Historia kalera, berreraiketa garaiko argazkien bitartez
Artekale kalean urtarrilaren 9ra arte ikusgai dagoen Berreraiketa Garaia II erakusketan gerra osteko Gernika-Lumo ikus daiteke. 40 eta 60 hamarkadetako zenbait irudiren bidez, garai hartako gernikarrak zelan bizi ziren erakutsi gura izan ditu Gernikazarrak.
36ko gerra osteko bizitza eta Gernika-Lumoren berreraiketa erakusten jarraitu gura izan du Gernikazarra historia taldeak aurten, eta helburu hori duen argazki erakusketa zikloarekin jarraitzea erabaki du. Izan ere, Artekale kalean urtarrilaren 9ra arte ikusgai dagoen Berreraiketa Garaia II erakusketan gerra osteko Gernika-Lumo ikus daiteke.
Joan den mendeko 40 eta 60 hamarkadetako zenbait irudiren bidez, garai hartako gernikarrak ikusi –ezagutu ere bai– ahal izango dituzte bertaratzen direnek. Izan ere, erakusketak Gernika-Lumoko bizilagunak erakusten ditu euren eguneroko zereginak, harremanak eta bizitza berreskuratzeko ahaleginean, herria berreraikitzen zihoan bitartean.
Aurreko belaunaldiei, garaian garaiko bizimoduari eta herriei buruzko informazioa ematen duten altxorrak dira argazki zaharrak. Errealitatearen islada. Iragana gogoratzeko balio duten tresna eraginkorrak dira, eta horiek duten balioa azpimarratu gura izan du oraingoan ere Gernikazarra historia taldeak. Hala, berreraiketa lana zelan egin zuten, langileak nortzuk ziren edota tabernak non zeuden eta zelakoak ziren ikus daiteke argazkietan.
Garai hartako gernikarren herria zelakoa zen erakutsi gura izan dute horrela. “Gure aurrekoek ezagutu zuten bizitza da argazki zahar hauek berregiten laguntzen digutena. Gure gurasoen edo aitite aitonen Gernika da, eta argazkiak urte haietako euren bizitzako momentuak dira”, diote taldeko kideek.