Haziberriak ideiak irabazi du Busturialdeko IX. Enpresa Ideia Lehiaketa
Haziberriak egitasmoak jaso ditu 3.000 euroko lehen saria Busturialdeko IX. Enpresa Ideia Lehiaketan. Bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren, Urdaibai Surf Center eta Etxetxu Tomatiek ideientzat izan dira. Esparru teknologikoko Start Up bat sortzeko ideia onenaren saria, ostera, Zuresku proiektuak irabazi du.
Busturialdeko IX. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari emate ekitaldia egin zuten atzo iluntzean [abenduak 15], Busturiko BBK Klima Abenturako instalazioetan. Bertan bildu ziren Gernika-Lumoko nahiz Bermeoko Gazteria Zerbitzuetako eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko ordezkariak, Busturialdeko udaletakoez eta Bizkaiko Foru Aldundikoez gain. Lehiaketaren jomuga nagusia 18 eta 35 urte bitarteko ekintzailetza bultzatzea da, lan mundura murgiltzea errazte aldera; era berean, ideia berritzaileei plaza eskaintzea eta enpresa interesak saritzea ere helburu dituzte.
Aurten, 7.000 euro banatu dituzte saritan, ekintzaile irabazleek beren enpresa proiektua garatu dezaten. Epaimahaikideek aurkezturiko enpresa proiektuen izaera berritzailea, originaltasuna, balio erantsia eskaintzea, kalitate maila, proiektua eskualdean garatzeko aukerak eta enplegua sortzeko potentzialtasuna eduki zituzten kontuan. Osotara, hamar enpresa proiektu aurkeztu dituzte aurtengo aldian, eta lehiaketaren sustatzaileek parte-hartzea “goi mailakoa” izan dela adierazi zuten atzoko ekitaldian.
Aurtengo Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketako lehenengo sariak Ibarrangelura egin du. Ibarrangelutarra da, hain zuzen ere, Haziberriak egitasmoaren sortzaile Iñigo Arruabarrena. Nekazaritzako ingeniari teknikoa izanda, alor horregaz loturiko esparruak jorratzea bilatu du Haziberriak-egaz; espazio naturalen diseinuan eta instalazioan oinarrituta dago proiektua, egilearen ahotan. “Egitasmoa, oro har, lursailak zein landa eremuak diseinatzean oinarrituko da, horiei eskatzen diegun beharrizan guztiak modu jasangarrian eta arduratsuan ustiatu ahal izateko”, azaldu du.
Permakultura edota abeltzaintza nahiz nekazaritza erregeneratiboaren ikuspuntutik jorratuko du Arruabarrenak bere proiektua: “Permakultura hainbat filosofia edota pentsamolde barnebiltzen dituen planteamendua da; nekazaritza eta abeltzaintza erregeneratiboa, berotegiak, hidrologia-diseinuak, basogintza ereduak, energia lortzeko bideak eta pertsonak eurak batzen ditu”. Lehen sarituak proiektuaren garapena egin beharko du aurrerantzean, eta, hori bideratze aldera, “bultzada handia” eman zioten atzo jasotako sariek. Izan ere, Arruabarrenak 3.000 euroko dirusaria, Arratzuko Elkartegian urtebetez langune bat doan erabiltzeko aukera eta Torrealday aholkularitza enpresa gernika-lumotarraren urtebeteko aholkularitza zerbitzua irabazi zituen.
Bigarren postua Unai Romero busturiarraren Urdaibai Surf Center egitasmoak irabazi zuen. Romerok irakurketa berria proposatu du irristatze kirolekin erlazionatutako parke tematikoen inguruan. Bere lanerako ikuspuntua, azaldu zuenaren arabera, “segurtasuna eta erosotasunetik” abiatzen da. “Helburua gune berberean irristatzeagaz loturiko kirol oro batzea da, izan surfa, skatea, snowboard-a, eta abar. Olatu igerileku bategaz beharrean nabil duela bost bat urtetik, eta olatu artifizialen industria egun dena baino prezio askoz ere merkeagoagaz planteatzea bilatzen dut”, adierazi du bigarren sarituak.
Aipaturiko igerileku horrek 400-600 metro koadroko azalera dauka, eta 40 zentimetro eta metro bat bitarteko olatuak modu artifizialean sortzen ditu; ondorioz, “ezinhobea” da surfean ikasi gura dutenentzat. Horrez gain, skate gune bateko Pump Truck-a ere garatuko du Romerok. Busturikoak, bigarren sailkatu legez, 2.000 euroko dirusaria, eta, irabazleak bezalaxe, urtebetez Arratzuko Elartegian langune bat doan edukitzeko aukera irabazi zituen; horrez gain, Torrealdaykoek sei hilabeteko aholkularitza zerbitzua eskaini zioten.
Hirugarren postuan, Jon Gerrikaetxebarria gernika-lumotarraren Etxetxu Tomatiek proiektua sailkatu zen. Ekimenaren izenak aurreratu legez, erakargarri esanguratsuena duela 50 urte baino gehiagotik bere senideek Ajangizen ekoiztu izan dituzten negutegiko tomateak dira. Tomateon salmentari, orain, berrirakurketa gehigarria egingo dio: “Ortu eremuak inguruan dituen zuhaitz autoktonoei erabilera eman gura diet, eta lurraren aberastasuna lantzea bilatuko dut; gainera, Noverek enpresagaz elkarlanean, bisitak, dastaketak eta pareko egitasmoak egingo ditugu”. Gerrikaetxebarriak 1.000 euroko dirusaria jaso zuen atzoko ekitaldian.
Aprobetxamenduari saria. Ekitaldiko azken saria esparru teknologikoko Start Up bat sortzeko edo garatzeko enpresa ideia onenari eman zioten. Aurtengo garaileak Zuresku proiektuaren sortzaileak izan dira: Marta Bosquet, Nora Erkoreka eta Mikel Gimeno. Zuresku-k hiri handietan boladan dagoen Too Good To Go moduko aplikazioen ereduari jarraitzen die, tokiko testuingurura aplikatuta, eta aprobetxatzen ez diren produktuei irteera ematea du helmuga. Bosquetek azaldu zuen Zuresku-ren eragin esparrua, hastapenean, Bermeoko ostalaritza eta nekazaritza izango dela: “Geure helburua eskura ditugun baliabideak aprobetxatzea eta kontsumo arduratsua sustatzea dira. Egunero-egunero zakarrontzira botatzen den janari kopuruaren lekuko gara, eta langai horretan eraginez hasi gura dugu beharrean”.