Muruetako bandera herritarrei aurkeztu diete
Juan Jose Gonzalez bexilologoaren txostenean oinarrituta sortu dute udalerriko lehenengo bandera ofiziala. Julen Karrion Muruetako alkateak esan duenez, "sortze prozesua ez da batere erraza izan, gutxi gorabehera hiru urtetan" ibili direlako zeregin horretan, eta azpimarratu du muruetar danak "ordezkatzen dituen bandera dela".
Muruetako bandera sortzeko prozesua azaroaren 23an amaitu zen, Bizkaiko Batzar Nagusietan onartuta (aurretik udalbatzak onartu zuen), eta atzo iluntzean (abenduak 20) herritarrei aurkezteko ekitaldia egin zuten udaletxeko Bilkura Aretoan. Herriko “lehenengo bandera” da, eta, horregatik, momentuz, koadro batean daukate gordeta.
Herriko ikurren parean ipini zuten sortu berri duten bandera: 1914ko pendoia eta 1993ko armarria. Banderak berak, eta, orokorrean, euren ikurrek daukaten garrantzia aipatu zuen Julen Karrion Muruetako alkateak, “herriaren sinbolo” direlako, herria ordezkatzen dutenak batzuk, eta beste batzuk, berriz, beste era bateko eginkizunetarako erabiltzen direnak: “Hau da gaurtik aurrera muruetar danok ordezkatzen gaituen bandera, bai Muruetan bai Muruetatik kanpo. Bere sortze prozesua ez da batere erraza izan, gutxi gorabehera hiru urteko tramitea izan da. Orain dela urte batzuk ikusi genuen udalean zeintzuk ikur geneuzkan, ez genekin oso ondo ze ikur zeuden Muruetan, eta ze erabilpen zeukan ikur bakoitzak”.
Horregatik, ikurren jatorria eta esanahia jakin asmoz, Juan Jose Gonzalez bexilologoarengana jo zuten, eta bere txostenean oinarrituta sortu dute bandera (Bizkaiko 36 bandera sortzeko txostenen egilea da). “Bera da benetan aditua, Bizkaian hainbat bandera sortu dituena, lurraldeko bandera gehienak bere txostenen arabera sortuta daude”. Alkateak esan bezala, txosten ofizial horretan, “bandera, zutoihala, armarria eta memoria historikoaren parte bat” jaso ditu.
Bexilologoak banderari buruzko xehetasunak eman zituen atzo: “Zeru urdinean distira egiten duen gurutzea dago, Murueta da. Muruetako Santa Maria irudikatzen du”.
Hain zuzen, udalerriko historiaren zati bati erreferentzia egin, eta herriaren nortasunari gorazarre egiten dio. “1966an, Francoren erabakiz, Murueta Gernika Handiaren parte izatera pasatu zen. Frankismoaren makrokreazio haiek lurraldeen, herrien nortasuna galtzeko estrategia izan ziren, ez zerbitzuak hobetzeko edo guneak garatzeko. Ondo pentsatutako politika izan zen, nortasuna galtzea, akulturazioa, masifikatzea eta denak berdin bihurtzea zituen helburu. Berezko ezaugarririk gabeko nortasuna daukan populazio otzanagoak, albokoaren bereizgarriak hartzen ditu, eta hori iraganeko, egungo eta etorkizuneko arazoa da”, azaldu zuen Gonzalezek.
Banderak hondo urdineko diseinu angeluzuzena eta muturretik muturrera doan gurutze zuri bat dauzka: “Eta gainetik daukan kolore horia, gurutze zuriaren distira da. Gurutze hori argitasun barik, itzalita egon zen, eta kolore hori horrek 1986ko errekuperazio hura adierazten edo erakusten du, hau da, gurutzea distira egitera bueltatu zela, berpiztu edo birsortu egin zela. 20 urtetan gure identitatearen parte bat galdu ostean, errekuperatu egin genuela. Murueta elizate moduan berreskuratu izana irudikatzen du; 1966an anexionatu gintuztela, eta, 1986an, Muruetak independiente izatera bueltatu gura zuela esan izana gogorarazten digu. Urdaibain distiratsu ageri den zeru urdinean elizatearen gurutzea berpiztu zela irudikatzen du”.
