Kantaz kanta eta dantzarik dantza
Jendea dantzan jarri nahi dute, gozatu eta gozarazi, eta erraz lortzen dute hori. Escamot català talde kataluniarreko dantzari eta musikariak Euskal Herrian daude egunotan, eta gaur (abenduak 8) Gernika-Lumon egin dute geldialdia. Sigi-Saga eta Eingo taldeetako kideekin batera kalejiran ibili dira eguerdian.
Eguerdian Astran bazkaldu dute alkarregaz, eta arratsaldean jai giroan segitzeko plan ezin hobea prestatu dute. 17:00etatik aurrera dantza tailerra eskainiko dute Astran, eta 19:30ean hasita, berriz, dantzaldi irekian batuko dira.
Askotariko dantzak ikusi eta ikasteko aukera eskainiko dute, eta horiei buruzko azalpenak ere emango dituzte: baltsak, pasodobleak, eskotixak, mazurkak, jauziak, jotak, Lantzeko zortzikoa, Chapelloise, Borobila… “Batez ere Okzitania, Katalunia, Frantzia, Europa eta Euskal Herrietan jatorria duten dantzak joko ditugu”, adierazi dute.
Euskal Herrian bira. Abenduko zubian Kataluniatik Euskal Herrira bertaratzen diren zortzigarren aldia da aurtengoa. Busturialdera ailegatu aurretik, Baigorri, Irurita, Iruña eta Leitzan ibili dira, eta Kataluniara bueltatu aurretik Elgeta eta Bergara jarriko dituzte dantzan.