30 urteko atzera begirada
Asier Guenagak ‘Elantxobe 1990-1993’ ikus-entzunezkoa sortu du. Duela 30 urteko Elantxobe eta elantxobetarren bizimodua zelakoa zen erakustea eta herriko memoria historikoari ekarpena egitea du helburu.
Bizimodua, gizartea, ofizioa, erosteko joera, teknologia, bidaiatzeko era… Asko aldatu da bizitza eta bizitzeko modua azken 30 urteetan. Desberdinak dira 1990eko gaztetxoen edota gaur egungoen gazte aroko momentuak. Hala ere, lehengo bizimodua gorde eta ezagutarazteko ikus-entzunezko proiektua garatu du Asier Guenagak, eta 90eko hamarkada hasierako Elantxobe ezagutzeko aukera eskaini die herritarrei: Elantxobe 1990-1993.
Zapatuan Elantxobeko elizan bildu zirenak 1990 eta 1993 urte bitarteko garaira jarri ziren begira, garai hartako bideoekin osatutako ikus-entzunezkoa arretaz ikusten zuten bitartean. Memoria ariketa bat izan zen, iragana ezagutzeko aukera bikaina. Bizitakoak gogoratzeko edota iragana ezagutzeko aukera dela proiekzioa dio Guenagak: «Memoria historikoari egindako nire ekarpen txiki eta xumea da honakoa, baina Elantxobeko bizimodua jasotzen duena».
Helbururik barik hasi zen lanean, gerora ikus-entzunezko bat sortuko zuela jakin barik. «Irakaslea nintzen, eta eskolan kamerak genituenez, horiek hartu eta Elantxobe grabatzen nuen. Niretzako grabatzen nituen herria eta herritarren egunerokoak, grabatzea asko gustatzen zitzaidalako», azaldu du Guenagak, eta «denetarik» grabatzen zuela dio, «mugitzen zen guztia». Elizako atera joaten zen, eta handik ateratzen ziren herritarrak grabatzen zituen: batzuk ez ziren ohartzen, beste batzuk, ordea, bai.
Filmatutakoak ondo gorde ditu, eta urteak igarota, horiek kaxa zaharretatik berreskuratzea eta publiko egitea erabaki zuen: «Nire gozamenerako sortu nuen bideo artxiboa zen, baina denbora igarota, ikus-entzunezkoek balio handia zutela ohartu nintzen. Izan ere, iraganeko Elantxobe zelakoa zen irudikatzen du. Helbururik barik, lortu dut herriko ondareari ekarpena egitea, eta duela 32 urte Elantxobe zelakoa zen erakustea».
Herria ez ezik, elantxobetarrak ere ageri dira bertan. 400 lagun agertzen dira, hain zuzen ere, baina horietako 150 hilda daudela gehitu du Guenagak. «Horrek emozio berezia eskaintzen dio, familiako txikienek euren aiton-amonak bertan ikusi ditzaketelako».
Herriaren garapena ezagutzeko, eta bizimodua zelan edo zenbat aldatu den hausnartzeko aukera ere ematen du Guenagaren lanak; izan ere, egoera «guztiz» aldatu dela dio: «Duela 30 urteko Elantxobek eta gaur egungoak ez daukate antzik».
Portua, moila, herri aldapatsuaren txoko txiki ezkutu zein ezagunak, itsasontziak… asko dira bideo horietan ikusi daitezkeen guneak eta gaur egun ez daudenak: «Garai horretan portuan zeuden itsasontziak ikusi daitezke, orain ez daudenak. Sareak zelan lantzen zituzten edota zenbat arrain lurreratzen zituzten ere ageri da». Elizatik gaur egun hamar lagun ateratzen badira, garai haietan 200 zirela meza entzutera joaten zirenak dio egileak, eta ortuko lana zelan egiten zuten ere ikusi daitekeela nabarmendu du. «Gazteek lehengo Elantxobe zelakoa zen ikusteko aukera daukate; zaharrenek, berriz, gaztaroko garaiak gogoratzekoa». Zehaztu duenez, eguneroaz gain, jaiak ere ageri dira ikus-entzunezkoan: madalenak, sanpedroak…
Herriko bizimoduari buruzko aldaketarik nabarmenena, baina, «portuko bizitasunean» igarri du Guenagak: «Portuko egunerokoa askotan agertzen da, baina gaur egun ez dago ontzirik edo motorrik portuan, eta gazteenek ez dakite zelako bizimodua zen hori». Orduko jubilatuek portutik zelan paseatzen zuten ere ikusi daiteke, euren txapel eta guzti.
32 urte besterik igaro ez diren arren, «aldaketak nabariak» dira egilearentzat. «Herriak zuen nortasuna eta gaur egungoa ez da berdina. Izan ere, gaur egun 300 lagun bizi dira herrian eta duela 30 urte 600 lagun inguru bizi ziren», dio.
Duela zazpi urte aurkeztu zuen lana lehenengoz, eta harrera «ikaragarria» eduki zuen. Oraingoan, tarte batzuk berrituta eskaini du ikus-entzunezkoa; hala ere, jendetza bertaratu da, eta harrera bikaina eduki du. «Lan gogorra da, merezi izan duena». Ikus-entzunezkoa berak dauka, eta ez du publiko egingo, baina Tabakalerako bideotekan gordeko du: «Ordu asko eskaini dizkiot lan honi, eta ondo gorde gura dut. Nire altxorra da». Hala ere, ikusi ezin izan duenari erakusteko prest dago.