Muruetako Udalak hondakin organikoak batzeko zazpi edukiontzi marroi jarriko ditu
Udalerriko hainbat auzotan kokatuko dituzte edukiontziak; horiek jartzeko lanetan ari dira.
Muruetako Udalak hondakinen gaikako bilketa osatuko du hondakin organikoa batzeko edukiontzi marroiak jarrita. Hala, jakitera eman dutenez, zazpi edukiontzi marroi jarriko dituzte herriko auzoetan banatuta. Honako lekuetan kokatuko dituzte edukiontzi marroiak: Aldain Maistriene, Kamiñokon, Eleizondon, Murueta Aurtenetxen Freskuene, Landa Erdin Tomasene, Benta Solon Lorategi eta Olaburu Barrin Ibaigune.
Udal arduradunek azaldu legez, helburua da “ingurunea hobeto errespetatzea” eta “bertoko ingurumenaren kalitatean zuzenean laguntzea”, zeharka, gainera, “ingurumen globalaren kalitatean” ere. “Hondakinen kudeaketan egindako aurrerapen hau, pauso garrantzitsua da herriko garapen jasangarrirako estrategian, eta ingurumenaren aldetik arduratsua den estrategian. Estrategia horretan lan egiten du udalak”, azaldu dute.
Edukiontzi berriak zabaltzeko herritarrek giltza beharko dute. Era berean, edukiontziak behar bezala erabiltzeko herritar guztiei zuzendutako informazio eta sentsibilizazio kanpaina egingo dutela zehaztu dute, “euren lankidetza eta konpromisoa funtsezkok direlako ahalik eta birziklatze bolumen handiena lortzeko eta Murueta herri jasangarri bihurtzeko”.
Gogorarazi dute, udalak zaborrak gaika biltzeko zerbitzua ere eskaintzen duela(altzariak, etxetresna elektrikoak…). Hondakin organikoa biltzeko edukiontziak jartzeko inbertsioa 8.988 eurokoa da; horri aurre egiteko, udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren 7.843 euroko dirulaguntza jaso du.