Jabeen erkidegoak eratzeari buruzko hitzaldia eskainiko du Bermeoko Udalak
Hitzaldi informatiboa eskainiko dute eguenean (urtarrilak 12), 18:00etan, Gizarte eta Kultura etxean.
Bermeotarren artean “segurtasuna sustatzen eta bultzatzen” eta “gertuko administrazioa sortzen” jarraitzeko helburuz, Bermeoko Udalak jabeen erkidegoak eratzeari buruzko hitzaldia antolatu du eguenerako (urtarrilak 12); 18:00etan jarri dute hitzordua Gizarte eta Kultura etxean.
Jabeen komunitateak eratzeko komenigarritasuna izeneko hitzaldi informatiboa, batez ere, Alde Zaharreko bizilagunei zuzenduta dagoela azaldu dute, hala ere, edozein herritar bertaratu daiteke. Aipatu hitzaldian jabeen erkidego bat eratzeko eman beharreko pausoak azalduko dizkiete bertaratutakoei. Gainera, jabeen erkidego gisa erroldatuta egotearen abantaila nagusien berri ere amango dute.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak azaldu du, udalaren helburu nagusietako bat dela gertuko administrazio bat sortzea, “Bermeoko bizilagunei irtenbideak eskaintzeko”. Halaber, Alde Zaharra bizitzeko leku “eroso eta atsegina” izan dadin lan egiten dutela gaineratu du: “Espazio bizia eta erakargarria izatea gura dugu. Gainera, jabeen erkidegoak sortzeak segurtasuna sustatzen duela uste dugu”.