Gernika eta Lumoko mugetatik ibilaldia
1882. urteko urtarrilaren 8an batu ziren gaur egun Gernika-Lumoko udalerria osatzen duten bi herriak, eta, urteurren hori gogoratzeko asmoz, urteroko ibilbidea egin zuten domekan, Gernikazarrak antolatuta.

Herrietako, hirietako edota lurraldeetako mugak aldakorrak izan dira mendeetan zehar, eta horietan aldaketak egiteak liskarrak sortu ohi ditu. Gernika eta Lumoren bat egiteak ere badauka bere kontua. 1882. urteko urtarrilaren 8an batu ziren gaur egun Gernika-Lumoko udalerria osatzen duten bi herriak, eta, urteurren hori gogoratzeko asmoz, urteroko ibilbidea egin zuten domekan, Gernikazarrak antolatuta.
Udaletxeko ordulariak 09:00etako kanpaia jo eta gero atera ziren bildutakoak Foruen plazatik, eta hiru orduz, mugaren alde batean eta bestean ibili ziren, Gernikazarra Historia Taldekoek batasunarren nondik norakoak azaltzen zituzten bitartean.
ARGAZKI GALERA (Argazkiak: Toribio)
Erdi Aroa, Lumok zituen auzoetako bat zen Gernika, baina 1366. urtean, On Tello kondeak Gernika hiri bihurtu zuen, dekretuz. Lumorengandik bereiztu, eta Gernikari lursail handiak, eskubideak eta pribilegioak eman zizkion. Gernikazarrakoek diotenez, hori izan zen bi herrien arteko liskarren abiapuntua; izan ere, Lumok ez zuen onartu On Tello kondearen erabakia. Hala, Lumorenak ziren lurrak eta eskubideak berreskuratzeko gogoak liskarrak sortu zituen bi herrien eta horietako bizilagunen artean.
XIX. mendean, baina, industriak indarra hartu zuen, eta gatazkan ibiltzeak ez zion onik egiten bi herrietako ekonomia bati ere ez. Gernikak industria garatzeko legedi egokia zuen, eta Lumok lurrak zeuzkan. Hori dela eta, Gernikan bizi ziren jauntxoek dekretu berri baten bidez bien arteko batasuna lortu zuten. Ordutik, ez da dekretua berritzeko ahaleginik egin.
ARGAZKI GALERIA (Argazkiak: Toribio)
Mugetan barrena.
Historia horri buruzkoak geldialdiz geldialdi ezagutu zituzten ibilaldira bertaratutakoek, eta iraganean Gernika eta Lumoren arteko mugak zehazten zituzten mojoiak ikusi zituzten. Besteren artean, Errigoitia, Lumo eta Muxika herrien arteko muga zehazten zuen mugarrian gelditu ziren. Horrez gain, antzina Gernikako eta Lumoko kale nagusiak zirenak zeharkatu zituzten, bakoitzaren historioa zein den ezagutuz. Lumoko udaletxea zenaren leku enblematikoa ere ikusi zuten.