Diego Beaskoetxea: "Urkok ezin hobeto baliatu du bere aukera"
Diego Beaskoetxea Gernika Jai-Alai Eskolako irakaslea da. Bertatik irten den azken harri bitxia da Urko Lekerika, eta Diegok inork baino hobeto ezagutzen du, bere maisua baita.
Diego, nolakoa da Urko ikasle bezala?
Diego Beaskoetxea: Ikasle oso ona da. Afizio handia dauka, eta horrelako ikasleak beti izaten dira onak. Urkok gogo handia erakusten du ikasteko, hobetzeko, eta egunen batean goian egon ahal izateko. Irakasle bezala gozamen hutsa da horrelako ikasleak edukitzea.
Urko, eta Diego entrenatzaile bezala?
Urko Lekerika: Plazer bat da beragaz entrenatzea. Bere esperientziak eta jakituriak asko laguntzen digu, eta asko ikasten dugu. Beragaz entrenatzea plazer bat da.
Beaskoetxea zure belaunaldiko zestazale askoren idolo izan da. Nola ikusten zenuen txikitan?
U.L.: Diego gernikarra izan arren, beti egon izan da Ameriketan. Uda partean Gernikara bueltatzen zenean, ilusioz hartzen genuen, eta idolo bat bezala ikusten genuen. Goiko eta Diego ziren punta-puntako pilotariak, eta herrikoa izanda, asko miresten genuen.
Urko frontoian hezi eta hazi den gazte bat da. Nola bizi izan duzu bere progresioa?
D.B.: Jai-Alai eskolak azkenengo urteetan bere anaia Unai, Xabi edo orain Urko atera ditu. Niretzako gozamena da txikitatik frontoian ikusi ditudan pilotariak goi-mailan ikustea. Orain Urkori iritsi zaio txanda, eta erakusten ari den maila harro egotekoa da, bai niretzat irakasle moduan eta baita ere eskolarentzat.
Asteleheneko partidan murgilduta, nola ikusi zenuten elkar?
D.B.: Esan beharra dago markagailua alde izateak ikaragarri lagundu zigula guri. Urko eta Davidek lehen jardunaldian egindako partida ikusita, argi ge-
neukan topera sartu behar ginela, eta horrela sartu ginen.
U.L.: Guk bagenekien partida oso zaila izango zela. Markagailuan behetik ikusi ginen, baina gutxinaka-gutxinaka hurbiltzen joatea lortu genuen. Hiru tantora hurbildu ginen, baina maila honetako bikoteen aurka jokatzea oso zaila da, eta margailuan ikusi zen.
Nola planteatu zenuten partida?
D.B.: Nik Urko oso ondo ezagutzen dut, eta beraz nahikoa lasai egon nintzen alde horretatik. Beteraniak lasaitasun puntu bat eskaintzen du. Hala ere, markagailuan horren ondo hasteak partida asko baldintzatu zuen, gure onerako. Urko lehenengo partidako puntista onena izan zen, eta argi geneukan ezin geniola konfiantza hartzen utzi.
U.L.: Nik pertsonalki banekien errematatzea ezinbestekoa nuela, bestela ezin izango nintzen partidan sartu. Bikote honi tantoak egitea oso zaila da eta, beraz, ni fin ibili behar nintzen aurreko koadroetan.
Presioa ezartzen al du faborito kartelak?
D.B.: Izen bat izateak presioa dakar beragaz. Diego-Lopez bikotea ez da orain dela zortzi urtekoa, guk badakigu hori, baina jendeak uste du izenek irabazten dutela partida. Hori jakinda, egia da irabazteko presioagaz etorri ginela. Jakinda, gainera, seguruenik nire azken txapelketa izango dela, irabazteko beharra sentitzen dut.
Nola egiten zaio aurre 8-0 kontrako markagailuari?
U.L.: Atsedenaldira markagailu horregaz iritsi arren, ez nintzen bat ere urduri jarri. Irabazten edo galtzen joan, argi neukan egin beharreko bidea zein zen, eta horretan zentratu nintzen. Markagailuari kasurik ez egiteko erabakia hartu nuen.
Zalantzaren txokoari buruz zer iritzi daukazue?
