Urdaibaiko kostaldearen "babes arauak errespetatzeko" eskatu du EH Bilduk
Urdaibaiko kostaldean kosta legea berrikustea onartu zuen joan den astean Espainiako Gobernuak, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta. EH Bilduk aldundiari eskatu dio Urdaibaiko kostaldea babesteko helburua duen legea aldatzearen arrazoiak eta ondorioak azaltzeko.
Espainiako Gobernuak Urdaibaiko kostaldean kosta legea berrikustea onartu zuen joan den astean, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta. Itsasadarreko babes metroak 100 metrotik 20ra gutxitzea eskatu zuen aldundiak, izan ere, Itsasertzen Legeak mareen lerrotik 100 metro baino gutxiagora eraikitzea eragozten du. Aldundiak eskaera horretan alegatzen du eremu hori hiri lurzoru modura kalifikatu zela egungo araudia indarrean sartu aurretik. EH Bilduk aldundiari eskatu dio Urdaibaiko kostaldea babesteko helburua duen legea aldatzearen arrazoiak eta ondorioak azaltzeko.
“Aurreko astean kezkaz ikusi genuen iragarrita Espainiako Gobernuak itsasertzeko babes metroak gutxitzea baimenduko duela, Muruetako ontzioletan eraiki ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta. Jakin izan dugu eskaera hori duela urtebete baino gehiago egin zela, eta aldundiak kontu handia izan duela publiko ez egiteko, EH Bildurentzat agerikoak diren arrazoiengatik”, adierazi du Iratxe Arriola Eako alkateak.
Arriolak jakinarazi du, aldundiak metroak gutxitzea posiblea dela justifikatzeko, 2004an mugaketa oker egin zela argitaratu duela; aldiz, 2012an, aldundiak berak mugaketa hori auzitegi gorenean babestu zuela gogorarazi du. Gaineratu du, aldundiak ez dituela aldaketaren arrazoiak eman: “Gure kostaldeak babesteko helburua duen lege baten salbuespenaren aurrean gaude, baina aldaketa eta zonaldearen etorkizuneko babesgabetasuna ez dira justifikatzen ere saiatzen. Arrazoia, ustez, prozedurazkoa da; baina, non daude bermeak? Kontutan hartu ahal da eragin ekologikoa?”.
Galderak erantzunik barik geratzen direla diote EH Bildukoek, “non eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserban”, eta salatu dute ahaldun nagusiak “ez daukala” oraindik proiektua garatuta: “Hala ere, arau hori eta beste batzuk aldatzera presaka abiatu da, eskualdeko lurralde plan partziala aldatzera, kasu”.
Beste gai batzuk ere “alde batera” utzi dituztela salatu du Arriolak, zonaldearen uholde arriskua, esaterako; izan ere, kota baxukoa da Gernika eta Mundaka arteko itsasadarraren eremua. “Uholde arriskua kontutan hartu behar da, klima aldaketaren ondorioz itsas maila igoko baita”, adierazi du Eako alkateak.
Jarduera industriala “gainbeheran”.
Biosfera Erreserba da Urdaibai, lurralde osora esporta daitezkeen garapen iraunkorreko esperientzietarako laborategi modura erabiltzeko asmoagaz sortu zena. Hala ere, urte hauetan Urdaibain garatu gura diren proiektu “gehienek” antolamendu garatzailearekin zerikusia dutela salatu du Arriolak, “tokiko garapenarenak baino”. Eskualdean tradizioa duen jarduera industrialaren zati handi bat –arrantza, nekazaritza, abeltzaintza, basogintza– edo tokiko merkataritza “gainbeheran” joan direla adierazi dute, eta salatu dute Eusko Jaurlaritzan edota aldundian gai horiek lantzeko eskumena duten sailek “ez dituztela sektore horiek biziberritzeko edo modernizatzeko planik bultzatu”.
Museo berriaren eraikuntzaren iragarpenaren aurrean, zuhurtzia aplikatu behar dela uste dute EH Bildukoek: “Horrek ingurumenaren eta kostaldearen babes arauak errespetatu behar direla esan nahi du”.
Era berean, horrelako izaera duen proiektu posible batean gizarte eragileen parte hartzera zabaldu behar dela uste dute, eta orain arteko “parte hartze falta nabaria kudeaketa defizit” nabarmena dela diote. “Gure ustez, hemen garatu gura duten proiektuak eragin oso zabala izango du eskualdean, eta uste dugu eremu horren baitan ikertu behar dela. Eskualdearen etorkizun sozioekonomikoaz ari gara, izan ere, espazio eta ingurune oso berezian izango du eragina. Uste dugu eztabaida hori ezin zaiola lapurtu bertoko jendeari. Hemengo herritar, eragile eta instituzioak izan behar dira protagonistak. Denon artean diseinatu behar da eskualde honen plan estrategikoa, etorkizuna eta hala aztertuko da proiektu baten edo beste baten etorkizuna”, adierazi du Iker Casanova EH Bilduko ahaldun nagusirako alkategaiak.
Lege aldaketari buruzko galderak Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Kosta Ministerioan aurkeztuko dituztela adierazi dute, “gaia sakon aztertu dadin”.