Mundaka Arraun Taldeak Duatloia berreskuratu du
Zapatuan lehiatuko den kirol frogak ergometroa eta lasterketa konbinatuko ditu, eta adin tarte guztiek parte hartzeko aukera eskainiko dute.
Mundakako Arraun Taldeak 3. Mundakako Duatloia antolatu du, eta zapatuan [abenduak 24] egingo dute, 09:00etan, plazan. Kirol frogak ergometroa eta lasterketa konbinatuko ditu, eta bost kategoria egongo dira.
2014an eta 2015ean ospatu ziren lehenengo bi duatloiak, eta ia hamarkada bat geroago ekimena berreskuratzea erabaki dute antolatzaileek: “Arraun taldeko kategoria txikien entrenatzaileen ekimenez etorri da proposamena, eta ideia ederra iruditu zaigu, aurretik zuen bultzada berreskuratzeko asmoz”.
Herriko plazan jarriko dira ergometroak, eta lasterketa plazatik abiatu portura joan eta buelta izango da. Kategoria bakoitzak lehiatuko dituen ibilbideak honakoak dira:
- Alebinak (8-11 urte): 250 metro ergometroan eta buelta bat korrika (400 m).
- Txikiak (12-13 urte) 500 metro ergometroan eta bi buelta korrika (800 m).
- Kadeteak (14-15 urte) 1000 metro ergometroan eta bi buelta korrika (800 m).
- Gazteak (16-17 urte) 1500 metro ergometroan eta bi korrika (1.200 m).
- Nagusiak (18tik gora) 1500 metro eta bi buelta korrika (1.200 m).
Izena ematea goizean bertan egingo da 8:30etik aurrera, inguruko arraun taldeetako gazte zein nagusi gonbidatu dute parte hartzera. “Elantxobe Arraun Elkarteko kideak etorriko direla baieztatu digute”. Euria eginez gero, Mundakako eskola azpiko arkupean egingo da froga.