Artea presente Gabonetan
Iritsi dira pandemia osteko lehen Gabon jaiak. Herritarrek horietaz gozatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Ekimen tradizionalez gain, hainbat proposamen berri ere aukeran egongo dira nonahi.
Heldu dira, beste urte batez, Gabon jaiak. Pandemia garaia atzean utzi ostean, normalatasun osoz ospatuko diren lehen Gabonak dira, eta Busturialdeko zein Lea-Artibaiko eta Mutrikuko eragile desberdinek mimo handiz prestatu dituzte hainbat eta hainbat ekitaldi. Kultura eta artea oso presente egongo dira Gabon jai berezi hauetan. Bihar etorriko dira Olentzero eta Mari Domingi, eta ondorengo egun eta asteetan ere ohiturazko ekitaldiak zein proposamen berriak egongo dira aukeran.
Gautegiz Arteagan bihar Marijesiek amaiera emango diote bederatzi arratsaldetako errondari. Gernika-Lumon ez bezala, Marijesiak arratsaldez daramatzate abesten azkenengo 100 urte baino gehiagotan. Tradizio zahar horrek belaunaldi berrien inplikazioari esker jarraitzen duela azaldu du udalak, eta 24a «merezitako gabonsaria jasotzen duten eguna dela» adierazi du Gautegiz Arteagako alkate Juan Felix Naberanek.
Gautegiz Arteaga ez da Gabonak herritarren abesti artean hasiko dituen herri bakarra. Hain zuzen ere, Ispasterren arratsalde osoan ibiliko dira herritarrak Gabonetako abesti tradizionalak abesten. Azkenengo urteetan ohitura bilakatu den ekimena da Gabon kanten ibilbidea, eta 15:30ean jarri dute hitzordua Txumeteien. Antolatzaileen asmoa da hiru ordu eta erdi pasatxoan herriko puntu desberdinetatik Gabon kantak abestea. Herritarren ahotsa nahikoa ez, eta Ispasterko trikitixa eta pandero eskolakoek ere parte hartuko dute kalejiran.
19:00etan espero da kantualdi luzea bere amaierara heltzea. Izan ere, ordu horretan dira heltzekoak Olentzero eta Maridomingi Ispasterko plazara. Kanten ibilbidean zein Olentzero eta Mari Domingiren harreran lortzen duten dirua, azken urteetan legez, EITB Maratoi solidariora bideratuko dute –aurton, esklerosi anizkoitzaren ikerketarako dirua batzeko da–.
Murueta Films 2022.
Abenduaren 30a, dirudienez, arte diziplina desberdinez gozatzeko eguna izango da. Bermeon, Muruetan zein Ondarroan ekimen oso desberdinak izango dituzte, baina hiruretan gozatuko dute kulturaz.
Zinema familiarra euskaraz sustatzeko Zinegabonak kanpainaren ekitaldi berriagaz dator Zineuskadi elkartea, eta aurten, programa horren barruan, Joseba Beristain konpositore zinematografikoak zinemako musikari buruzko tailerra eskainiko du 10 urtetik gorako gaztetxoentzat, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan, 18:00etan.
Sortu daigun musika soinuak erabiliz tailerrean, umeek soinua zer den, bere propietateak zeintzuk diren eta musika sortzeko zelan erabili daitekeen ikasiko dute, «modu dibertigarri eta didaktikoan». Nahitaezkoa izango da heldu batek laguntzea, eta leku mugatuak daudenez, ondoko loturan izena eman behar da: https://labur.eus/ZineGabonak.
Muruetarrak 18:00etan batuko dira, udaletxeko bilkura aretoan. Bertan, azkenengo urteen modura, Mikel Zaldegi herritarrak Murueta Films lana aurkeztuko du. Muruetako alkate Julen Karrionek azaldu du grabatzea gustuko duen herritarrak urtean herrian antolatzen diren ekintza desberdinak filmatzen dituela, eta urte amaieran grabatutako lan guztien emanaldia eskaintzen du: «Oso polita» izaten da herritarrek Muruetan urte guztian bizitaakoa ikusi ahal izatea». Alkateak zehaztu duenez, azkenengo bi urteetan gertatutakoa filmatu duen arren, pandemiaren ondorioz ezin izan dute urte horietakoaz gozatu eta, beraz, aurtongoa «berezia» izango da. Zaldegiri eskerrak eman dizkio Karrionek, «borondatez» egiten duen lana «izugarria» eta ikusteko «oso polita» delako.
Ondarroan, Maren Basterretxea Iribar berriatuarraren eskutik, Igaro ikuskizunaz gozatzeko aukera paregabea edukiko dute, 19:00tatik aurrera. Antzezlana berriatuarrak gradu amaierako lanerako aurkeztu zuen proiektua da. Iraganeko ametsen nostalgia gai hartuta, objektuekin eta txotxongiloekin egituratzen den lana prestatu zuen. Objektuak iraganeko zatiak kontatzeko «katalizadore» bezala erabiltzen dituela azaldu du artistak. Txotxongiloek pertsonaiaren iragana islatzen dute eta jorratu nahi izan duena da «zein zaila den gaur egun egunerokotasunaz gozatzea».
Berriatuarrak dio «uneoro» ari garela etorkizunean pentsatzen, eta lan hau, besteak beste, «gure arbasoei eskertzak emateko» erabili duela. Helduentzako ekitaldia bada ere, Basterretxeak esan du lanak irauten dituen 30 minutuetan ume bati ez diola galtzeko denbora ematen. Lanak ez dauka umeentzako ez den gairik, eta «oso bisuala» denez, arreta mantetzea erraza da. Hala ere, gaia sakona dela dio eta, nagusiki, helduei zuzendutakoa.
Berriatuko artistak bi urte eman ditu denetara proiektua lantzen, eta hasiera batean buruan gai desberdinak zituen arren, «nahikoa argi» zeukan landu nahi zuen gai nagusiak iraganagaz lotura zuzena eduki behar zuela.
Eragile zein udalek Gabon jaietan ospatzen diren ekintza ohikoetatik ihes egin badute ere, ez dira faltako urtero ospatzen direnak. Horren adibide argienak biharko Olentzero eta Mari Domingiren harrerak zein urtarrilaren 5eko Errege Magoenak.
Era berean, urteko azkenengo eguneko San Silbestre lasterketek ere ez dute hutsik egingo; Mundakan, Lekeition zein Markina-Xemeinen urtea agurtzeko plana izaten da. Mundakan ez da izango abenduaren 31n egongo den kirol eskaintza bakarra .