Bermeoko Udalak 26,4 milioi euroko aurrekontua onartu du, "azken urteotako handiena"
EAJ-PNVren aldeko botoekin onartu dituzte 2023ko Bermeoko udal-aurrekontuak, eta EH Bilduk eta Guzanek kontrako bozkatu dute, gaur goizeko osoko bilkuran. Aritz Abaroa Bermeoko alkateak azpimarratu du "bermeotarren bizi kalitatea hobetzeko, herriko jarduera ekonomikoa sustatzeko eta bermeotarron nortasuna balioan jartzeko" bideratutako aurrekontua dela, eta "2022koagaz alderatuta, %10,65 hazkundea" dagoela.
EAJ-PNVren aldeko botoekin, Bermeoko Udalak 26.459.336,52 euroko aurrekontua onartu du 2023.urterako gaur goizean (abenduak 19). Oposizioko alderdiek ezezkoa adierazi diote udal-gobernuaren proposamenari; EH Bilduk eta Guzanek kontra bozkatu dute. 2022koagaz alderatuta, “%10,65 hazkundea” izan dute.
Bermeoko eta bermeotarron “beharrizanei erantzuna ematen” dien azken urteotako “aurrekontu handienetakoa” da gaur onartutakoa, eta Aritz Abaroa Bermeoko alkatearen berbetan, aurrekontua euren lan lerro nagusiak diren “bermeotarren bizi kalitatea hobetzeko, herrian aberastasuna sortzeko eta herriko jarduera ekonomikoa sustatzeko eta bermeotarren nortasuna balioan jartzeko” bideratuko dute.
Herritarrek parte hartze prozesuetan egindako eskariei ere erantzuna ematen dietela esan du: “Herrirako dugun proiektua garatzen lagunduko digun aurrekontua da, azken urteotako inbertsio gaitasun handiena duena, ia 1,5 milioi euro. Eta, proiektu hau garatzeko adostasunetara iristea lortu dugu beste instituzio batzuekin. Elkarlan horri esker proiektua garatzen jarraitu ahal izango dugu, eta honekin irabazten aterako direnak bermeotarrak dira”.
Alkateak esandakoaren arabera, “azken egunera arte adostasuna bilatzen” saiatu dira, eta EH Bilduren hainbat ekarpen aurrekontuan sartu badituzte ere, ez dute oposizioaren babesa lortu: “Uste dugu zaila dela aurrekontu hauei ezetza ematea, baina hala izan da. EH Bilduk ezetza esan die aurrekontuei, baina, azken finean, dirutan, sartu ez ditugun emendakinak aurrekontu osoaren %0,77a besterik ez dira izan”.
Aritz Abaroa (Bermeoko alkatea): “Herrirako dugun proiektua garatzen lagunduko digun aurrekontua da, azken urteotako inbertsio gaitasun handiena duena, ia 1,5 milioi euro”
Idoia Platas Ekonomia eta Ogasuneko zinegotziak azaldu du zehatz diru sarrerak nondik etorriko diren eta aurrekontua zertara bideratuko duten. Aurreikusitako gastuen %5,59 izango dira herrian inbertsioak egiteko, hau da, 1,477.889,13 euro. “Beste urteekin konparatuta, hor dago diferentziarik handiena, lortutako diru laguntzetatik zati handi bat inbertsioak egiteko da, horregatik, aurten, gure inbertsioetarako gaitasuna beste urte batzuekin konparatuta, handiagoa da, batez ere, 2021egaz konparatuta. 2021ekoa aurrekontu oso murriztua izan zen, eta inbertsioetarako diru gutxi geratu zen”, zehaztu du Platasek.
Hamabost proiektu nabarmendu ditu udal gobernuak, eta horien artean, Itxasbegi eta Txibitxaga lotuko dituen igogailua jartzeko lanentzat izango da diru-sail handiena: 643.896,97 euro. Efizientzia eta jasangarritasun energetikorako programetarako 400.000 euro bideratzea aurreikusi dute; ibilgailu elektrikoak eskuratu, eraikinetan hobekuntzak egin, autokontsumorako plakak jarri, eta sentsibilizazio eta aholkularitza kanpainak egin gura dituzte. Langabezian dauden herritarrei formakuntza eskaintzeko eta laneratzeko aukera emateko programarako, berriz, 375.000 euro izango dira.
Parte hartze prozesuetan herritarrek egindako eskaria izan den San Martinen eraikiko duten jolasgune berrirako eta aire libreko kirolgunerako lanetarako 201.320,54 euroko inbertsioa egingo dute, eta kale-garbiketa zerbitzuaren errefortzu eta hobekuntzetarako, ostera, 239.320,37 eurokoa.
