Emakumeentzako "herri segurua" izateko konpromisoa berretsi dute bermeotarrek
Goizeko plenoan aho batez onartu den adierazpen ofizialen herri seguru bat izateko 11 konpromiso hartu ditu udala. Adierazpen ofiziala udalak herriko ikastetxeekin eta Erroxape emakume elkartearekin batera antolatu duen elkarteratzean irakurri dute.
Bermeoko Udalak Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko adierazpen ofizialean adierazi du “emakumeen askatasun indibidual eta kolektiboaren garapena” bermatuko dituela. Goizean onartu dute osoko bilkuran, eta eguerdian, berriz, udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariek irakurri dute, herriko ikastetxeekin eta Erroxape emakume elkartearekin batera egindako ekitaldian, Taraskan.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak elkarretarratzeari hasiera eman dio esanez Bermeoko Udalak “emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean lanean jarraitzeko konpromisoa berresten” duela. Alkateak ozen aldarrikatu du “gaur eta urteko beste egunetan” emakumeen aurkako indarkeriaren aurka “gogor” egingo dutela, eta adierazi du gaurko egunean herriko elkarte desberdinak helburu berdin bat aldarrikatzeko batu izana “pozgarria” dela.
Goizeko osoko bilkura aho batez onartu duten adierazpen ofizialean, berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko espazio publikoen alde egitera konprometitu da udalbatza. Helburu horren baitan, Bermeoko Udalak 11 konpromiso hartu ditu. Gaitasunak, sentsibilizazioa eta beste estrategia batzuk garatuko ditu. Indarkeria matxista desagerrarazteko bidean, kontzientziazio, sentsibilizazio, prestakuntza eta erreparazio lanak egindo ditu udalak. Gainera, segurtasunean eta sexu-eraso eta mehatxuen aurreko segurtasunean oinarritzen den Mapa Morea hiri diagnostikoa egingo dute. Inbertsioak sustatzea edota indarkeria digitala prebenitzeko eta horri erantzuteko estrategia lanak ere egingo dituela aurreratu dute.
Udalak adierazpen ofiziala irakurri ostean, herriko zenbait eragileen txanda izan da. Mikrofonora hurbiltzen lehenak San Frantzisko ikastetxeko umetxoak izan dira. Herri ikastetxekoek abesti bat sortu dute gaurko, eta Taraskara hurbildutakoen txalo artean ahoan irrifarre batekin abestu dute. Abestian, aurreiritziak eta eraso sexistak “gure bizitzetatik ateratzea” aldarrikatu dute. Ostean, Sagrado Corazon ikastetxekoen txanda izan da. Hauek manifestu bat irakurri dute, eta “zabaldu zure jarrera beldur barik” mezua zabaldu dute pankartak batzuen bidez.
San Frantzisko ikastetxeko ikasleak.
Oinarrizko Lanbide Heziketakoen manifestuan, berriz, emakume hutsa izateagatik gertatzen diren erasoekin bukatzea eskatu dute, eta gogoratu dute emakumeak “libre direla nahi duten bezala janzteko eta bizitzeko, ez direla inoren objektu”. Eleizalde ikastolakoek bertso bidez aldarrikatu dituzte emakumeen eskubideak. Bukatzeko, Erroxape emakume elkartekoek azkenengo urteetako joerak aztertzen zituen testu bat prestatu dute, eta “ez beti ez dela” gogoratu dute.