'Gure bizitzaren filmak': Zine Klubaren 40 urteak biltzen dituen dokumentala
Zine Klubak 40 urte bete ditu, eta lau hamarkadako ibilbidea ospatzea erabaki du, ekitaldiz betetako egun batekin. Musikak, antzerkiak eta Zine Klubari buruzko ikus-entzunezkoaren estreinaldiak beteko dute Lizeo Antzokia, barikuan; 20:00etan jarri dute hitzordua.
Gernika-Lumoko Zine Klubak 40 urte bete ditu, eta lau hamarkadako ibilbideak erraza dirudien arren, “ilusio handia” dauka oinarrian, baita jende askoren lana ere. Ondorioz, klubaren urteurrena ospatzea erabaki eta ekitaldiz betetako eguna prestatu dute. Musikak, antzerkiak eta Zine Klubari buruzko ikus-entzunezkoaren estreinaldiak beteko dute Lizeo Antzokia, barikuan; 20:00etan jarri dute hitzordua. Hala, herritarrei eta inguruko bizilagunei bertaratzeko deia egin diete.
“Kalkula ezazu zure bizitzako zenbat ordu eskaini dizkiozun zinemari eta zinemak zure bizitzan duen garrantzia ulertuko duzu”. Hala diote Zine Klubeko ordezkariek, eta euren ibilbidearen helburu nagusia lau segundoko esaldi batean laburbildu daitekeela esan dute: zineaz gozatzea eta zazpigarren artearen edertasuna zabaltzea. Hori da urte hauetan guztietan bilatu dutena.
“Filmaketa” berbaren bi esanahiak goraipatu dituzte; alde batetik, sorkuntza zinematografikoa, eta, bestetik, fenomeno zinematografikoaren azterketetan sakontzea. Ildo horri jarraituz, euren ibilbidea laburtzen duen ikus-entzunezkoa sortu dute aurten: Gure bizitzaren filmak. “40. urte honetan, ikus-entzunezkoa grabatu dugu, eta egindakoa estreinatuko dugu barikuan”, adierazi dute Pedro Durana eta Doru Ionut Prisacariu ikus-entzunezkoaren zuzendariek.
Egitarau berezia.
Eurek ekoiztutako ikus-entzunezkoa proiektatzeko ekitaldi berezi hori Eneritz Artetxek eta Markos Estebanezek zuzenduko dute, eta, jarraian, Segundo Olaeta Musika Eskolako banda sinfonikoak kontzertu txikia eskainiko du, zine doinuak interpretatuz: Ennio Morriconeren konposizioak interpretatuko dituzte Artur Sustatxaren gidaritzapean, baita La La Land eta The Lord of the Rings banda sinfonikoak ere.
Gero, Sardo Irisarriren lagunak taldeak 40. urteurrena izeneko antzerki txikia eskainiko du, eta, ostean, proiektatuko dute dokumentala. “Erakusketa hau Zine Klubaren ibilbide oparoaren izpi bat besterik ez da”, diote.
Ekitaldiagaz amaitzeko, Juan Luis Ugalde Zine Klubaren sortzailea, Durana eta Priacariu igoko dira oholtzara, solasaldian batzeko.
Klubekoek urte guzti hauetan jasotako berotasuna eskertu gura diete ikusleei, zinemazaleei eta laguntzaile lanetan aritu diren guztiei. “Euren laguntza barik Zine Klubaren 40 urte hauek ospatzea ez zen posiblea izango, inondik inora ere”.