Helburua bete du Hazitoki Topaketak
Gernika-Lumoko Merkatu plazan egindako zirku jardunaldi inklusiboa "arrakastatsua" izan da. Askotariko jarduerek eta Hazitoki programan dauden ikasleen erakustaldiak jende asko erakarri dute bertara.
Zirkua bada inklusiboa, eta hori erakutsi du bigarrenez Hazitoki Topaketak. Domekan (azaroak 26) askotariko jarduerak egin zituzten Gernika-Lumoko Merkatu plazan, eta jardunaldia “arrakastatsua” izan dela esan dute antolatzaileek.
Balorazio oso positiboa egin dute. Jende asko batzeaz gain, denak gustura egon izana azpimarratu dute arduradunek: “Zabalkundea egin genuen, baina ez genuen espero halako arrakasta izatea. Etorritakoek esan ziguten oso pozik zeudela, giro ona sumatzen zutela, familia-giroa, eta ekintza pila bat eta oso desberdinak zeudela”.
Dirua biltzea zen asmoa, eta euren helburua bete dute. “Hazitoki programan behar bereziak dituzten pertsonentzat begiraleak eta irakasleak eta materialak behar ditugu, batzuek material bereziak behar dituztelako, eta horretarako izan da diru-bilketa“. Aurten babesle asko izan dituzte, eta euren ekarpena ezinbestekoa izan da. Era berean, domekako jarduerak doakoak izan baziren ere, itsulapikoak ipini zituzten herritarrek euren borondatea uzteko: “Bai babesleak bai familiak oso ondo portatu dira. Guk espero baino gehiago atera genuen domekan. Oso pozik gaude, lortu dugu ikasturte honetarako behar bereziak dituzten pertsonentzako irakaslea edukitzea. Aurretik begiralea ipintzen zuen enpresak esan zigun aurten ezin zela horren kargu egin, eta, orain, helburua lortuta, urte osorako irakaslea daukagu”.
Goizez zein arratsaldez denetariko ekintzez gozatzeko aukera egon zen plazan: zirku tailerra, globoflexia, aurpegi margoketa, eskulanak, ponpa tailerra, Hazitoki gala, txokolate jana… Proiektua Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan garatzen dute, eta bertako ikasleek erakustaldia eskaini zuten arratsaldean.
Zirku jardunaldi inklusibo horren helburua “behar berezidun pertsonek zirkuan egiten duten lana gizarteari erakustea” da: “Ikustaraztea lortu dugu, eta baita beraientzat zeozer egitea gizartearen barruan ere. Jardunaldian behar bereziak zituztenak eta ez zeuzkatenak batu ziren. Batzuentzat eurei bakarrik zuzendutako ekintzak egiten dira, eta gure helburua gizarteratzea da. Hori ikuskizunean oso ondo ikusi zen, baina baita gainontzeko jardueretan ere. Guretzat oso garrantzitsua da gizarteak ikustea zein arazo dauden, eta hemen daudela pertsona horiek”.
Bestalde, zeinu hizkuntzan aereoen tailerra ere antolatu zuten, Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan emateko, baina jende nahikoa ez zenez egon, bertan behera utzi zuten: “Pena handia eman zigun, bakarrik hiru pertsonak izena eman zuten. Ea hurrengoan lortzen dugun jendea animatzea”. Euren apustua zeozer berria eskaintzea zen, eta hurrengoan ere beste tailer bat eskaintzen saiatuko direla argi daukate: “Elkarte batzuetakoek esan ziguten eurak eroso sentitzen diren gunetik irtetzea oso zaila dela eurentzat; horrek esan nahi dugu oraindino egiteko bidea dagoela, eta egin behar dugula, eta egingo dugula. Hurrengo urtean saiatuko gara hori ez bada beste tailer bat eskaintzen, eta ea lortzen dugun eurengana hurbiltzea”.