"'Mustang' geure ibilbideko albumik anitzena dela esango nuke"
‘Mustang’ albuma kaleratu du The Riff Truckersek. 'Crowdfunding' bidez lortu dituzte grabaziorako diru sarrerak, eta diskoa Iparragirre Rock Elkartean, etxean, aurkeztu dute. Oraintsu, Eatarrock jaialdian ere egon dira jotzen.
The Riff Truckers Iparragirre Rock Elkarteko talde beteranoetako bat da. 2005etik dabiltza errepidean; tartean, maketa bat eta lau album plazaratu dituzte. Azkena oraintsu kaleratu dute: Mustang. Beren ibilbidean bigarrenez, crowdfunding-a egin dute diskoaren grabaketa eta ekoizpena aurrera eroateko, hau da, taldearen jarraitzaileek dirua aurreratu dute, eta, ordainetan, zenbait abantaila esklusibo jaso dituzte. Lan berriari buruzkoak azaldu ditu taldeko abeslari Gorka Roman Osman gernika-lumorrak.
Crowdfunding bidezko finantziaziora jo duzue bigarrenez, albuma ekoizteko; zelako esperientzia izan da?
Oso positiboa. Musikan lehen erabiltzen zen sistema egungo crowdfunding-aren parekoa da, ez da kontu berria: jendeak dirua aurreratzen zuen, ostean produktu esklusibo bat edukitzeko. Gure diru sarrera, azken batean, kontzertuetako merchandising-a da, eta pandemiak iturri hori itxi egin zigun; beraz, diskoa ekoizterakoan, ez genuen zalantzarik egin. 7.000 euro inguruko aurrekontua ipini genuen mugarritzat, eta ondo bete dugu; 150 pertsona inguruk lagundu digute, eta oso eskertuta gaude.
Zer da Mustang?
Mustang indarra eta errebeldia transmititzen duen zerbait da: izan liteke zaldi bat edo auto bat. Kontzeptu horregaz identifikatuta sentitzen ginen pandemia sasoian, eta ez genuen inongo zalantzarik egin izenagaz.
EP formatura jo duzue berriz. Egungo musika kontsumo bizkorrera moldatu guran?
Ez zen helburu nagusia, baina egia da arin kontsumitzen dela. Gutxiengoa diren melomanoak kenduta, jada ia inork ez ditu 10-12 kantako LPak jarraian entzuten edota kaleratzen; abesti batek hogeigarren segundoan ez bagaitu konbentzitzen, aldatu egiten dugu. Beraz, entzuteko erraza, atsegina eta interesgarria den zerbait sortzen ahalegindu gara, musika kontsumoaren ohiturak zelakoak diren ikusita.
Musikalki, On Route albumeko musika “zuri” hura “belzten” joan dela dirudi: folk eta country musikatik rockaren adar desberdinetara jo duzue.
Horrek zerikusi handia du kontsumitzen dugunagaz. Guk denetariko musiketatik edaten dugu. Aipatu dituzun estiloez gain, blues, rhythm and blues, hip-hop, reggae edota stoner musika maite dugu. Pandemian, esaterako, etxeko binilo denak entzun ditut, horrek beregain dakarren aberastasunagaz. Hain zuzen, Mustang, musikalki, gure ibilbideko albumik anitzena dela esango nuke. Sei ertz jorratzen dituzten sei kanta plazaratu ditugu. Born in the Sand abestia, esate baterako, horren erakusle da: stoner hutsa da.
“Gutxiengoa diren melomanoak kenduta, jada ia inork ez ditu 10-12 kantako LPak jarraian entzuten edota kaleratzen”
Beharbada, grabaketan parte hartu duten gitarra-jotzaile desberdinek hausportu egin dute aniztasun hori, ezta?
Bai. Bakoitzak bere xarma eman dio jo duen kantari; are gehiago, gitarra-jotzaile bakoitzak jo duen kantagaz bat egin du hoberen, ez beste bategaz. Zentzu horretan, haize freskoa ekarri digute, denak ala denak egundoko musikariak eta lagunak baitira.
Nortzuk parte hartu dute?
The Van taldeko Alex Garciak, Mississippi Queen and the Wet Dogseko Aitor Zorriketa Malamute-k, Tootheko Edorta Apraiz elkartekideak eta Memoria de Pezeko Aitor Lacalle Laka-k. Guztiek ekarpen desberdinak eta benetan baliotsuak egin dizkiote album berriari.
Baina zuzenekoetarako gitarra-jotzaile barik geratu zinetan bat-batean, eta, zeruak eta lurrak mugitu ostean, hautagairik onena Iparragirreko zuon entsegu lokalaren gainekoan topatu zenuten, ezta?
