Mugimenduaren askatasuna
Migrazio mugimenduak ulertarazteko eta kultur aniztasuna bultzatzeko asmoz, ‘Pertsona guztiak mugitzen gara’ programa garatzen ari da Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea. Abenduaren 26tik 30era bitartean egingo dute programa Errigoitiko Uriako ludotekan, 11:00etatik 14:00etara arteko ordutegian.
“Etorkin deitzen didate ni iraintzeko, biziraun nahi izatea iraina balitz bezala”. Hala esan zuten emakume etorkinek #LasMigrantesHablan ekimenean, eta munduko migrazio prozesuak ulertzeko zereginean jarri du arreta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Pertsona guztiak mugitzen gara programaren bitartez, migrazio mugimenduen berri eman gura dute, gaur egungo egoerari buruzko gogoeta eginez.
Hain zuzen ere, abenduaren 26tik 30era bitartean egingo dute programa Errigoitiko Uriako ludotekan, 11:00etatik 14:00etara arteko ordutegian; eta, bertan parte hartzeko, abenduaren 13a aurretik eman beharko da izena, udaletxean.
Kulturartekotasunean sentsibilizazio lana egitea da Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak urte luzez bilatu duena. Lehen ekitaldietan, bost kontinenteek osatu zuten programaren ardatz nagusia, eta 2017tik 2020ra, munduko ipuinak izan ziren ekimen ezberdinak garatzeko oinarria. Iaz, herrien arteko loturetan sakondu zuten, munduko kulturen arteko parekotasunak agerian utziz; eta, orain, migrazio mugimenduez ohartaraztea da asmo nagusia.
Migrazio mugimenduak ez direla gauza berria azpimarratu gura dute mankomunitatekoek: “Gogorarazi gura dugu gaur egun beste herrialde batzuetako pertsonak Busturialdera etorkizun hobe baten bila ailegatzen diren modura, iraganean euskaldunon aitona-amonek egin zituztela maletak Estatu Batuetara joateko edota Gaztelako eremuetatik iparraldera etortzeko”.
Kultur aniztasuna eguneroko errealitatea da eskualdeko herri guztietan. 73 herrialde ezberdinetako auzokideek osatzen dute Busturialdeko biztanleria, hau da, eskualdeko populazioaren %9,5 dira atzerritarrak; Gernika-Lumon %12,4koa da tasa. Egoera horren aurrean eta bizikidetza sustatzeko asmoagaz, 2009tik eskualdeko udaleku eta ludoteketan garatzen da kultur arteko sentsibilizaziorako programa hau, 6 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendutakoa. 2019an hamahiru udalerrietako 223 haurrek –113 neskak eta 110 mutilek– parte hartu zuten; 2020an, berriz, pandemiaren ondorioz, bertan behera geratu ziren saioak, eta iaz berreskuratu zituzten, talde mugatuetan.
Ideia da kultura eta jatorri ezberdinetako pertsonek osatzen duten berdintasunezko espazio jostagarria sortzea programagaz, izaera aktiboa eta metodologia parte hartzailea erabiltzen duten ekintzak egin ahal izateko. Hain zuzen, munduko herri ezberdinen berdintasunak azpimarratuko dituzte jaiak, dantzak, ohiturak edota gizarte antolaketa desberdinetako adibideak aztertuz. Hau da, beharrezkoak diren elementuak identifikatuko dituzte, beste herrietan gertatzen denari buruz kontzientzia hartzeko. Ekintza eta jolasen bidez, berdintasunean hezi gura dituzte eskualdeko umeak. “Busturialdeko haurrak errespetuan, elkarbizitzan eta kulturen arteko harremanetan oinarriturik dagoen ibilbide jostagarri batean murgildu gura ditugu”, adierazi dute antolatzaileek. Halaber, joko eta antzezpenen bidez, gorputz adierazpena eta ahalmen fisikoa lantzea bilatu dute.
Hiru orduko bost saio
Euren asmoa da umeek migrazio mugimenduen berri izatea eta gaur egungo egoerari buruzko gogoetak sustatzea. Eta helburu horiek guztiak lantzeko hiru orduko bost saio prestatu dituzte, baina tokian tokiko errealitatera egokitu daitezkeela azaldu dute, horien luzapena eta saio kopurua moldatuz.
