Gernika-Lumoko Udalak lau generadore bidaliko ditu Ukrainara, itzalaldi energetikoa arintzeko
Serhii Pohoreltsev Ukrainako enbaxadoreak elektrizitatea transmititzeko sistemak eskatzeko gutuna bidali zion Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateari. Hala, gutun horren bidez egindako laguntza eskaerari erantzuteko asmoz, lau elektrizitate generadore bidaliko ditu udalak Ukrainara.

Gernika-Lumo eta Ukrainako Irpin hiria iazko irailean senidetu ziren, eta, ordutik, udalen arteko harremanak etengabekoak izan dira. Hala, abenduaren amaieran, Serhii Pohoreltsev Ukrainako enbaxadoreak elektrizitatea transmititzeko sistemak eskatzeko gutuna bidali zion Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateari. Hala, gutun horren bidez egindako laguntza eskaerari erantzuteko asmoz, lau elektrizitate generadore bidaliko ditu udalak Ukrainara.
Errusia eta Ukrainaren arteko gerra hasi zenetik, Ukrainako azpiegitura energetikoek “kalte larriak” jasan dituztela dio Ukrainako enbaxadoreak, baita Ukrainako elektrizitatea transmititzeko sistemaren estatu operadorearen azpiestazio energetikoen %40 suntsituta daudela ere; “ez dira eraginkorrak”, enbaxadorearen berbetan.
Gainera, enbaxadoreaz gain, laguntza emateko premiazko deia Irpin hiriko alkate Olexandr Markushynek ere egin du. Izan ere, eskutitzean, Bizkaiko udalerriari eskatu dio kontuan har dezala bere herriari laguntza humanitarioa emateko aukera, “diesel eta gasolina elektrizitate generadoreen bidez”.
Ondorioz, udalak enpresa bati eskatu dizkio 7.000 watt-eko lau elektrizitate generadore, eta Ukrainara “lehenbailehen” bidaltzeko izapideak hasi dituela adierazi du.
Ekimenarekin bat.
Ekimenak, hala ere, eredu izan gura du. Izan ere, herritarrei erabiltzen ez dituzten generadoreak bidaltzeko deia egin die. “Ukrainarrak behartuta daude urte sasoi honetan muturreko hotz tenperaturei aurre egiten, eraso errusiarren ondoren elektrizitaterik gabe geratu baitira, eta 20 gradu zero azpitik izaten dituzte. Generadoreek, beraz, krisiak eragindako familien bizi baldintza zailak neurri batean arintzen laguntzen dute”, azaldu du udalak.