Gaztelugatxe Jaiotza ikusgai dago Bermeoko Kofradia Zaharrean
Bizkaiko Belenzaleen Elkarteak sortu duen Gaztelugatxe Jaiotza ikusgai dago Bermeoko kofradia zaharrean, urtarrilaren 6ra arte. Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Belenzaleen Elkarteak elkarrekin kolaboratzen duten bigarren urtea da.
Bizkaiko Belenzaleen Elkarteak sortu duen Gaztelugatxe Jaiotza ikusgai jarri du Bermeoko Udalak, Kofradia Zaharrean. Gaur goizean (abenduak 2) ipini dute, eta urtarrilaren 6ra bitartean egongo da bertan. Bizkaiko Belenzaleen Elkarteak Bermeorako osatzen duen bigarren Gabonetako jaiotza da aurtongoa. Jaiotza egin dutenek aitortu dute beraientzat “plazer hutsa” dela Bermeoko herriarentzat lan egitea.
Jaiotza bi zatitan banatuta dago. Aurrekaldean, lurrean, jaiotzetako ohiko elementuak daude. Atzekaldean, itsasoan, Gaztelugatxe nabarmentzen da; hortik dator lanaren izena.
Bizkaiko Belenzale Elkarteko kideek azaldu dute otsailetik ibili direla jaiotza honetan lanean. Ordu asko dituen lan bat izanik, “pazientzia asko” izan behar dela azaldu dute elkartekoek.
Datorren urtean Bermeoko Udalak beraiekin kolaboratzen jarraitzea erabakitzen badu, Bizkaiko Belenzaleen Elkarteko kideek aurreratu dute badabiltzala ideia berrietan pentsatzen, eta, seguruenik, Solluberekin zerikusia daukan zerbaitetan murgilduko direla. Lan horrek teknikoki “zailtasun asko” izango lituzkeela jakin badakite, baina ilusioz hartuko luketela azaldu dute.
Sortzaileak. Gaztelugatxe Jaiotzaren egileek azaldu dute lanaren parte garrantzistuena hiru pertsonen artean egin dutela. Hala ere, azaldu dute hamabi pertsona inguruk lagundu dutela detaile txikiak egiten, eta, beraz, jende askoren lana dagoela jaiotza horren atzean. Hamar pertsona ibili dira Bermeoko antzinako arrantzaleen kofradian jaiotza jartzen, eta egun oso bat behar izan dute dena prestatzeko.