Kortezubiko Udalak jasangarritasuna eta eraginkortasun energetikoa bultzatzeko neurriak hartu ditu
Udalak Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergen udal ordenantzak aldatu ditu, eta hobariak proposatu ditu CO2 emisioak murrizten laguntzeko eta energia gastua murrizteko. Onarpenak energiaren kontsumo "arduratsua" sustatzea du helburu, eta datorren urtean indarrean sartzea espero dute. Udal tasak izoztuta mantenduko dituzte.
Kortezubiko Udalak Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergen udal ordenantzak aldatu ditu, jasangarritasuna eta eraginkortasun energetikoa bermatzeko helburuz. Hala, udalak hobariak proposatu ditu udal tasetan, bizilagunei CO2 emisioak murrizten laguntzeko eta energia gastua murrizteko.
“Udalak jasangarritasun irizpideak mantentzen ditu bere kudeaketan eta tokiko energia plangintzaren esparruan. Izan ere, neurri estrategikoak hartu ditu herrian CO2 emisioak murrizten laguntzeko eta energia berriztagarrien alde egiteko”, adierazi du Karmele Enbeita Kortezubiko alkateak. OHZren eta TMIZren udal odenantzen aldaketen hasierako onarpenak energiaren kontsumo “arduratsua” sustatzea du helburu, “ingurumenaren iraunkortasuna bultzatzeko”.
Hala, TMIZn %40ko hobaria ezarri du energia elektrikoa eta erregaia konbinatuz propultsio metodo hibridoa erabiltzen duten ibilgailuen kuotan. Hobari hori lortzeko, bizilagunek eskabidea aurkeztu beharko dute, eta, horregaz batera, Ibilgailuen Azterketa Teknikoko Txartelaren kopia; bertan, ibilgailua elektrikoa dela edo energia elektrikoa eta erregaia konbinatzen duten propultsio metodo hibridoa erabiltzen duela adierazi beharko da. Hobaria %95ekoa izango da motordun ibilgailu elektrikoen kasuan.
Udal arduradunek zehaztu dutenez, gainera, zerga honen zergaren kuotaren %90eko beste hobari bat ezarri da familia ugarientzat, “bost plaza edo gehiagoko ibilgailu bakar baten alde”. Hobari hau lortu gura dutenek titularraren baimenaren kopia, IATren kopia eta familia ugariaren tituluaren kopia aurkeztu beharko dituzte.
Ondasun Higiezinen gaineko Zergari (OHZ) dagokionez, ordenantzaren aldaketak zergaren kuota osoaren %5oeko hobaria ezartzen du eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektronikorako sistemak instalatu dituzten eraikinen jabeentzat, “hobari eskaera aurkeztu eta lehen bost urteetan”. Hobari hau eskatzeko, beroa sortzeko instalazioek administrazioak homologatutako kolektoreak edo berokuntzako eta ur bero sanitarioko sistemak izan beharko dituzte.
Gainera, %50eko hobaria proposatu dute familia ugariko titularren ohiko etxebizitza osatzen duten higiezinen alde. Kasu honetan, hobariak ahalmen ekonomikoari erantzun beharko dio, betiere etxebizitzaren Gutxieneko Balio Egozgarria 300.000 eurotik gorakoa ez bada. Hobari hori jaso ahalko dute, gainera, kotizaziorik gabeko pentsiodunek, diru sarrerak bermatzeko errenta edo bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzeagatik kalteberatasun egoera daudenek eta gurasobakar amaduneko edo familia gurasobakar aitaduneko familiek.
Udal ordenantzen aldaketa hauek azken osoko bilkura berretsi dituzte, eta datorren urtean indarrean sartzea espero dute.
Udal tasei buruzko ordenantzen esparruan, Kortezubiko Udalak tasak izoztuta mantentzen ditu, kortezubitarren familia ekonomia laguntzeko asmoz.
Alkateak adierazi du “apurka-apurka” herritarrak kontzientziatu behar dituztela klima aldaketa geldiarazten laguntzeko: “Horretarako, gure eguneroko bizitzako ohitura batzuk aldatu beharko ditugu, eta neurri jakin batzuk hartu. Udaletik erantzukizunaren zati bat gure gain hartu gura dugu, udal ekipamenduetan eraginkortasun energetikoko neurriak aplikatuz eta bizilagunak CO2 emisioak murrizten lagunduko dituzten aldaketa batzuk euren gain har ditzaten bultzatuz”.