Oposizioak osoko bilkuran leporatutakoari erantzunez, Abaroak gogoratu du aurrekontuak udal langile eta teknikoekin “batera lantzen” diren proposamenak direla, egunerokotasunean eurak direlako udalak dituen helburuak egi bihurtzeko lan egiten dutenak. Aurtengoa zein datorrena “ezegonkortasun ekonomikoko” urteak izateak eta prezioen gorakadak herritarrei zein udalari eragiten dio, eta, horregatik, zergak, tasak eta zerbitzu publikoak “izoztuta utzi” dituzte, eta, ondorioz, udalarentzat diru-sarrera den diru-sail horrek ez du hazkunderik edukiko.
Diru-sarrerak eta gastuak. Udalkutxatik 12.331.930 euro jasoko ditu udalak (2022agaz konparatuta, 762.042. euro gehiago) eta gizarte politikak finantzatzeko Gizartekutxatik 479.117 euro (aurtengoagaz konparatuta, 54.400 euro gehiago). Hala, alkatearen arabera, “hazkunderik nabarmenena” dago herrian inbertitzeko eta herriaren proiektuak eta iniziatibak martxan ipintzeko hainbat diru-laguntza lotu dituela udal gobernuak: “Beste instituzio batzukaz behar egiteko gaitasuna eduki dugu, leialtasuna egon da, kolaboraziorako gogoa egon dalako, eta baita ere argi eduki ditugulako zeintzuk diren aurrera begira landu behar ditugun proiektuak”.
Udalkutxatik 12.331.930 euro eta Gizartekutxatik 479.117 euro jasoko ditu Bermeoko Udalak
Ekonomia eta Ogasuneko zinegotziak esan legez, bermeotarrek ordaindutako zerga eta tasetatik 8.848.555,59 euro jasoko ditu udalak (aurrekontuaren %33,44) eta Bizkaiko Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik 17.544.092,83 euro (%66,31).
Pertsonal (15.632.262,88 euro) eta eguneroko (7.902.913,82 euro) gastuetara bideratzen dira diru-sail nagusienak, %59,08 eta %29,87, hurrenez hurren. Herritarrei eta taldeei zuzendutako diru laguntzetarako 728.075,22 euro (%2,75) edukiko dituzte, eta zorra ordaintzeko (interesak eta amortizazioak) 718.195,47 euro (%2,71).
Alkateak azpimarratu du kudeaketa “eraginkorra zorrotza, gardena eta leialtasunezkoa” dela, eta aurrekontuaren %62,65 bideratuko dela bermeotarren bizi kalitatea hobetzeko proiektuetara, ekimenetara eta programetara, 16,5 milioi euro (16.576.856,60 euro). Aberastasuna sortzeko eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko 2.766.807,31 euro izango dira, hau da, aurrekontuaren %10,46: “Hor sartzen dira, adibidez, eskualde mailan martxan dauzkagun programak (UBAI, esaterako) eta gure enpresak lehiakorragoak izateko aldundiagaz batera martxan ipiniko ditugun programak eta martxan daudenekin segituko dugu. Euren enpresak Bermeon muntatu gura dituzten ekintzaileei ematen zaizkien diru-laguntzak, egingo zaizkien hobari-fiskalak, Lokalbide programa, laguntzarako emango zaizkien zerbitzuak… ere sartzen dira, eta baita langabezian daudenei eta herritarrei lehenengo lan aukera emateko martxan ipiniko den programa ere”.
Gizarte zerbitzuetara aurrekontuaren %21,18 bideratuko dira, 5,6 milioi eurotik gora
Itsas nortasuna eta kudeaketa estilo propioa balioan ipintzeko, ostera, aurrekontuaren %26,89 izango da (7.115.672,61 euro). “Gure ondarea errekuperatu eta balioan ipini behar dugu, eta zabalkundea eman. Horretarako hainbat programa martxan ipiniko dira”.
Abaroak nabarmendu du aurkeztutakoa “aurrekontu sendoa” dela. “Inbertitzeko gaitasunak bizi kalitatea suposatzen du. Aurrekontu honen erdigunean bermeotarrak daude. Zaurgarritasun mailarik handiena daukatenentzat hainbat programa eta zerbitzu daude, eta hori indartu egin dugu. Adibidez, gizarte zerbitzuetara aurrekontuaren %21,18 bideratuko dira, 5,6 milioi eurotik gora, iazkoagaz konparatuta %5,88 gehiago”.