Bihar hasiko dira Bermeo eta Mundaka lotuko dituen pasealekuaren azken tarteko lanak egiten
Lanengatik, Mundakatik Bermeorako sarrera saihesbidetik egin beharko da. Santamañe eta Txibitxiaga kaleek norabide bakarra izango dute, Mundakaranzko norabidean.
Iazko urrian aurkeztu zituzten Bermeo eta Mundaka lotuko dituen pasealeku berdearen azken tarteko lanak, eta lan horiek hastear daude. Hain zuzen ere, bihar bertan hasiko dira lanean. Hala, lanengatik adaketak egongo dira zirkulazioan. Modu horretan, Mundakatik Bermeorako sarrera saihesbidetik egin beharko da, izan ere, Santamañe eta Txibitxiaga kaleek norabide bakarra edukiko dute, Mundakarantza.
500 metroko ibilbidea izango da egingo dutena. Proiektua, Mundakatik datorren errepidearen alboan eta EuskoTrenen trenbidearen artean altxatuko da, eta espaloiarekin paraleloan joango da. Erakundeen arteko lankidetzari esker sortutako proiektua dela gogorarazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Hala, Bermeoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak 2,3 milioi euro inguru bideratuko dituzte lan horietara.
Proiektu berriak “bermeotarren bizi kalitatea hobetzea, Biosferaren Erreserban mugikortasun jasangarria sustatzea eta espazio hori osatzen duten gune guztietara oinezkoentzako edo bizikletentzako irisgarritasuna ahalbidetzea” ekarriko duela azaldu du Abaroak: “Beste urrats bat emango dugu Bermeon eraldaketa sakona bultzatzeko, bermeotarren bizi kalitatea bermatzeko, Bermeoko sarbideak hobetzeko eta bizimodu osasungarria sustatzeko”.
Alkateak badaki mota honetako lanak “ez direla erosoak” eta “eragozpenak” sortzen dituztela, baina uste du “mereziko dutela”