Taldearen maila, elkartearen izaera
Arrolape Mendi Klubak hamargarren denboraldia amaitu du. Urtearen balorazio oso positiboa egin dute, baina kexu dira Kirol Patronatuaren diru-laguntzen sarean sartu ez izanaz.
Abendua iristeak Arrolape Mendi Klubeko partaideek lasterketen denboraldia amaitu dutela esan gura du. Aurtengoa, beren ibilbideko hamargarrena, denboraldi oso arrakastatsua izan da arrolapetarrentzat; goi-mailan aritu dira bakarka nahiz taldeka, eta hainbat eratako lasterketak onenen pare lehiatu dituzte. Horregaz batera, elkarte legez ere urte oparoa eduki dute, eta, hori horrela, “balorazio bikaina” egin dute mendi taldekoek.
Emaitzei dagokienez, “oso harro” ageri dira, eta taldearen “aniztasuna” nabarmendu dute: “Mendi probetan, asfalto gainean, kronoigoeretan eta beste hainbatetan aritu gara, eta denetan Bizkaiko nahiz Euskal Herriko onenen pare ibiltzea lortu dugu”. Era berean, belaunaldi berrien sarreraz mintzo dira: “Lasterketetan ikusi dugu geroz eta gazte gehiagok lehiatzen dutela, eta txandapasa hori modu egokian ematen ari dela; hori ere benetan pozgarria da”.
Aurtengo erronka nagusienetakoa (eta hurrengo urteetan lantzen jarraituko dutena) emakumeen parte hartzea izan da. Klubagaz aktiboki bat egiten duten emakumezkoen kopurua “apurka-apurka gorantz” doa, eta horrek isla du, adibidez, emaitzetan: “Oihane Perez, esate baterako, goiko kotan ibili da Euskal Herriko Ultra Txapelketan eta beste hainbat lasterketatan; bestalde, atletismotik datozen eta trail munduaz gozatzen hasi berri diren neska gazteak ere azpimarratu gura ditugu, besteak beste, Alluitz de Bilbao edota Jone Oar-Arteta“.
Aurtengo une gailurren batengatik galdetuta, ez dute zalantzarik egin arrolapetarrek: Gernika-Lumoko VIII. Mendi Jaia. “Pandemia ostean, 1.000 lagun elkartu ginen, eta parte-hartzaile bakoitzeko euro bana lortu genuen, Arnasa Bizkaia elkarteari laguntzeko. Ekarpen hura egitea oso hunkigarria izan zen kide guztientzat”. Gainera, Urdaibai Kopak egindako ekarpenak ere plazaratu dituzte. “Urte osoan zehar, antolatzaileen artean egiten den elkarlana arteko adibide ederra da: mendia modu lehiakorrean zein aisialdiaren ikuspuntutik ulertzen duten kirolarien bateratze gunea da; euskaraz, tokian tokiko herritarren laguntzagaz eta boluntarioekin antolatzen da; Urdaibai Biosfera Erreserbako txokorik politenak eta, era berean, ezezagunenak ikusarazteko bidea ere bada”.
Diru-laguntzen auzia. Denboraldiaren irakurketa borobila egin arren, Arrolape Mendi Klubeko partaideek adierazi dute Kirol Patronatuaren jarrera “ez dutela ulertzen” eta, horrez gain, “ez direla elkarte bezala aitzatetsiak sentitzen”. Argitu dute beste kirol batzuen pisuak “itzal handia” egiten diela: “Ez dugu ezer gainontzeko kirol elkarteen kontra, denak ala denak guztiz beharrezkoak baitira; gainera, badakigu beste askogaz alderatuta ibilbide laburra dugula eta klub txiki samarra garela. Merezi dugun errekonozimendua baino ez dugu eskatzen”.
Arrolapekoek “helburu eta amets ugari” dituzte hortzimugan: “Gustatuko litzaiguke gure gazteen talde federatiboa edukitzea, entrenatzaileak kontratatzea, mendi film astea egitea, Urdaibaiko Ultra sortzea, hitzaldiak antolatzea eta abar”. Nolanahi ere, diru kontuak arerio dituzte: “Gaur-gaurkoz, zorrik ez edukitzeko borrokan ibili behar izaten gara, eta zentzu horretan oso eskertuta gaude herriko komertzioek nahiz enpresek ematen diguten laguntzagatik”. Beraz, arrolapetarrek Kirol Patronatuari eskatu diote beren taldea beste edozein modura aintzat hartzeko, diru-laguntzak jasotzeko aukera eduki dezaten. “Ekainean klubaren memoria aurkeztu genuen patronatuan, baina ez dugu erantzunik jaso. Proiektu honek, herriko beste askok bezala, diru-laguntzen sarean sartzea merezi du. Izan ere, guk ere zelanbait Gernika-Lunmoren izena lau haizetara zabaltzen dugu”.