Akabo ametsa, ikaspenek bere horretan diraute
Gernika SDk 0-3eko markagailuagaz galdu du, Urbietan, Celtaren kontrako Errege Kopako kanporaketa. Porrotagaz, txapelketatik kanpo geratu dira gernika-lumotarrak.
Gernika SDk Errege Kopako bigarren kanporaketam jokatu zuen atzo, 19:00etan, Urbietan; Celta Lehen Mailako talde galiziarra eduki zuten aurrez aurre. Partidu osoan hortzak estutu eta aurpegia erakutsi ondoren, 0-3ko markagailuagaz galdu zuten etxekoek, eta, horrenbestez, Errege Kopatik kanporatuta geratu ziren. Urbietako harmailak eta zelai ingurua ikuslez gainezka agertu ziren, etxekoei berotasuna erakutsiz, baina elkartasun uriola hori ez zen nahikoa izan Celtaren nagusitasunaren aurrean. Hori bai, gernika-lumotarrek zenbait aukera eduki zituzten 90 minutuetan zehar, eta itxura txukuna erakutsi zuten goi-mailako talde baten kontra.
Gernika SDko kapitainak, Koldo Berasaluzek, partiduaren eta Errege Koparen irakurpen “oso positiboa” egin du: “Inflexio puntua Leganesen kontrako kanporaketa gainditzea izan zen; taldearen aldartea eta jokoa aldatu egin ziren, eta horrek isla eduki zuen, esaterako, ligako egoeran. Ordutik aurrera etorritako dena oparia izan da guretzat eta guztiz eskertuta gaude”. Bigarren kanporaketakoa hasieratik “ia ezinezko misioa” izan zen, eta gernika-lumotarrak Celtako jokalarien nagusitasun fisikoa azpimarratu du: “Teknikoki eta abiadurari dagokionez, egundoko ahalmena erakutsi zuen Celtak; fisikoki, geuk baino hiruzpalau martxa gehiago sartzeko gai direla frogatu zuten, eta nagusitasun horrek aldeak egin zituen hasiera-hasieratik”.
Koldo Berasaluze: “Teknikoki eta abiadurari dagokionez, egundoko ahalmena erakutsi zuen Celtak”
Lehen zatian lehendabiziko gola jaso zuen etxeko taldeak, baina ez ziren inondik inora kilkildu; hain zuzen ere, Lehen Mailako taldearen kontra ausardia eta kalitatea erakutsi zituzten. “Momentu batean ere ez genuen etsi, batez ere, zaleei ohore egitearren. Zenbait jokalditan, Celtari ezustekoa emateko eta gola sareratzeko puntuan egon ginen, baina ez zen posible izan. Lehen zatiaren amaieran, nekea oso agerikoa zen jada; horrek argi eta garbi uzten du aurkarien maila fisikoa zein handia den”. Bigarren zatian, galiziarren erakustaldia hasi zen, eta beste gol bi egin zituzten. Hautagai nagusiek beren epaia egin zuten, eta arazo barik sailkatu ziren txapelketaren hurrengo fasera.
Bideari eskerrak. Porrota gorabehera, Gernika-Lumokoa Errege Kopako esperientziaz “harro, pozarren eta eskertuta” agertu da. Gernika SDk ikusleekin hartu-emana berreskuratu duen sentsazioa du kapitainak: “Azken urteotan, etxeko zaleekiko zelanbaiteko aldentzea igarri izan dugu, eta lehiaketa honek ikusleen konfiantza eta berotasuna berreskuratzeko balio izan digula pentsatzen dugu, eta Urbietako harmailak horren erakusle dira”. Oro har, Errege Koparen irakurketa “paregabea” egin du Berasaluzek eta “esker oneko berbak” baino ez ditu: “Talde legez asko batu gaitu bide honek; edozein talderen aurrean ezustekoa emateko gai garela frogatu dugu, eta indarberrituta atera gara ligari begira. Gaitza izango da hurrengo urtean errepikatu ahal izatea”.
Koldo Berasaluze: “Ligako sailkapenean, taularen erdian gaude, baina burua goiko aldean daukagu”
Hain zuzen ere, ligako zulotik sailkapeneko erdialdeko postuetara igo ondoren, lehiaketa horretan urratsak egiten jarraitzea bilatuko dute Aitor Larrazabalen eta Gorka Iraizozen jokalariek. Hurrengo denboraldiko Errege Kopa jokatzeko, lehenengo bost postuetan sailkatu beharko lirateke; “ez da batere ogibide erraza”, azaldu du Berasaluzek. Gaur-gaurkoz, bai goiko postuetako taldeak, bai jaitsiera aldekoak lau puntutara dituzte: “Taularen erdian gaude, baina burua goiko aldean daukagu”. Aurrerantzean, astebeteko etenaldia hartuko dute Gernika SDkoek, eta jarraian ligako lehen itzuliko azken hiru jardunaldietako partiduak jokatuko dituzte. Horietako lehenengoa urtarrilaren 7an izango da; San Juan taldearen kontra neurtuko dira. Jomuga argi askoa da: ligan pausoz pauso aurrera egiten jarraitzea, egungo dinamika onei eutsiz. Akabo Errege Kopako ametsa. Ikasitakoek, baina, bere horretan diraute.