuten. Orain, bigarren bisita bat egiteko izapideak betetzen dabil defentsa lantaldea, baina, argitu duenaren arabera, bide “oso nekeza” da: “Bisita bat egiteak hainbat eta hainbat tramite, urrats eta zailtasun burokratiko eskatzen ditu, ez da betere erraza; dena dela, aurrez aurreko bigarren bisita egiteko baimenak lortzeko bidean, gogor gabiltza beharrean”.