Herriko ekonomia eta aisia suspertzeko egitarau zabala antolatu dute Gabonetarako
Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen elkarteak eta udalak elkarlanean antolatu dute egitaraua, "udalerrian Gabonetako aisia eta erosketak suspertzeko".
Gernika-Lumoko kaleetan giroa eta aisialdia dinamizatzeko eta udalerriko ekonomia bultzatzeko asmoz, egitarau zabala prestatu dute Gernika-Lumoko Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen Elkarteak eta Gernika-Lumoko Udalak. Jarduerak urtarrilaren 5era bitartean egingo dira, eta gernikarrei, eskualdeko bizilagunei zein bisitariei zuzenduta daude.
“Gabonetako giro erakargarria sortzen saiatzen da urtero Gernikako Merkatari Elkartuak elkartea, udalerriko kaleak ilusioz betetzeko asmoz. Horretarako, egitarau zabala prestatu du, elkarteak herriko merkatari zein ostalariekin duen erantzukizuna islatzen duena”, azaldu dute elkarteko ordezkariek, eta adierazi dute udalagaz elkarlanean prestatu dutela guztia. Izan ere, diotenez, helburua bera dute: udalerrian Gabonetako aisia eta erosketak suspertzea. “Gure denden eta ostalaritzaren eskaintzaren disdira ikusi nahi dugu, Gabonetako espiritu onenagaz babestu, eta euren erakusleihoetatik eta tabernetako barretatik Gabonak herrian bizitzeko ilusioa transmititu”, diote.
Horregatik guztiagatik, Gabonetako argiztapena herriko toki gehiagotara zabaltzea lortu dute bigarrenez; hala, aurreko urteetako lekuez gain, Industria, Urkieta, San Juan Ibarra plaza eta Barrenkale kaleak argiztatu dituzte. Argiztutako guneak gehiago diren arren, energia aurrezteko konprimisoa hartu dutela adierazi dute, argiztapen guztia kontsumo txikiko LEDekin egin baitute.
Gehitu dute, GMEren Gabonetako kanpainaren baitan, musikak hartuko dituela kaleak, “Gabonetako atmosfera sortzeko helburuz”; kaleko musika ordutegi komertzialean entzungo da.
Erakusleiho lehiaketa.
Elkarteko arduradunek elkarteko kide diren establezimenduei dei egin diete erakusleihoak Gabonetako gaiekin apaintzeko eta Gabonetako Erakusleihoen 6. Lehiaketan parte hartzeko. Lehiaketa Gernika-Lumoko merkatari enpresa guztiei zuzendu zaie, baita ile-apaintzaile, estetika eta ostalaritza bezalako zerbitzu enpresei ere. Hala, aurten, 70 establezimendu baino gehiagok eman dute izena lehiaketan. “Erakusleihoen lehiaketak helburu jakin bat dauka: merkatarien sormena sustatzea eta gure bezeroentzako erakargarri izatea”.
Lehiaketa domekatik urtarrilaren 6ra egongo da martxan, eta, Gernika-Lumoko saltokietan trukatu ahal izan diren hiru opari txartel banatuko dituzte, “merkataritza sarea indarteko, bazkideen arteko harremanak dinamizatzeko eta merkataritza jarduera aberasgarria sortzeko”. Irabazleak 1.000 euro jasoko ditu, bigarrenak 600 euro eta hirugarrenak 400; 10 finalistentzako sariak egongo dira. Herri bozketa ere egingo dute, bakoitzak bere erakusleiho gustukoena aukeratzeko, eta, boto emaileen artean, 300 euro zozkatuko dituzte txarteletan.
Haurrentzako 7. Marrazki Lehiaketa.
Gernika-Lumoko kultur etxeagaz elkarlanean, berriz, Haurrentzako 7. Marrazkieta Lehiaketa antolatu dute. Hala, haurrek aurkezten dituzten lanak udalerriko kaleetan jarriko dituzte ikusgai, gaztetxoenen Gabonetako ikuspuntua ikusi ahal izateko. Lehiaketan haur guztiek parte har dezakete, eta, diotenez, harrera “oso ona” daukan lehiaketa da, azken urteetan 300 pertsonak parte hartu dutelako. Marrazkiak elkarteko hurrengo establezumenduetan aurkez daitezke: @Green, Bizi Poza, Umeak, Gotzone, Kotoi, Marisol, Zibu Zabu eta Mononoke.
Guztira, hiru sari emango dira herriko saltokietan erabiltzeko, opari txartel modura; lehenengoak 50 irabaziko ditu, bigarrenak 30 eta hirugarrenak 20. Gainera, irabazleek kultur etxeak antolatutako haurrentzako ikuskizun baterako sarrerak ere jasoko dituzte, kultura eta merkataritza uztartzeko asmoz. “Familiak herriko merkataritzara hurbiltzen laguntzeko sariak dira, tokiko merkataritzak herrtarrekin daukan inplikazioa baloratzeko eta tokian tokiko balioa belaunaldi berriei transmititzeko”.
Gernikako Merkatari Elkartuak elkarteak, gainera, animaziozko programa bat era antolatu du, eta, horren baitan, barrakak jarri dituzte San Juan Ibarran; domekara arte egongo dira. Astelehenetik aurrera, berriz, txirrista erraldoi bat eta puzgarriak egongo dira bertan. Asteburu eta jai egunetan 12:00etatik 15:30era eta 16:30etik 22:00etara egongo dira zabalik, eta lanegunetan, 17:00etatik 21:00etara. Jakinarazi dutenez, herriko kontsumoa bultzatzeko asmoz, elkarteko establezimenduetan kontsumitzen duten pertsonek deskontuak jaso ahalko dituzte: 5 eurotik gorako erosketengatik doako sarrera bat, eta 12 eurotik gorakoengatik %20ko deskontua.
Bestalde, herriak erosteak eta kontsumitzeak duen garrantziaz kontzientzia sustatzeko asmoz, elkartearen parte diren establezimenduek birziklatutako paperezko poltsa pertsonalizatuak edukiko dituzte, elkartearen logotipo berriagaz. “Alkartetik merkataritzaren, ostalaritzaren eta enpresa elkartuen irudi bateratua eraiki gura dugu. Horregatik, iaz opari papera izan zenaren ordez, birziklatutako poltsak izango ditugu aurten. Merkataritzaren esker oneko keinu kolektiboa eta fideltasuna sustatzeko ahalegina dira, gure nortasuna zabaltzeko asmoaz gain”.
EGITARAUA
Abenduak 10, zapatua.
13:00-14:30. Kalejira Kun-Kun batukadagaz, Industria eta Picasso kaleetan.
Abenduak 16, barikua.
18:00. Ipuin kontalariak San Juan Ibarran.
Abenduak 17, zapatua.
13:00-14:30. M&A Swing Machine taldeagaz kontzertua Industria kalean.
Abenduak 23, barikua.
13:00-14:30. Arrapaladan taldeagaz trikipoteoa, San Juan Ibarra eta Errenteria inguruan.
18:00. Txokolate jana San Juan Ibarran.
Urtarrilak 5, eguena.
13:00-15:00. Arrapaladan taldeagaz trikipoteoa, San Juan Ibarra eta Errenteria inguruan.