Bermeo eta Busturiko berbalagunak urteko azken topaketan elkartu dira
Bermeo eta Busturiko zenbait berbalagun opor aurreko topaketan batu ziren atzo (abenduak 21), Bermeon: “Atzo elkartu ginen hainbat taldetan elkartzen garen berbalagunok, oporrak baino lehen elkar agurtzeko”.
Lameran elkartu ziren, eta portuko bueltatxoaren erdian euria hasi zenez, Batun Batun tabernara joan ziren zerbait hartzera. Hainbat konturi buruz berbetan pasatu zuten arratsaldea, tartean, urtearen errepasoa ere egin zuten. “Gogoratu genuen 2022 urte hasiera zaila, maskararekin, bizitza orokorrean oso murriztuta, kulturetxea eta herriko gune asko itxita…Baina urte amaiera oso bestelakoa izan da, zorionez. Olentzerok ekarri zigun libretatxo bat urte osoan oso ondo portatzeagatik eta arratsaldea pasatu genuen kontu kontari”.
Hausnarketarako tartetxoa ere hartu zuten. Besteak beste, Soziolinguistika Klusterrak 2021ean egindako kale neurketako datuak hizpide izan zituzten: “Kazetaritza ikasleak, Ikerrek, laguntza eskatu zigun bere lan baterako eta oso gustura aritu ginen berbalagun zer den azalduz: norberak zergatik eman duen izena, zer egiten dugun, azken urteetako bizipenak, baita Bermeoko berba batzuk ikasiz ere (arrantza mundukoak, baserri ingurukoak…). Hari batek beste batera eramaten du, eta kale neurketak emandako emaitzei buruz ere egin genuen gogoeta, azken finean euskaraz hitz egitea da guztiok batzen gaituena“.
Datozen bi asteetan etenalditxoa hartuko dute, eta talde guztiak urtarrilaren 9tik aurrera, ohiko hitzordu eta topalekuetan elkartuko dira berriro.