Euskarazko erreferenteak sortzeko eta ikusarazteko erronka nagusia
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari eta horietako hizkuntzei buruzko ikerketa osatu du. 94 udalerri euskaldunetako 11.571 gaztek bete dute inkesta.
Euskaraldiaren eta Euskararen Egunaren bueltan, urteko 365 egunetan euskaraz bizitzeko aldarrikapena are ozenago entzun berri dugu. Baina, zein da errealitatea? Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak emandako datuen arabera, adibidez, «ikus-entzunezkoetan, erdaren oso azpitik» dago euskara. «Arlo estrategikoa da ikus-entzunezkoena, eta, beraz, hizkuntza-politikaren ikuspegitik ezinbestekoa da benetako erabaki sendoak hartzea arlo honetan». Horixe da gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko Uemaren ikerketan ateratako ondorio nagusietako bat.
Ikerketak Uemako kide diren 94 udalerrietako 11.571 gaztek –LH4tik Batxilergoko 2. maila bitarteko ikasleak–betetako inkesta du oinarri, eta telebista, sare sozialak, streaming plataformak, musika eta bideojokoen kontsumoa aztertuta, euskara erdaren «oso azpitik» dagoela ondorioztatu dute.
Azpimarratu dute datuok ezin direla Euskal Herri osora estrapolatu, gune soziolinguistiko jakin bateko gaztetxoak hartu dituztelako aztergai. «Eta aldi berean, emaitzak ezin dira estrapolatu Uemako udalerrietako biztanle guztiengana, 9-17 urte bitarteko herritarren kontsumoa ikertu baita».
Uemako kide diren 94 udalerrietako 11.571 gaztek betetako
inkesten emaitzak eta ondorioak jasotzen ditu ikerketak
Emaitzek erakusten dutenez, gaztetxoek ikusi duten azken serie edo marrazki bizidunetatik %10,6 baino ez da euskaraz, eta adinean gora doazen heinean, jaitsi egiten da ehuneko hori: batxilergoko ikasleen %3,1ek baino ez du ikusi euskarazko serie edo marrazki-bizidunak. Lehen Hezkuntzan, marrazki bizidunak ikusteko Clan katera jotzen dute (%42,9) –ETB3ra (%22,1)–.
Datuei erreparatuta, aldaketak beharrezkoak direla adierazi, eta berehalakoak izan behar direla esan dute, gainera. «Mugitu egin behar dugu: abiada bizian aldatzen ari da hau, eta gaiari heldu egin behar diogu». Kontsumoaz gain eskaintza ere begiratu beharko litzatekeela esan du Garikoitz Goikoetxea azterketaren arduradunak, eskaintzarik gabe kontsumorik ez dagoelako, eta horrek ere eragina daukalako hizkuntzaren erabileran.
Egoera horren aurrean, hizkuntza politika sendoagoak eskatu dituzte, apustu handiago bat egitea fikzioa indartzeko, baina garrantzitsuena gazteengana heltzea denez, euskarazko erreferente eta sortzaileak behar direla azpimarratu dute. Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak diagnostikoaren larritasuna nabarmendu du: «Azken urteetako sentsazioak eta kezkak datuetara ekarri nahi izan ditugu, eta egoera makurra azaleratu da».
Ikastetxeekin eta udalekin. Lazkanok gogoratu du, besteak beste, udalerri euskaldunen behatoki funtzioa daukala Uemak, eta ikastetxe eta udalak bidelagun edukita egin dute ikerketa: «Ikastetxe eta herri askotan kezka handia sumatu dugu ikus-entzunezkoen kontsumoak gaztetxoen hizkuntza-ohituretan duen eraginagatik. Hori bideratzeko lehen pausoa izan da errealitatea aztertzea. Orain neurriak hartu behar dira».