D.B.: Egia esaten badizut, nik ez dakit oso ondo zeintzuk diren arauak, ez dakit zenbat bider eskatu daitekeen. Publikoak ere ez daki oso ondo eta, gainera, kamerak ez badira behar bezala kokatzen ez du ezertarako balio. Ondo antolatzen bada, aurrerapauso bat izan daiteke, baina momentu honetan ez zait gustatzen. Hobetu behar den tresna bat da.
U.L.: Nik ondo ikusten dut zalantzaren txokoa izatea. Epaileak ere pertsonak dira, eta akatsak egiten dituzte. Egia da kamaren kokapenean buelta eman behar dietela, baina ikusten dut gure kirolean aurrerapen bat dela.
Nolako bikotea sortu duzu Lopezegaz?
D.B.: Lopezi irabazteko, beste atzelariak asko jokatu beharra dauka. Hala ere, faborito izatearen erantzunkizuna dauka beti, eta hori eramatea ez da bat ere erraza. Beste eguneko maila erakusten duenean, oso erraza da beragaz jokatzea.
Urko, azkenengo tantoetan gora etorri zinen, ezta?
U.L.: Bai, aldea nabarmena zela ikusita, bi tantotan arriskatzea erabaki nuen, eta publikoaren erreakzioa ikusteak asko animatu ninduen. Zaletuak gure alde jarri ziren, eta polita izan zen frontoia geure alde ikustea.
Nola ikusten duzu Urkoren etorkizuna?
D.B.: Ikasten jarraitu behar du. 17-22 urte bitarteko hiru edo lau aurrelari on daude, eta izango dituzten aukera guztiak baliatu behar dituzte. Urkok bere aukera izugarri ondo aprobetxatu du. Nik banekien nolako maila emango zuen, eta Urriko Lehen Astelenean zein txapelketako lehen partidan maila edarra erakutsi zuen. Bietan izan zen partidako puntistarik onena, baina lanean jarraitu behar du.
«Ikasten jarraitu eta aurrera beti» esaldiagaz amaitu zenuen partida. Argi daukazu jarraitu beharreko bidea, ezta?
U.L.: Noski baietz, oraindik gazteak gara, eta akats asko egiten ditugu. Ikasten eta entseatzen jarraitzeko momentua da. Heltzen diren aukeratarako prest egon behar gara, eta ahalik eta hoberen egiten saiatuko naiz. Ikasteko biderik onena partidak ikustea da, eta hoberenetatik ikasten jarraitu nahi dut.
Maila ona al dago gazteen artean?
U.L.: Maila ona dago, baina ez zaie gazteei aukera asko ematen. Hala ere, pilotari onak daudela badakit, eta etorkizunean paper ona egin dezakegula uste dut.
Winter Series bezalako txapelketek harrobia sustatzen al dute?
D.B.: Azkenengo urteetan gazte gehiago agertzen dira, txapelketak ikusten dituztelako. Egia da Gernikan beti izan dugula afizioa, zein harrobia, baina beharbada azkenengo pare bat urteetan bai igo da frontoira hurbildu diren gazteen kopurua.
Diego, telebistan aipatu zenuen txapela irabazteko gehiago hobetu behar duzuela. Zertan?
D.B.: Lehenengo egunean ez genuen ezer ondo egin bikote bezala. Oraingoan askoz hobeto etorri gara. Ni fisikoki askoz hobeto sentitu naiz, eta Imanol ere askoz gusturago ikusi nuen. Hala ere, txapela lortzeko nik gauzak argiago izan behar ditut aurreko koadroetan eta Imanolek oraindik gehiago dominatu behar du.
Fisikoa aipatu duzu. Nola prestatzen zara gazteen aurka jokatzeko?
D.B.: Ez da bat ere erraza. Partida aurreko azken entsegu serioa eguenean egin nuen, eta barikuan zein zapatuan ia-ia mugitu ere ezin nintzen egin. Adinak gauza horiek ditu, eta oso ondo kalkulatu behar dituzu egiten dituzun esfortzuak. Fisikoa faktore garrantzitsu bat da, gure gorputza aldatu egin delako.
Argi daukazu zure azken txapelketa izango dela?
D.B.: Nahikoa argi daukat nire azken txapelketa nagusia izango dela. Hala ere, Dania, Miami edo Mexikon aukeraren bat irteten bada, pentsatu egingo dudan zerbait da, baina exijentzia txikiagoko txapelketak izan beharko dira.