Lehenengo saioan kontzeptuak argitzen ahalegintzen dira, ilustrazioen bidez: berdintasuna, arrazakeria, xenofobia, giza eskubideak, errefuxiatuak, migranteak, desherrituak… Eta kontzeptu horiek guztiak azaldu ostean, irudi bidezko hiztegia egitea proposatzen diete gazteei. Eta, hori eginda, Migrazioaren Oka izeneko jolasera jolastuko dute parte hartzaileek. Hala, gizakiaren eta herrien mugimenduak ezagutuko dituzte, eta migrazioak arrazoi ezberdinengatik beti existitu izan direla ezagutuko dute. ”Migrazioak bere gain duen justizia eza nabaritu eta ezagutzea da asmoa”, diote arduradunek. Migrazio prozesu osoa ere ezagutuko dute beste jolas baten bidez, jatorritik helmugarainoko prozesua, eta bizikidetzak zertan datzan azalduko diete.
Bigarren saioaren helburua, berriz, herrialde baten barne migrazioak zergatik gertatzen diren ulertzea da, eta kasu praktiko baten bidez ikasten dute hori: Torotik (Zamora) Gernikara garai batean hurbildutakoen kasua aztertuz, hain zuzen ere. “60ko hamarkadan Toro hiriko biztanle asko Gernikara eta inguruko herrietara joan ziren, eta bi hiri hauek anaitasuna sinatu zuten 2006an. Gernika Toroko migrazio helmuga garrantzitsuenetako bat izan zen, eta Bizkaiko udalerrian bizi dira Toron jaiotako bizilagun asko”, azaldu dute antolatzaileek. Hala, 60ko hamarkadako migrazioen zergatiak ezagutuko dituzte parte hartzaileek, horien arrazoiak, ezaugarriak eta ondorioak aztertuz. “Lan aukerarik eza eta enplegu hobeen bilaketa izan ziren arrazoi nagusiak”. Migrazio Jokoaren Zirkuituari esker, modu fisiko zein psikologikoan ulertuko dituzte migrazioak zer diren.
Herrialde barruko prozesuetatik, herrialde batetik besterako migrazioak ezagutzera egingo dute jauzi hirugarren saioan, eta Peters mapa ezagutuko dute. Gainera, Australia eta Estatu Batuetako migrazioak aztertuko dituzte. Hala, munduari eta errealitateari buruzko ikuspegi ezberdinak ezagutuko dituzte. “Beste herrialdeetako historiak plazaratuko ditugu, beste herrialde eta errealitate batzuei buruzko informazioa jasoz”.
Komunikazioa
Programak gizakien arteko komunikazioan ere sakontzen du, eta komunikatzearen garrantzia azpimarratzen du. Hori dela eta, ikus-entzunezko bati esker, lengoaia mota ezberdinak lantzea dute helburu, baita bataren eta bestearen arteko komunikazioa sustatzeko bitartekoak ezagutaraztea ere.
Migrazio prozesuekin jarraituz, horiei buruz jendeak uste duena ezagutzeko saioa ere egiten du mankomunitateak laugarren saioan. Migrazioei eta errefuxiatuei buruzko informazioa batzen dute, eta horiei buruzko ezagutza areagotzeko ekintzak sustatzen dituzte, baita ezagutzak partekatzeko modu berriak probatu ere. “Mitoak bertan behera uzteari ere garrantzia ematen diogu”, zehaztu dute.
Azken saioa, jokoz, ekimenez eta ospakizunez betetakoa izango da. Pertsonak “ilegalak” izan daitezkeen edo ez aztertuko dute, eta elkarbanatzearen garrantzia ezagutuko dute. Hala, jokoei esker, gizaki eta ohitura ezberdinen arteko errespetua garatuko dute parte hartzaileek, talde lana bultzatuz, sormena landuz eta ezagutza eta ulermenearen garrantzia ezagutuz. “Ikasitako guztia ikusita, herri globala sortzen saiatzen gara azken saioan. Etxeek sentimenduen izenak izango dituzte edo jarrera positiboenak. Herrian ez da harresirik egongo, eta pasaporteak ez dira beharrezkoak izango. Filosofia propioa jarraituko duen saioa egiten dugu, etorkizunaren aurreproiektua”, adierazi dute arduradunek.
Programa bizikidetza, elkarlana eta errespetua uztartzen dituzten jaiagaz amaitu ohi dute.