Emakume baserritarrei aitortza
Emakume baserritarrak aitortzeko eta euren lanari eta euskal nekazari zein merkatari guztien lanari "merezi" duen balioa emateko eskultura jarri du udalak Domingo Alegria plazan. Instalazioak baserriko emakumeen lana du ardatz, eurak zirelako eta gaur egun ere eurak direlako merkatura joan ohi direnak.
Emakume baserritarrak dira astelehenero-astelehenero Gernika-Lumoko Merkatu plazako protagonista nagusiak, eta baserriko emakumeak aitortzeko eta euren lanari eta euskal nekazari zein merkatari guztien lanari “merezi” duen balioa emateko eskultura jarri du udalak Domingo Alegria plazan. Hain zuzen ere, Rosari Artxederreta baserritarrak eta Maria Teresa Beaskoa eta Serapio Undabarrena bi bezero beteranoek inauguratu dute obra.
Instalazioak baserriko emakumeen lana du ardatz, eurak zirelako eta gaur egun ere eurak direlako merkatura joan ohi direnak. “Emakume baserritarrei merezitako errekonozimendua eskaintzen die eskulturak. Izan ere, eurak dira azokari nortasuna eskaintzen dienak. Ezin da azoka hau, Gernika-Lumokoa, emakumeen presentziarik barik ulertu”, adierazi dute aurkezpenean.
Onintza Enbeita bertsolari eta nekazariak postua dauka Merkatu plazan, eta 365 egunez emakume baserritarrek egiten duten lana azpimarratu du bertso baten bidez. Lunes Gernikez kolperik bez esaera zaharraren “oinarria eta zutabea” direla plazako emakumeak adierazi du: “Dena merezi dute, baita neguan plazan hotzari eusten egoten direnean ere”.

Hain zuzen ere, Miguel Gonzalezek diseinatutako eskulturak Gernika-Lumoko astelehenetako plazako salmenta postu batean dagoen emakumeen irudia islatzen du: salmenta postu baten aurrean dago emakumea, barazki eta fruta saskiekin batera, eta balantza batek eta atseden hartzeko aulki batek betetzen dute ingurua. Eskultura brontzezkoa da eta sei metro koadroko azalera dauka.
“Baserrian egiten dute lan, lehenengo; ortuan edota kortan aritzen dira beharrean, gero, baturiko produktuak Merkatu plazan saltzeko. Saltzen aritzen diren gehienak andrak izan ohi dira, eurak dira salmenta postuak betetzen dituztenak. Saldu ostean, janari dendetara joaten dira produktuak erostera”, adierazi du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak.
Gorroñok dioenez, kalitatezko produktuak erosteko aukera “paregabea” eskaintzen du azokak: “Azokaren inguruan gauza asko mugitzen dira. Horien artean, garrantzitsuena da kalitatezko produktuen presentzia; baratzetik zuzenean datorren produktua eros daiteke bertan, kontserbagarririk barik”.
“Bizitzaz beteriko plaza”.
Urteen joanaren ondorioz, udalerriko bizimodua “asko aldatu” dela adierazi du alkateak, baina Gernika-Lumoko asteleheneroko azokak “bizia” izaten jarraitzen duela aitortu du: “Batzuk saltzen etortzen dira, beste batzuk erosten edo begiratzen. Eta lagunekin elkartzeko gunea ere bada”.
Lagunen “topagunea” izateak “oso osagai sozial garrantzitsua” daukala dio: “Oso osasungarria da lagunekin egotea eta bizitzako inpresioak trukatzea”.

Hori horrela, nabarmendu du udal merkatua bizirik mantendu gura dutela: “Udal merkatua hobetu, eguneratu eta guztiontzako topagune izatea gura dugu, gazteentzat eta helduentzat, gure izaerari eutsiz”. Horregatik, 2018ko otsailaren 28an Merkatu plaza hobetzeko aurreproiektu bat egin zutela gogoratu du, hainbat arrazoi direla medio, gaur egun arte ezin izan dutena lizitatu. “Baina beharrezkoa da hori egitea. Gernikarrentzat oso leku garrantzitsua da, eta datorren agintaldian gauzatuko dugu”, gehitu du.
Emakume baserritarrak omentzeaz gain, udalerriko historiaren parte izan diren merkatariak omendu gura izan ditu alkateak: merkatariak, janari dendak, oihal eta soinekoen dendak, burdindegiak, zapatariak, jatetxeak, tabernak… “Gure herria maite dugu eta guztiontzako herri gura dugu”, adierazi du.
Gogorarazi du, gainera, Gernikako azokak aspaldikoak direla, eta 1366an Herri Gutunean jasota daudela. Bertan jasotzen denez, Gernikak bakarrik izango luke asteko merkatu bat, eta Gernikak bakarrik antolatu ahal izango lituzke nekazaritza eta abeltzaintza azokak.
