Alluitz de Bilbao eta Julen Aranguena txapeldun, Elantxobeko III. Kaltzadan Gora lasterketan
39 korrikalarik parte hartu dute Elantxobeko III. Kaltzadan Gora lasterketan, eta Julen Aranguenak eta Alluitz de Bilbaok irabazi dute. Nagusiek lehiatzen zuten bitartean, herri krosean murgildu dira txiki zein nagusiak. Arratsaldean, San Nikolas egunaren ospakizunekin jarraituko dute elantxobetarrek.
Udalerriko aldatz malkartsu bezain gogorrak igotzen hasi dituzten San Nikolas jaiak elantxobetarrek. 39 korrikalarik parte hartu dute Elantxobeko III. Kaltzadan Gora lasterketan, eta Julen Aranguenak eta Alluitz de Bilbaok irabazi dute. 1.100 metro egin dituzte, 227 metroko desnibela gaindituz.
Bigarren urtez jarraian, Aranguena izan da azkarrena, 7 minutu eta 38 segundotan amaitu baitu proba; iaz 7 minutu eta 34 segundo behar izan zituen lasterketa amaitzeko. Hiru segundo atera dizkio Javi Goitia bigarrenari, eta 2019ko lehenengo Kaltzadan Gora lasterketan nagusitu zen Imanol Goñi natxituarra sailkatu da hirugarren, 7 minutu eta 53 segudoko markagaz. Hain zuzen, 2019an natxituarrak ezarritako denbora –7 minutu eta 28 segundo– hobetzeko erronka bota zuten antolatzaileek, baina inork ez du gainditu haren marka.
Emakumezkoetan, berriz, De Bilbao igo da emakumezkoen podiumaren gorenera. Kortezubitarrak lehenengoz lehiatu du proba, eta 10 minutu eta 34 segundotan amaitu du 1.100 metroko ibilbidea. Jone Oar Arteta sailkatu da bigarren, 11 minutu eta 4 segundoko denboragaz, eta Inma Ruiz iazko irabazleak osatu du podiuma; 11 minutu eta 21 segundotan amaitu du.
Atxurkulu Mendi Taldeak, Elantxobe Arraun Elkarteak eta Elantxobeko Udalak antolatu dute proba, eta parte hartzaile kopuruagaz “pozik” agertu dira, izan ere, urtez urte gero eta gehiago dira parte hartzera animatzen direnak: “Datorren urtean euren markak hobetzeko asmoz geratzen dira batzuk”. Inguruko herrietako korrikalariez gain, aurten urrunagotik ere gerturatu direla adierazi dute antolatzaileek: Bilbotik, Ondarroatik edota Bermeotik. “Gero eta ezagunagoa den lasterketa da, herritarren artean zabaltzen ari dena”, diote.
Hobetzeko zerbait aipatzekotan, emakumezkoen parte hartzailea hobetu behar dutela aitortu dute, hiru izan direlako aurtengo korrikalariak: “Urtero urtero hiruzpalau animatzen dira, baina gehiago gerturatzea gura dugu. Gogorra da, baina ondo pasatzeko aukera ona da”.
Hirugarrenez antolatu dute lasterketa, eta “lan asko” egin dutela adierazi dute arduradunek: “Guk ez daukagu esperientziarik lasterketak antolatzen, baina gorputza hartzen doan hitzordua da, eta oso pozik gaude”.
Lasterketak iraun bitartean, herri krosean murgildu dira txiki zein nagusiak. Kikimarratuta edo mozorrotuta atera dira kalera, eta kolorez bete dute lasterketa. Etxetxutik atera eta Bidebarrirainoko tartea “gogotsu” bete dute, euren artean lehiatuz edota barre artean korrika eginez. Txikienak guraso edo familiakoek lagunduta joan dira.
Egun osoko egitaraua.
Nikolas Deuaren ospakizuna goizean goiz hasi badute ere, arratsaldean ere jendez beteko da herria. 17:30ean, umeentzako herri kirol saio parte hartzailea egingo dute plazan, Urtza Herri Kirol Klubak antolatuta, eta, 19:00etan Mitxek Playgaz disko festan elkartuko dira Elizabarrin.
Rock musikak hartuko du, gero, kostako herri txikia; izan ere, Postpose eta The Uski’s musika taldeak ariko dira Elizabarrin.
Zapatuan, berriz, Elantxobe 1990-1993 bideoaren proiekzioa egingo dute San Nikolas elizan, 18:30ean hasita.