Hori da. Nork esango zigun guri, hainbeste bilatu ondoren, hautagaia hain hurre izango genuenik! Iparragirren bertan aurkitu genuen egungo gitarra-jotzailea: Iñigo Granado Nikotto. Hasiera-hasieratik argi geneukan pertsona ezinhobea zela postu horretarako: batetik, gitarra-jotzaile bikaina da teknikoki; bestetik, taldearen, elkartearen eta, oro har, geure lagun taldearen pentsamoldeagaz bete-betean bat egiten du. Ederto integratu da taldean; lehen egunean, lokalean abesti bi jo zituenean, segituan jakin genuen falta zitzaigun pieza hura zela. Jada gutariko bat da, diskoan parte hartu ez arren.
Involution-en “What´s going wrong/keeps going wrong” diozue, eta Criminal-en hitzetan pesimismoa edota amorrua sumatzen dira. Pandemia eta aldi horretan sentitutakoak islatu ditugu hitzetan: amorrua, frustrazioa eta ezinegona. Kay-n, adibidez, motibazio falta ere ukitzen dugu.
“Pandemia aldian sentitutakoak islatu ditugu abestien hitzetan”
Baina abestiotako hitzen amaieran ate bat zabalik uzten duzue, argitasuna barrura sar dadin. Badirudi dena ez dela ezkortasuna, eta “I wanna feel alive” edota “Feel awake” diozue.
Hori da. Involution-en, adibidez, badago zelanbaiteko autokontzientzia bat, nork bere buruari, arazoa edozein izanda ere, aurre egin ahalko diola diotsona.
Ride or die-en, aldiz, skatearen estetikara hurreratu zarete. Orain arte, gai horrek ez zuen zuzenean bat egiten taldearen nortasunagaz.
Beharbada, ez. Baina guri betidanik asko gustatzen zaigu. Skatepark batean ere jo genuen duela urte asko; gainera, tematika horren inguruko taldeen jarraitzaileak gara, besteak beste, Fu Manchurena. Skateak askatasuna esan gura du guretzat.
Martxel Arkarazogaz grabatu duzue, Andoaingo Garate estudioan. Zelako esperientzia izan da?
Oso aberasgarria. Leku itzela da grabaziorako eta ekoizpenerako: ez dago estaldurarik, isolatuta dago, eta lotarako tokia du; sorkuntzarako bikaina da. Lehenengo, asteburu bat egin genuen han; egun horietan Kay eta Criminal han sortu eta grabatu genituen. Handik hilabetera, beste asteburu bi egin genituen bertan, eta gainontzeko lau kantak grabatu genituen. Era berean, taldekideok jende berriagaz grabatzeko gogotsu geunden. Orain arte Txortx eta Iñigo Etxebarrieta edota Jose Alberto Batiz moduko jende abilagaz ibili gara estudioan; bazen garaia lanerako pertsona, modu eta toki berriak ezagutzeko, etxetik urrunago.
“Martxel Arkarazo gako izan da diskoaren grabazioan nahiz ekoizpenean”
Iritsi al zarete bilatzen zenuten soinu horretara?
Bai. Arkarazo gako izan da horretarako. Lagun mina dugu, Sexty Sexersen teknikari izandakoa da. Berak azaldu zigun aspalditik zuela gu grabatzeko gogoa, eta sistema ere hasieratik argi izan zuen: antzinako legez, bobinekin, analogikoan. Ekoizpenean ere inplikazio handia erakutsi du Arkarazok, abesti bitan baxuagaz ere ekarpenak egin baititu albumean.
Etxeko aretoa aukeratu duzue diskoa aurkezteko: Iparragirre Rock Elkartea. Zelako harrera eduki zuen kontzetuak?
Oso ona. Crowdfunding-ean lagundu zigutenei zerbait berezia itzuli gura izan genien, eta formatu berezia sortu genuen: hasieran, taldearen hastapenetako irudiak proiektatu genituen; jarraian, disko berria osorik aurkeztu genuen, gitarra-jotzaile denekin; amaitzeko, kanta zaharrak ere jo genituen.
Zein asmo duzue aurrerantzean?
Valladoliden eta, estreinakoz, Madrilen jo dugu oraintsu, baita EakoEskolondon. Orain atseden apur bat hartuko dugu, eta kontzertuak prestatzen jarraitu. Honezkero zenbait data lotuta ditugu; horrenbestez, ahalik eta arinen joko dugu errepidera, gure habitat naturalera.