Emakumeek kaleak bere egin dituzte, biolentziaren aurkako aldarriagaz
Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, Busturialdeko elkarte, eragile eta herritarrek kaleak hartu dituzte, eta aldarrikapen egun bihurtu dute azaroaren 25a. Elkarretaratzeak, kultur jarduerak nahiz manifestazioak egin dituzte eskualdeko hainbat udalerritan. Besteren artean, Gernika-Lumon eta Bermeon bildu dira Itaia nahiz Emakume Sareko kideak.
Busturialdeko talde nahiz eragile feministak kalera atera dira gaur, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna tarteko. Aldarrikapenak nagusi izan dira egun osoan zehar, baina, batez ere, iluntzean; izan ere, elkarretaratzeak nahiz manifestazioak egin dituzte bai Gernika-Lumon, bai Bermeon. Kontzentrazio horietan, hain zuzen, emakumeek beren egunerokotasunean jasan behar izaten dituzten era askotako biolentzien aurkako aldarria plazaratu dute herritarrek.
Gernika-Lumon, Merkurio izan da programazio guztien abiapuntua. Gernika-Lumoko Sare Feministak 19:00etan ipini du hitzordua, herriko kaleak hartzeko asmoagaz. “Ezer gutxi aldatu dela” adierazi dute berba hartu duten kideek, beren irakurraldian; indarkeria matxistak dauzkan “hamaika forma eta mekanismo ezberdinak” izan dituzte ahotan. Era berean, feminismoak proposaturiko olatu bakoitzari “horiek geldiarazteko mekanismoak” ezarri gura zaizkiola adierazi dute. “Nazkatuta daudela” egin dute aldarri. Pareko moldez agertu dira Bermeoko Sare Feministako kideak, 19:30ean Taraskan elkartuta: “Beldurraren eta kontrolaren aurrean, justizia feminista aldarrikatu beharra dugu; nazkatuta gaude urtero-urtero salaketa berbera egin behar izateaz, indarkeria matxistak bere horretan jarraitzen duen bitartean!”.
Emakumezkoek nahiz sexu genero disidentedunek jasan behar izaten dituzten biolentzia motak “indarkeria anizkoitz baina parekoaren barruan” kokatu dituzte Emakume Sareetako kideek. Horren aurrean, ardura “denona” dela argitu dute Bermeon. Gernika-Lumon, aldiz, zuzenean gizonezkei “dagokien ardura” hartzeko agindua egin diete. “Hartu egoerak eskatzen duen erantzukizuna; azaleko diskurtsoek ez dute balio, praktikan ezer ez bada aldatzen. Utzi erasotzeari! Utzi konplize izateari!”, plazaratu dute. Bi herrietan gizartea jipoitzen duen gaitz horrekiko konponbide berbera proposatu dute: antolakuntza zein saretze feminista jorratzen jarraitzea.
Kanpaina ofizialen mugez. Itaiak ere mobilizazioetarako deialdia luzatu du gaurko egunez. Kideak Bermeon eta Gernika-Lumon elkartu dira. Bermeon, Lamerako Kioskoan ipini dute hitzordua, 18:30ean, elkarretaratzea egiteko. Bildutakoek adierazi dute, lehenik eta behin, indarkeria matxista “areagotu eta gogortu” egiten dela miseria ekonomikoaren eraginagaz. Erakundeen eta alderdi politikoen jardunaz mintzatu dira Itaiako kideak: “Proposatzen dituzte politikak indarkeria matxistaren kudeaketara eta norbanakoen lanketara bideraturiko lan ideologiko eta pedagogikora mugatzen dira”. Horregaz, indarkeria matxistaren lanketarako egun dauden muga ekonomikoei ere keinu egin gura izan diete.
Gernika-Lumon, Merkurion 20:00etan egin duten manifestazioan ere, soilik bai da baietz moduko esaldien “mugez” aritu dira, egunerokotasunak bistaratzen dituen errealitateak esaldi hori baino “oso bestelakoak” direla azalduz. Argitu dute “egiturazko zapalkuntza” existitzen dela, emakumeak bigarren mailako subjektu izatera bideratzen dituena. “Zertarako balio du milioika emakume esplotatzen dituzten enpresa, multinazional edota instituzioek indarkeria matxistaren aurkako kanpainak egiteak eta beren egoitzak kolore morez pintatzeak?”, adierazi dute.
Horregaz nabarmendu dute “ez dutela jardunerako inongo norabiderik elkarbanatzen emakumeen zapalkuntza beraien interes ekonomikoak bermatzeko baliatzen duten taldeekin“. Egoera horren aurrean, beharrezkotzat jo dute instituzioen “berdintasun faltsutik kanpo” antolatzea, eta interesa duen orori eskualdean indarkeria matxistari aurre egiteko sorturiko espazioetan parte hartzeko gonbita luzatu diote.
Gernika-Lumon ez ezik, Busturialdeko beste hainbat udalerrik ere gogoratu dute Biolentzia Matxistaren Aurkako Eguna. Besteren artean, Ean, Ibarrangelun edota Bermeon. Denek ala denek biolentzia horren kontrako hautu sendoa agertu dute egin dituzten kontzentrazioetan, eta tokian tokiko herritarrek babestu egin dituzte mobilizaziook.
Barikuko egitarauez gain, Muxikan Tabuen kutxatik oholtzara bertso saio musikatu solidarioa egingo dute domekan; Gernika-Lumoko Astra kultur faktorian, ostera, Memoria Eraikiz antzezlanaren hiru pase egingo dituzte zapatuan: 18:30ean, 19:45ean eta 21:00etan.