Beaskoetxea eta Lopez, jaun eta jabe
Beaskoetxea eta Lopezek Jai-Alai Winter Series txapelketako bigarren edizioko lehen garaipena lortu dute Lekeriga gaztea eta Minviellen aurka. Horrela, Beaskoetxea eta Lopez B multzoko sailkapenaren bigarren postuan kokatu dira 4 punturekin. Lekerika eta Minvielle multzo horretako sailkapenaren azken postuan daude, puntu bakarrarekin.
Beaskoetxea eta Lopez zalantza askorekin iritsi ziren Jai Alai Winter Series txapelketako bigarren jardunaldira, atzo (abenduak 5). Aurrean Lekerika gaztea eta Minvielle izan zituzten, eta beteranoak ez bezala, hauek sentzazio onekin iritsi ziren atzoko partidara.
Partida aurreko zurrumurruak albo batera utzita, Beaskoetxeak eta Lopezek partidako lehen tantotik erakutsi zuten zertara zetozen. Lehenengo tantoetan ez zieten aukera bakar bat ere eman Lekeribeaskoa anaietan gazteenari eta Biarritzeko atzelariari; horren erakusle argiena izan zen lehen seteko deskantsura iritsi ziren emaitzarekin, 8-0 gorrien alde. Horrelako kasuetan, atsedenaldia inflexio puntua izaten da markagailuan atzetik doazenentzako, eta atzokoan ere horrela izan zen. Gutxinaka-gutxinaka urdinak tantuak egiten hasi ziren. Lehenengoa, gorriek partidan izandako aurreneko akats baten ondorioz iritsi zen, aurrelari gernikarra airez sartzera joan zen, baina ez zuen asmatu, eta Lopezi gainetik pasa zitzaion pilota. Gernika-Lumoko Jai-Alaira hurbildu ziren 1.800 zaleen gehiengoak tantoa nola ospatu zuen ikusita, argi zegoen frontoia noren alde zegoen.
10-4koarekin, atzo protagonista izan zuen zalantzen txokoaren lehen agerraldia iritsi zen; tantua gorriena izan bazen ere, Lopezen xisteratze baten falta eskatu zuten urdinek, botea eman zuela eskatuz. Epaileek arrazoia eman zieten, eta 10-7raino ere hurbildu ziren, partidako tarterik estuena lortuz. Partidako lehen zailtasunaren aurrean, gorridunek beterania graduak eskaintzen duen lasaitasuna plazaratu zuten, eta 15-8arekin itxi zuten lehen seta. Ez polemika gabe; izan ere, urdinek berriz jo zuten zalantzen txokora eta oraingoan berriz ere arrazoia zutela ematen zuen arren, epaileek gorrien alde egin zuten, publikoaren zaratak eta txistuak eraginez.
Gorriak ezin hobeto sartu ziren bigarren setean. Lopez, beregan ohikoa den bezala, oso seguru agertu zen, eta Beaskoetxeak ikusgarriak eta txalotuak izan ziren txapa gaineko bi bota zituen. 4-0, eta berriz ere zalantzaren txokoaren txanda. Gernikarrak atera eta atzeko epaileak pasa zela adierazi zuen; erabakiarekin erabat ados ez eta, Beaskoetxeak eskua altzatu, eta jokaldia berriz ikusi ostean, epaileak bere erabakia berretsi zuen, pasa izan zen. Lehenengo setean maila ona erakutsi bazuten ere, bigarren setean txapelketa hasi aurretik bikote gorriarengan espero zen maila erakutsi zuten Beaskoetxeak eta Lopezek. Atzelaria, zestazaleak ohituta dituen bezala, atzeko koadroetaz jabetu zen, eta larregi mugitu gabe, erraz dominatu zuen biarritzekoa. Beaskoetxeak Gernikako Jai-Alaiko aurreko koadroetan horrenbestetan egin dituen tantoak egin zituen. 12-1ko markagailuarekin Jai-Alaiko zalegoa itzalita nabaritu zuen Leke txikiak. Horren aurrean, eta galtzeko ezer gutxi zutenez, posible ziren pilota guztietara sartu zen Jai-Alai eskolako aurrelaria, eta markagiluan bosteraino heltzea lortu zuen; 15-5 bukatu zuten partida.
Gauzak horrela, Lopez eta Beaskoetxeak Goiko eta Etxeto harrapatu dituzte B multzoko sailkapenean, biak lau punturekin, baina bigarrenak partida bat gutxiago jokatuta. Tambourindegi ordezkatzen ari den Urko, eta Minvielle, sailkapenaren azken postuan daude, puntu bakarrarekin.
Datorren astean beste gazte baten estreinaldia biziko da Gernikako katedralean. Alex Goitia markinarraren txanda izango da oraingoan; Aimarrekin jokatuko du, Thomas Urrutia Ameriketara joan ostean. Aurrean, lehenengo edizioko txapeldunak, Erkiaga eta Zabala izango dituzte. Estreinaldi gogorra beraz markinarrarentzat.