Ikus-entzunezkoen eremuak salto handia eman du azken urteetan: euskarri berriak sortu dira, eskaintza asko ugaritu da, eta kontsumoan erroko aldaketak gertatu dira. Aldaketa handia ekarri du horrek, eta, bereziki, belaunaldi berrietan somatzen da hori. Euskararen erabileran badauka eragina, eta besteren artean, hainbat ikastetxetan dago kezka pantailen kontsumoak belaunaldi berrien hizkuntza-gaitasunean, ohituretan eta erabileran daukan inpaktuagatik. Erdarazkoa baita kontsumo gehiena.
Iraitz Lazkano (Uemako lehendakaria) “Ikastetxe eta herri askotan kezka handia sumatu dugu ikus-entzunezkoen kontsumoak gaztetxoen hizkuntza-ohituretan duen eraginagatik”
Hainbat eragilek ohartarazi dute ikus-entzunezkoen esparruan euskararen aldeko apustu handiagoa egin beharraz. Pantailak Euskaraz mugimendua izan da aldarri horren ikur nagusia; euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestua aurkeztu zuen 2020ko abenduan, eta sinatzailean artean dago Uema.
Udalerri euskaldunetako gazteen ikus-entzunezko kontsumoari buruz osatutako argazkia «ez da estatikoa», kontsumoan «azkartasun handiz» gertatzen direlako aldaketak, eta, beraz, «ezinbestekoa» da argazki hori aldiro gaurkotzea.
Busturialdeko inkesten emaitzak
Busturialdeko bost udalerri daude Uemaren barruan: Ajangiz, Bermeo, Busturia, Ea eta Muxika. Eta horietako gazteek ere bete dute galdetegia. Eskualdeko 783 inkestaren datuak bildu dituzte.
Galdetegia bete dutenen artean, %62,6 gaztetxok dute euskara lehen hizkuntza, eta ohiko erabileran etxean dago daturik altuena: %55,7. Ikasgelan %49,2 da kopurua, eskolaz kanpoko jardueretan %41,2k, ikaskideekin gelatik kanpo %31, eta lagunekin %30,7.
Kontsumoaz gain eskaintza ere begiratu beharko litzatekeela esan du Garikoitz Goikoetxea azterketaren arduradunak, eskaintzarik gabe kontsumorik ez dagoelako,
eta horrek ere eragina daukalako hizkuntzaren erabileran.
Telebistari dagokionez, adinaren arabera kateen kontsumoa aldatzen bada ere, orokorrean, Clan katea da gehien kontsumitzen dutena (%31,9), eta jarraian daude Telecinco (%24,8) eta FDF (%23,8). Euskarazko kateei dagokienez, %15,7 da ETB1en ehunekoa, eta %12 ETB3rena. Plataformen kasuan, Netflix da nagusi; Busturialdean %4,5 (ingelesa %5,2 da); kontsumitzen dutenaren gehiengoa gaztelaniaz da: %82,4.
Sare sozialak. Inkestak baieztatu duenez, sare sozialek pisu nabarmena daukate gaztetxoen egunerokoan. Erabilienak Youtube (%87,1), WhatsApp (%79,2) eta Tiktok (%72,7) dira. Batez ere gaztelaniazko edukiak ikusi ohi dituzte.
Hedapen handieneko sareen artean dago Instagram ere. Euren edukiak argitaratzeko aukeratzen duten hizkuntzaz galdetuta, %21,7k erantzun du gaztelaniaz beti, eta euskaraz gehien %0,8k.
Musikaren kontsumoa ere aztertu dute inkestaren bidez: ikasleek non eta zein hizkuntzatan entzun ohi duten musika.
Gehienek Youtube (%85,7) eta Spotify (%64,1) aukeratzen dituzte musika entzuteko, eta, batez ere, gaztelania da nagusitzen dena: %23,2.
Bideojokoen kontsumoan ere gaztelania izaten da aukera. Galdetutako gazteen %62,5 gaztelaniaz aritzen da, %22,2 ingelesez eta %2,7 euskaraz.