Gida Birak museoetako ondarea eta bertsogintza batuko ditu
Asteburu honetan bisita gidatuak egingo dituzte bertsolarien parte hartzearekin. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoko eta Bermeoko Arrantzaleen Museoko saioetan Aitor Etxebarriazarraga bertsolari gernikarra ariko da, eta Kortezubiko Santimamiñen, berriz, Ander Elortegi bertsolari natxituarrak parte hartuko du.
Abenduren 3a da Euskararen Nazioarteko Eguna, eta horren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak Gida Bira ekimena jarri du martxan; Euskararen Etxeak ondu du, Bizkaiko foru museo eta aretoen parte hartzearekin. “Euskarak munduari begiratzeko aparteko modu bat eskaintzen du, eta oraingoan, begirada hori bertsolarien bidez islatuko da Bizkaiko foru museo eta aretoetan, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko asmoz”, azaldu du Lorea Bilbao Ibarra Euskara eta Kultura diputatuak.
Gida Bira ekimenak museoetako eta aretoetako ondarea eta bertsogintza batuko ditu; hamar saio egingo dituzte, “bisitariei esperientzia kultural berezi eta erakargarri bat luzatzeko helburuarekin”. Asteburu honetan bisita gidatuak egingo dituzte bertsolarien parte hartzearekin: “Bertsolariek haien ekarpen oparoa egingo diote gidarien diskurtsoari, bisitarien gozamenerako”.
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan 10:00etan hasiko da saioa zapatuan (abenduak 3), eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolari gernikarra ariko da bertan, eta baita Bermeoko Arrantzaleen Museoan ere. 11:30ean hasiko dute Bermeoko saioa. Kortezubiko Santimamiñen, berriz, Ander Elortegi bertsolari natxituarrak parte hartuko du, domekan (abenduak 4), 12:00etan.
Bestalde, Ibon Ajuria gernikarra Muskizeko Pobaleko Burdinolan egongo da domeka eguerdian, eta saio horretan “bi gonbidatu berezi” izango dituztela aurreratu dute: Mari Domingi eta Olentzero. Oihana Bartra, Imanol Uria, Miren Amuriza eta Jone Larrinaga dira Gida Biran parte hartuko duten gainontzeko bertsolariak, eta Yogurina Borova artistak “bisita berezia” eskainiko du Bartrarekin batera, domekan, Rekalde Aretoan.
Foru diputatuak azaldu duenez “Gida Bira bisitariei esperientzia kultural berezi era erakargarri bat luzatzeko helburua” dauka. “Euskaraldia, Bertso Txapelketa Nagusia, Euskararen Nazioarteko eguna… hirurak datoz aurten bata besteagaz lotuta, eta polita iruditu zaigu gure museotan keinu berezia egitea testuinguru horri”. Bilbaok ondare immateriala ere balioan jarriko dutela adierazi du: “2023aren atarian, Europak ondare immateriala oso gogoan izango duen urtea izango da, eta ekimen honen bidez aurreratu egingo gara, eta gurean hain garrantzitsua den eta nazioartean ere erreferente den artea, bertsolaritza, museo eta aretoen erdian jarri nahi izan dugu, euskara erdian jarriz, alegia”.
Izena eman. Gida Birako asteburuko saioetan parte hartzeko, aurretiaz izena eman behar da. Euskal Herria Museoko ekitaldira joateko 94-625 54 51 telefono zenbakira deitu edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzi behar da; Arrantzaleen Museokoan parte hartzeko 94-688 11 71 telefonora deitu edo arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus helbidera idatzi, eta Santimamiñekorako 94-465 16 57 telefono zenbakira deitu edosantimamine@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzi.
GIDA BIRAREN EGUTEGIA:
- Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Aitor Etxebarriazarraga, abenduaren 3an, 11:30ean.
- Euskal Herria Museoa (Gernika), Aitor Etxebarriazarraga, abenduaren 3an, 10:00etan.
- Santimamiñe (Kortezubi), Ander Elortegi, abenduaren 4an, 12:00etan.
- Punta Begoña Galeriak (Getxo), Imanol Uria, abenduaren 3an,11:00etan
- Rekalde Aretoa, Oihana Bartra eta Yogurina Borova abenduak 4, 12:00etan
- Ondare Aretoa (Bilbo), Miren Amuriza, abenduaren 3an, 11:30ean
- Encartada Fabrika Museoan (Balmaseda), Ibon Ajuria, abenduaren 4an, 11:30ean
- Txakoli Museoa-Txakolingunea (Bakio), Jone Larrinaga, abenduaren 4an, 12:00etan.
- Arkeologi Museoa (Bilbo), Oihana Bartra, abenduaren 3an, 11:00etan.
- Pobaleko Burdinola (Muskiz), Ibon Ajuria, abenduaren 4an, 13:00etan (Saio honetan bi gonbidatu berezi izango dira, Mari Domingi eta Olentzero).