6,8 milioi euro, Bermeoko eraldaketa soziourbanistikoa gauzatzeko
Obra publikoak zein pribatuak egin, eta gizarteratze programa bat eskainiko du Bermeoko Udalak. Txibitxagan, Itsasbegin, Iparragirren, Kurtzion eta Zarragoitxin hobekuntza lanak egingo dituzte.
Bermeoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 6,8 milioi euro bideratuko dituzte Bermeoko eraldaketa sozio-urbanistikoa gauzatzeko. Hobekuntza lanak Txibitxaga, Itsasbegi, Iparragirre, Kurtzio eta Zarragoitxin egingo dira, eta eraldaketa plana 2022 eta 2025 urteen bitartean gauzatuko dute. Bermeoko alkate Aritz Abaroak azpimarratu du eraldaketak alderdi urbanistikoaz gain, alde soziala ere daukala. Transformazioak bermeotarren bizi kalitatean “eragin zuzena” izango du. 6,8 milioi euroetatik 5,8 Eusko Jaurlaritzak bideratuko ditu, eta gainontzekoa Bermeoko Udalak jarriko du. Lan guztiak 2025ko maiatzerako bukatuta egon beharko dira.
“Gure herriaren hirigintza aldaketan beste mugarri bat ezarriko dugu. Proiektu hori udalerrian martxan dauden inbertsioen zerrenda luzeari gehitu behar zaio. Burubelarri gabiltza lanean Bermeoren eraldaketa prozesuan. Gure helburu estrategikoetako bi dira herritarren bizi kalitatea eta herriko iriste erraztasuna hobetzea, eta, zalantzarik gabe, proiektu hauek guztiek bat egiten dute helburu nagusi horiekin”, azaldu du Abaroak.
Eraldaketa sozio-urbanistikoa hiru zatitan banatzen da; lehenengo biek alde urbanistikoarekin daukate zerikusia, eta hirugarrenak alde sozialarekin. Zati urbanistikoaren lehenengo puntua, obra publikoari dagokiona da. Obra horien kostuaren %70 Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du, eta gainontzekoa Bermeoko Udalak. Obrak hasi aurretik, gastu osoaren %20a jasoko du udalak, eta obrak egiten joan ahala, gainontzekoa. Dirua jaso ahala, udalak aurrekontuak aurkeztu beharko ditu osoko bilkuran, eta bertan onartu egin beharko dituzte.
Besteak beste, lan hauek iragarri dituzte gaur goizeko agerraldian: 75 plazako parking bat Itxasbegi auzoan, Txibitxiaga kalea eta Itxasbegi kalea lotzen dituen igogailu bat, Kurtzio auzoko harlauzen berrikuntza eta Askatasun Kalearen sarreran dagoen biribilgunea kentzea eta gunearen berrikuntza, “larrialdietako ibilgailuak bertatik pasatu ahal izateko”.
90 etxebizitzetan obrak.
Bigarren puntua, obra pribatuena da; 6,8 milioi eurotatik 3,4 milioi bideratuko dituzte horretara. Obra horiek, Eusko Jaurlaritzak “degradatutako gune” izendatzen duen gunean egingo dituzte. Hain zuzen, “zortzi bloketan banatutako 90 etxebizitzetan” egingo dituzte lanok, eta finantziatzeko “diru-laguntza bereziak” jasoko dituzte bertoko bizilagunek. Iparragirre kaleko 1,2,3 eta 4 zenbakiak eta Grupo Txibitxiaga 1,2,3 eta 4 zenbakiak izango dira.
Esan dutenez, hasiera batean Bermeoko Udalak Eusko Jaurlaritzari aurkeztutako proiektuan etxebizitza gehiago zeuden, baina Eusko Jaurlaritzak eskatu zuen kopurua murriztea. Horiek hautatzeko arrazoi nagusia izan da horietan transformazio prozesuaren lehen pausuak egiten hasita daudela. Idoia Platas zinegotziak azaldu du obren helburua dela “efizientzia energetikoa bilatzea“, eta zenbat eta efizientzia gehiago lortu, “diru-laguntza handiagoak lortuko” dituztela: ‘Diru-laguntzak erabiliko dira fatxadak berrizteko, teilatuen konponketak egiteko eta berogailu sistemak aldatzeko. Eta Jaurlaritzak eskaintzen dituen beste laguntza batzuk ere eskatu ahal izango dituzte; familia bakoitzak izango duen kostuaren %70ra arte heldu daitezke, eta, egoera ahulean dauden familien kasuan, diru-laguntzak kostuaren %100ko kantitatekoak izan daitezke”.
Laguntza bulegoa.
Aipatu diru-laguntzak zein informazioa jasotzeko, Bermeoko Udalak bulego bat jarriko du eskuragarri. Bulego horretan hiru pertsona izango dira lanean. Langile bat perfil teknikoduna izango da, hau da, etxebizitzen obrak diru-laguntzen baldintzak betetzen dituztela konprobatzeaz arduratuko da. Beste langile bat arlo juridikoaz eta administratiboaz arduratuko da, eta diru-laguntzak eskatzeko orduan, paperak egiten lagunduko die. Hirugarrena, gizarte langile bat izango da; egoera ahulean dauden familien baldintzak aztertuko ditu, eta %100ko diru-laguntzak jasotzera lagunduko die.
Azkenik, gizarteratze programa bat eskainiko dute; 447.928,54 euro bideratuko dira programa horretara, 397.000 euro inguru Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Programak eraikuntzarekin zerikusia daukaten lanpostuak eskainiko ditu, urtebeteko kontratuagaz. Lanean hasi aurretik, langileek formakuntza jasoko dute, eta Bermeoko eraldaketan parte izateko aukera izango dute. Udalaren helburua da “pertsona horiek degradatutako gunean bizi diren bizilagunak izatea; bestela, herri guztira zabalduko dute eskaintza”.