2.358,54 euro batu dituzte Marijesiek, Etorkizuna Musikatan proiektuari laguntzeko
Etorkizuna Musikatan proiektuak musika praktika kolektiboa erabiltzen du pobreziaren, gizarte bazterkeriaren eta kalteberatasunaren aurka borrokatzeko tresna modura. Gainera, kulturaren boterea eta musika ikaskuntza kolektiboa aldarrikatzen ditu. Bederatziurrenaren balorazio "guztiz positiboa" egin dute marijesiek.
Norai elkartearen Etorkizuna Musikatan proiektuak hartuko du 2022an Gernika-Lumoko Marijesiek batutako dirua: 2.358,54 euro. Norai elkartearen izenean Maria Molinuevok hartu zuen dirua Merkurio parean, abenduaren 28an egindako ekitaldian.
Etorkizuna Musikatan proiektuak musika praktika kolektiboa erabiltzen du pobreziaren, gizarte bazterkeriaren eta kalteberatasunaren aurka borrokatzeko tresna modura. Gainera, kulturaren boterea eta musika ikaskuntza kolektiboa aldarrikatzen ditu, “gizarteratzeko eta gizartea eraldatzeko”.
Ibaiondo barrutian bizi diren hainbat kulturatako haur eta nerabeei zuzenduta dago, bereziki Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetakoei. “Gizarte bazterkeria jasateko arriskuaren aurrean, gizarte hezkuntzako integrazio eta dinamizazio lana egiten da haiekin, proiektu musikala prestatuz, eraldaketa soziala erraztuz, kultura aniztasuna aberastasun gisa biziz eta aberastasun hori parte hartzaileei, haien familiei eta Bizkaiko gizarteari ikusaraziz”, azaldu dute proiektuaren arduradunek.
Proiektuan doan eta modu inklusiboan parte hartu nahi duten guztiek parte hartzen dute, hautaketa iragazkirik egin barik eta aldez aurretik musika ezagutzarik izan barik, instrumentuetara erabat doan sartuz.
Gaueko errondak.
Bederatziurrena egiten dute Marijesiek, Gabonak aurretik, eta gaueko errondetan kalera ateratzeaz gain, egunez ere kantuan ibiltzen dira abenduaren 24an. Azken egun horretan, goiz eta eguerdi partean, udalerriko kaleetatik ibiltzen dira koplak abesten. Abesteaz gain, zakuagaz dirua biltzen dute. Dohaitza egin duten herritar guztiak eskertu gura izan dituzte Gernika-Lumoko Marijesiek: “Eskerrak eman behar dizkiegu gernikar guztiei, proiektu honen alde emandako diruagatik”.
Horrez gain, bederatziurrenaren balorazio “guztiz positiboa” egin dute marijesiek. Izan ere, emandako datuen arabera asko eta asko izan dira errondetan parte hartu duten bizilagunak.