Ez ahaztu eskarmentua
Diego Beaskoetxea eta Imanol Lopez beteranoek 2-1eko markagailuagaz irabazi diote Johan Sorozabal eta Julen Del Rio gazteei. Garaipen horregaz, B multzoko lidertzan ipini dira gernika-lumotarra eta zumaiarra. Txapelketaren erdia egin dute jadanik.
Beteranoek gazteen ekinari eutsi gura diote. Diego Beaskoetxea gernika-lumotarrak eta Imanol Lopez zumaiarrak Johan Sorozabal miarriztarrari eta Julen Del Rio gasteiztarrari irabazi zieten atzo, Jai Alai Winter Seriesen. Gernika-Lumoko Jai Alai katedralera bertaratu ziren 1.526 ikusleek goi-mailako zesta-puntaz gozatzeko aukera paregabea eduki zuten, lehiaketaren ekuatorean. Sorozabalek eta Del Riok, behin hasierako urduritasuna gaindituta, partidua beren eskuetan izan zuten, eta ozta-ozta galdu zuten Beaskoetxea eta Lopezen aurka.
Garaipenetik hurre geratu arren, sentsazio bikainak utzi zituzten datozen partiduei begira. Izan ere, Beaskoetxea eta Lopez B multzoko lidertzan ipini dira, zazpi puntugaz; Sorozabalek eta Del Riok eta Iñaki Osa Goikoetxeak eta Nicolas Etxetok launa puntu dituzte, baina partidu bat jokatzeke daukate oraindik. Atzoko galtzaileek 2-0 irabazi beharko diote Goikori eta Etxetori, sailkatuko baldin badira. Ogibide gaitza dirudien arren, atzo erakutsitako maila aintzat izanda, edozer da posible.
Partidua berdintasunagaz hasi zen arren, 2-2koagaz hautagai nagusiek maila bat igo zuten erritmoa; Lopezek norgehiagokaren ardura beregain hartu zuen, atzealdetik errebeskadak eginez. 6-2ko markagailuaren ondoren, Del Rioren eskumakadek aldeak murriztu zituzten, eta 8-5ekoagaz egin zuten lehendabiziko atsedenaldia. Sorozabalen ausardia begibistakoa zen, eta tarteka-marteka estu hartu zuen Gernika-Lumoko aurrelaria. Beaskoetxea, baina, ez zen kikildu, eta eraginkortasunez erantzun zien Del Rioren eskumazko jaurtiketei. Beteranoek akats gutxiko jokoa erakutsi zuten, ziurtasunez beterikoa, eta 15-10 irabazi zuten lehenengo seta.