'eRRe. Aldarri bat bertsoz' ikuskizuna, Muxikan
'eRRe. Aldarri bat bertsoz' ikuskizunak beteko du Muxikako Ariatzako eliza, zapatuan, 19:00etatik aurrera. Sarrerak Zubieta Errotako liburutegian eros daitezke, 5 eurotan.
Burua eta gorputza, bizitza eta heriotza, natura eta kultura, emakumea eta gizona. Gizartea dikotomien edo binarismoen baitan antolatzen da, eta horri buruz hausnartzea eta sortzea helburu duen eRRe. Aldarri bat bertsoz ikuskizunak beteko du Muxikako Ariatzako eliza, zapatuan, 19:00etatik aurrera. Sarrerak Zubieta Errotako liburutegian eros daitezke, 5 eurotan.
“Zer da burua gorputzik barik? Bizitza heriotzarik barik? Eta emakumea gizonik ez bada? Guztiak bi, bata bestearen definizio. Baina inoiz ez berdinetik berdinera”, diote ikuskizuneko partaideek. Euren ustez, mundua bereizteko eta jendea sailkatzeko erabiltzen diren etiketa horiek eskaintzen duten marko egokia da gorputza, baita bertsoa ere, eta fenomeno horiei buruz hausnartu eta sortuko dute Haizea Arana, Leire Vargas, Aner Euzkitze eta Oihana Arana bertsolariek Muxikan, Edurne Azkarate zuzendari dutela. Izan ere, aipatutako dualismoetan hausturak proposatzen ditu eRRek, bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotuz.
Lanku Kultur Zerbitzuak bultzatu du ikuskizuna, bertsoa oinarri hartuta edozein kultur ekitaldi sortzeko eta antolatzeko giza baliabideak zein materialak kudeatzen dituen enpresa delako. Bertsolaritza sustatzeaz gain, apurka beste kultur diziplinetan zabaltzen joatea du helburu Lankuk: bertsolaritza uztabe izanik ere, emanaldien eskaintza askotarikoa du.
Bertsozale Elkarteak dio azpimarragarria dela sektorearen erregularizazioan Lankuk egiten duen ekarpena, “segurtasuna eta bermea eskaintzen dielako bertsolariei, artistei, zein antolatzaileei”.
Fitxa teknikoa
- Pospoloak: Haizea Arana, Oihana Arana, Aner Peritz, Leire Vargas
- Zuzendaritza: Edurne Azkarate Sobrino
- Aholkularitza: Miren Amuriza Plaza
- Argiztapena eta soinua: Jaime Mayo Bello, Jon Garagarza Lasarte
- Musika: Libe Goenaga Arrieta, Joane Aldalur Irazusta
- Bideoa: Oihan Loiti Iraola
- Kartela eta dosierra: Malen Amenabar Larrañaga
- Audioak: Martin Loizate Sarrionandia, Ane Labaka Mayoz, Maite Berriozabal Berrizbeitia, Amaia Agirre Arrastoa
- Ekoizpena: Lanku Kultur Zerbitzuak