Jose Mari Gorroñok Cenarrusa saria jaso du
Gloria Totorikaguena Egurrola Cenarrusa Fundazioko zuzendariaren eskutik jaso du Cenarrusa Saria Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak gaur eguerdian, udaletxean.
Euskal kulturarako Cenarrusa Fundazioak 2021eko saria Gorroñori ematea erabaki zuen, “memoria historikoaren alde udalerrian egindako lanagatik, gobernu onarekin daukan konpromisoagatik, eta udalerriko hazkunde politiko, kultural eta sozioekonomikoari eskainitako dedikazioagatik”. Euskara, euskal kultura, euskal identitatea eta giza eskubideak “sustatzea eta babestean alkateak erakutsitako hanpadura” goraipatu ditu fundazioko sarien epaimahaiak. Bere nortasuna eta Gernika-Lumo “herri atseginagoa eta modernoagoa” egitera bideratutako lana ere azpimarratu dute, “bere nortasuna galdu gabe, eta bere ondare nagusia memoria historikoa dela ahaztu gabe”.
“Gernika-Lumoko komunitatea babesteko erakutsitako lidergoagatik eta eginahalagatik, bakearen eta tolerantziaren alde lan egiten duten nazioarteko beste erakunde eta eragile batzuei ongi etorria emateagatik eta bere bihotzean beti Boiseko euskaldunak edukitzeagatik eman diogu saria”, esan du Torikaguenak .
“Urduri eta hunkituta” dagoela aitortu du Gorroñok, saria jasotzea “ohore handia” dela, eta saria herri osoarentzat dela esan du: “Gernika-Lumorentzako saria da, eta ohorez eta apaltasunez jasotzen dut. Alkate izendatu nindutenean, amak esan zidan denentzat lan egiteko, inor baztertu barik, eta ez ahazteko herria, pertsonak, daudela lehenengo, talde politiko guztien gainetik, eta horretan ahalegintzen naiz. Apaltasunez eta ilusio handiz lanean segituko dut, denontzat, inor baztertu barik, guztiontzako herria nahi dut”.
Pete Zenarrusa Gardoki fundazioaren sortzailea ezagutu zuen Gorroñok, eta 2000 eta 2005ean beragaz egon zen Boisen. “Politikari handia, desberdina eta erreferentea” izan zela nabarmendu du: “Errepublikarrek zein demokratek botoa ematen zieten; herriagaz hurbila zen, humanoa, pertsonak lehenesten zituena. 52 urtez bete zuen ardura politikoren bat; diputatua eta ganberako presidentea izan zen, eta bere ibilbide politikoko azken 36 urteetan estatuko idazkaria izan zen, eta 86 urte betetzear zela utzi zuen kargua”.
Formaz Idaho irudikatzen duen oroigarriagaz batera, 1.000 dolarreko txekea eman diote Gernika-Lumoko alkateari, eta Cenarrusa Fundazioko zuzendariari bueltatu dio, Boisen “Gernikari buruzko ekitaldi bat” antolatzeko, eta, horrela, “bi hirien arteko senidetzea sendotzeko”.
Totorikaguena ere gernikarren alaba da, eta fundazioaren lanari buruzko azalpenak eman ditu; besteak beste, ikerketa, hezkuntza eta euskara proiektuekin kolaboratzen dute. “Fundazioan euskara zein bakea bultzatzeko hemen egindako jardueren berri daukagu, baita Euskal Herriko balioei, demokraziari, tolerantziari eta beste kulturak ikasteari buruz egindako lanketen berri ere. Fundazioaren helburua dira euskal-amerikar identitatea mantentzea eta mundu zabalagaz lotzea”.
1917an Idahon jaio eta 2013an zendu zen Zenarrusa, eta besteren artean, haren familiakoak (Jose Zenarruza munitibartarra zen haren aita, eta Ramona Gardoki gernikarra ama), lagunak zein Boisen egondako zenbait gernikar, Maria Oianguren Gernika Gogoratuzeko zuzendaria eta Iratxe Momoitio Bakearen Museoko zuzendaria ere egon dira udaletxeko ekitaldian.
Fundazioaren sorrera. Zenarrusak Freda Coates emazteagaz sortu zuen fundazioa 2010ean. “Zenarrusa Gardoki familiak sinpletasun, apaltasun eta hitz emandakoa betetzearen indarra irudikatzen ditu, eta baita komunitatearen ongizatea lortzeko lan egitea, eta denei, kolore guztietakoei, entzuten jakitea ere. 1950etik 1998ra kargu publikoak bete zituen, AEBtan ibilbide luzeena bete zuen hautetsia izan zen. Bere lidergoa, izaera eta nortasuna justua zen”, azaldu du Cenarrusa Fundazioko zuzendariak. Eta gehitu du bere pasioa herriari, herritarrei “zerbitzua ematea” zela: “Errespetuz entzuten zuen zer behar eta gura zuten”. Euskal Herriaren historiarekiko, kulturarekiko, euskara mantentzearekiko eta Gernikarekiko ere “pasioa sentzitzen” zuela azpimarratu du: “Hamarkadetan bakearen alde komunitate honetan egin den lana munduak ezagutzea garrantzitsua zen beretzat. Idahoko estatuan sortutako giza eskubideen batzordeko lehenengo zuzendaria izan zen Zenarrusa. 1993an sinatu zuen Boise eta Gernika-Lumo senidetzeko akordioa”.