Bexilologoak azpimarratu zuen bandera ez dagoela “orainerako pentsatuta, eta ez duela iragana bildu, gogoratu gura”; etorkizunari, ondorengoei begira diseinatutakoa da: “Zuen bilobetan pentsatuta sortuta dago, hemendik 20 urterako, Muruetako etorkizunerako”. Banderek eta zenbait ikurrek “bizia hartzen” dutela deritzo: “Astinduta egongo dira, banderak lau haizetara mugitzen dira, eta hori da bandera honentzat desio dudana”.
Bandera sortzeko erabakia hartu, eta osoko bilkuran onartu zuten, eta Karrionek gogoratu zuen hainbat erakundek parte hartu dutela prozesuan. “Bizkaiko Foru Aldundia, Ikaskuntza, Espainiako Bexilologia Elkarteko txosten bat ere eduki dugu, eta, gero, Bizkaiko Batzar Nagusien onarpenagaz, bai batzordean bai osoko bilkuran, amaitu zen prozesua”.
Julen Karrion – Muruetako alkatea: “Bandera bat sortzeko tramitea ez da hilero ez urtero egiten, eta denontzat erronka izan da”.
Muruetako alkateak Gonzalezen zein erakunde horien ordezkarien laguntza, babesa eta inplikazioa eskertu zituen: “Bizkaiko Foru Aldundiko Elixabete Etxanobe diputatuari eta Josu Bergara zuzendari nagusiari, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiari, Bizkaiko Batzar Nagusiei, tartean, buru-belarri ibili den Ana Otadui presidenteari eta eskualdeko hainbat batzarkideri, Jan Eyre Urkieta foruarrari, adibidez, eskerrak eman gura dizkiet, eta baita Muruetako Udaleko idazkari Bihotza Fernandez ere, berak egin dituelako izapide guztiak, eta bandera baten tramitea ez da hilero ez urtero egiten, eta denontzat erronka izan da”.
Juan Jose Gonzalez – bexilologoa: “Murueta elizate moduan berreskuratu izana irudikatzen du”
Zutoihala. 1914ko zutoihala kasualitatez topatu zuten udaletxean. Herriko dokumentuak topatzen ari zirela, kaxoi batean plastiko batean gordeta zegoen ohial gorria. “Muruetako bandera izan zitekeela pentsatuta, Juanjori galdetu genion, eta berak esan zigun Muruetako pendoia zela. Atzean Muruetako Udala bordatuta dauka, eta atzean data”. Horregatik uste dute 1914koa dela: “100 urtetik gora dituen herriaren ondarea da, eta orain arte inork ez du honen barri eduki, edo jakin izan bada, balioan jarri barik egon da”. Ez dakite inoiz erabilia izan den, eta “herriaren ondasuna eta ondarea denez”, balioa eman eta lehenengo banderagaz egin legez, koadro batean edukitzea erabaki dute.
“Herri guztiek daukate historia, baina, herri gehienek memoria eza daukate, eta, horrek, genituen gauzen ahanztura dakar. Eta askotan, gauzak baditugu ere, ez dakigu zer daukagun”, adierazi zuen Gonzalezek.
Adituaren berbetan, herri askotan uste izan dute bertako zutoihala herriko bandera zela. Zutoihalek “XV. mendeko ekitaldi zeremonialetan” daukate jatorria, lurraldeko jaunei egiten zitzaizkien harreretan, bertoko kasuan, Bizkaiko Jaunari. “Gerora, ekitaldi horiek gutxitzen eta desagertzen joan ziren, eta elizateetan, sakristietan gorde ziren pendoiak, garai hartako dokumentuen moduan; izan ere, hiribilduek bakarrik zituzten udaletxeak. Gainontzeko herrietan elizako portikoak baitziren asanbleetarako lekuak”. XIX. mende erdialdera, “korporazioak joateko beste era bateko ekitaldi zibiko-erlijiosoak egiten zirenean, adibidez, jai nagusiak ospatzen edo munarriak ikuskatzen zituztenean”, zutoihalak eroaten zituzten horietara, eta, beraz, Gonzalezen iritziz, “korporazioen zein jarduera horien memoria bizia” dira zutoihalak. “Hau da, pendoia korporazioaren adierazle edo ordezkaria da, eta ez bertan bizi den jendearena”.