Xabi Barandika gernikarrak Banakako Txapelketa lehiatuko du
Berriatuan bilatuko dute munduko puntistarik onenek banakako txapela. Barikuan eta zapatuan [abenduak 16-17] hasiko dira kanporaketak.
Laugarren urtez jarraian Berriatuan ari da jokatzen banakako zesta punta txapelketa, aurre kanporaketak jokatu dira, eta orain sartuko dira jokoan munduko puntistarik onenak, tartean, Xabi Barandika aurrelari gernikarra.
Barikuan eta zapatuan [abenduak 16-17] hasiko dira kanporaketak Mendibarren frontoian. Barandikak Jean Olharanen kontra lehiatuko du kanporaketa, zapatuan, eta horien ostean ariko dia zein baino zein gehiago Imanol Lopez eta Johan Sorozabal. Bezperan, berriz, Julen del Riok Aritz Erkiaga egungo txapeldunaren aurka neurtu beharko ditu indarrak barikuan [abenduak 16]. ostean, Jokin Arbek eta Aimar Aldazabalek elkarren aurka jokatuko dute.
Abenduaren 23an jokatu dira finalaurrekoak, egun bakoitzeko irabazleek elkarren aurka jokatuko dute. Finala abenduaren 30ean jokatuko da.
Jaialdi denak 21:00etan hasiko dira. Final laurdenetako eta finalerdietako sarrerek 5 euro balio dute, eta finalekoak 10 euro. Hauek frontoiko leihatiletan erosi daitezke bakarrik, ez da internet bidezko salmentarik egongo.
“Jai Alai World Tour oso harro txapelketa honek hartu duen garrantziaz”, esan du enpresako arduradunak. “Ohore bat da munduko pilotaririk onenak Mendibarren frontoian txapelarengatik borrokatzen ikustea”, gehitu du Jon Arriola Berriatuko alkateak. Mikel Plaza zesta eskolako arduradunak nabarmendu du helburua bete dutela azken urteetan: “Udalagaz batera helburua zen txapelketa egonkortzea, orain jarraipena eman nahi diogu”. Beste urte baterako dute sinatuta akordioa. “Gure frontoiko neurriak eta ezaugarriak oso egokiak direlako modalitate honetarako”, gehitu du.
Aurten, gainera, gazteen aldeko apustua egin dute. Hain zuzen ere, horietako bik lortu dute aurre kanporaketak gainditzea: Julen Del Riok eta Johan Sorozabalek.
Gogotsu. Erkiaga egungo txapeldunak aitortu du bere maila onenetik “urrun” dagoela, baina txapela errepikatzeko prest aterako da. “Gaitza izango da lehen kanporaketan mailarik onena ematea, baina partidekin erritmoa hartu nahi dut. Frontoi honetan indarrak ez du hainbeste balio eta xehetasunek ezartzen dute aldea, sakeak, adibidez”. Del Riok dagoeneko bi partida jokatzearen abantaila baliatu nahiko du: “Beldurrik gabe egingo diot aurre, niretzako puntistarik onena da, baina sorpresa ematen saiatuko naiz. Gainera, neurria hartu diot frontoiari”.
Frontoiaren trikimailu denak ezin hobeto ezagutzen dituena Aldazabal herriko semea da. Txapelketa “berezia” da atzelariarentzat, bi urtetan finalera heldu da berrituarra, baina iaz lesio batengatik ezin izan zuen parte hartu, “arantza kendu nahi dut”. Ezin izan du nahi bezala prestatu txapelketa, “helburua da aste honetan entrenamendu onak egitea”. Arberen aurka jokatuko du lehen kanporaketa, biek ala biek ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar. “Partida gogorra izango”, aurreratu du. Aldazabalek behintzat zaleak alde izango ditu, “barikuetan giro ederra egoten da frontoian eta herritarrak pilota gosez daude”.
Lopez azken bi urteetako txapeldunordeak iaz esan zuen bere azken txapelketa izango zela, baina bueltan da. “Zapore gazi gozoagaz amaitu nuen iaz, aurten, berriz, fisikoki askoz hobeto nago, eta mentalki bikain. Berriatura itzultzeko beharra nuen, nigatik eta zaleengatik”. Aurre kanporaketa gainditu duen Johan Sorozabal izango du aurrean. “Garrantzitsua da gazteak gure artean jokatzea, fisikoki indartsu datoz, maila handiagaz. Nire esperientzia baliatu beharko dut Johani aurre egiteko”.