Salva eta Bingen Erleaga bigarren sailkatu dira Bizkaiko 1.mailako Trontza Txapelketan
Santo Tomas egunez, atzo (abenduak 21) Bilbon lehiatu zuten Bizkaiko 1.mailako Trontza Txapelketa. Hiru bikoteren arteko lehiaz gozatzeko aukera izan zuten ikusleek, eta Mikel Agirre ondarrutarra eta Andoni Zubiaurre mutrikuarra nagusitu ziren, txapela jantziaz. Beste bi bikoteak Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldekoak izan ziren, eta lehia estua eduki zuten.
11:30ean ekin zioten lehiari hiru bikoteek, eta nagusitasunez osatu zuten froga Agirre eta Zubiaurrek, zehazki, 8 minutu eta 44 segundo behar izan zituzten 54 zm-ko hamalau ebaki (etzanda) eta 45 zm-ko sei ebaki (zutik) egiteko.
Bigarren eta hirugarren postua, berriz, oso lehiatua izan zen. Bikote garaileak baino hiru minutu gehiago behar izan zituzten Salva eta Bingen Erleagak bigarren postua eskuratzeko, hain zuzen ere, 11 minutu eta 37 segundo. Hiru segundo eskasek banatu zuten bigarren eta hirugarren postua, azkenik, Aritz Martin eta Xabat Erleagak eskuratu zutena.