Aldarrikapenak plazara
Indarkeria Matxistaren kontrako egunaren biharamunetan ere salaketak kalera atera dituzte Busturialdeko herritarrek. Nabarnizen elkarretaratzean batu dira, eta Muxikan, berriz, bertso saio musikatuagaz gozatu dute.
Azaroaren 25etik haratago esateko eta salatzeko asko badago, eta egunez egun egin beharreko lana da indarkeria matxistaren kontrakoa ere. Egunotan hamaika ekitaldi egin dituzte eskualdeko herrietan, eta, asteburuan, esate baterako, Muxikan eta Nabarnizen elkartu dira.
Atzo eguerdian elkarretaratzea egin zuten Nabarnizko Eleizaldeko plazan, eta, arratsaldean, ostera, Tabuen kutxatik oholtzara bertso saio musikatu solidarioa eskaini zuten Muxikako Ariatzako elizan.
Tabuen kutxatik oholtzara Gipuzkoako hainbat herritan egin izan dute, baina Bizkaian egin duten lehenengo saioa izan zen atzokoa. Onintza Enbeita, Ane Labaka, Miren Amuriza eta Oihana Bartra bertsolariek Amaia Agirrek eta Iñurri elkartekoek ipinitako gaie erantzunez kantatu zuten. Izan ere, irabaziak Iñurri elkartearentzat izan dira; ikuspegi feminista eta eraldatzailetik minbiziari buruzko dibulgazioa eta formazioa eskaintzen du elkarteak. Orain dela ia lau urte sortu zuten Iñurri: “Gure egiak kontatzera gatoz. Inurriak bezala gara, txiki-txikiak, baina lanean nekaezinak. Egutegia kaleratu dugu, gure gorputz normalak bisibilizatzeko, eta bideo potcasta sortu dugu, gure gai guzti hauetaz aho-bizarrik gabe eta taburik gabe hitz egiteko”.
Minbiziagaz lotutako hainbat gai jorratu zituzten bertso saioan. Bestalde, Oxigastra Curtisi taldekoek Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunerako egindako bideoa ere proiektatu zuten, eta hori oinarri hartuta osatu zuten bertsoaldietako bat. Era berean, udalerriko umeek barikuan egin zuten horma irudia ere elizan ipini zuten.