Poloniar isolamendu zurrunean "estreinako arrakalatxoa"
Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarrak bere emazte Oihana Goiriena nabarniztarraren aurrez aurreko bisita jaso du lehenengoz, Polonian atxilotu eta isolamendu egoeran kartzelaratu zutenetik. Przemyślko Lurralde Auzitegiak bihar erabakiko du behin-behineko espetxealdia beste hiru hilabetez luzatuko dion ala ez.
Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarrak aurrez aurreko lehendabiziko bisita jaso du, otsailean espiotza lanak egitea egotzita espetxeratua izan zenez geroztik. Bere emazte Oihana Goirienak Gonzalez bisitatzeko aukera izan du Radomgo kartzelan eta senarra “osasuntsu” topatu du bai fisikoki, bai aldarte aldetik: “Ondo aurkitu dut, betiere isolamendu egoera jasaten ari dela jakinda; egia da hasieran bezainbesteko gogor ez dudala igarri, baina, bederatzi hilabete luzeren ondoren, bere umore onari eusten diola ikusi dut, eta ez da gutxi”.
Gonzalez otsailaren 27tik 28ra bitarteko gauean atxilotu zuten, eta denbora tarte horretan Espainiar Estatuaren Poloniako kontsula eta bere abokatua izan dira hura bisitatzeko aukera eduki duten bakarrak. Orain, baina, kazetariaren defentsarako Poloniako lantaldea aldatu egin da, eta horrek ahalbidetu dio Goirienari bisita egitea. “Polonian orain arte eduki duen defentsak behin eta berriro errepikatu izan digu bisita baimena ekainaren 6tik tramitatzen ibili direla, baina prozesu horrek ez du inongo fruiturik eman; abokatu talde berria beharrean hasteagaz batera, baina, prozesua izugarri azkartu zen, eta azkenean iritsi da hainbeste itxaron dugun zita”, azaldu du Goirienak.
Goiriena: “Abokatu talde berria beharrean hasteagaz batera, prozesua izugarri azkartu zen”
Ordu biko bisita egin du nabarniztarrak, uneoro beste begi biren zaintzapean: “Hiru pertsonako sesioa izan zen. Poloniako inteligentzia zerbitzuetako emakume bat presente egon zen bisitak iraun zituen bi orduetan, esaten genuen guztia entzuten”. Dena dela, aurrez aurre eta kristal barik igaro zuten denbora tarte hori. “Elkar besarkatzeko eta eskuetatik oratuta berba egiteko aukera eduki genuen, horixe izan zen ederrena”. Espetxeratua izan zenetik, eskutitz bidezko komunikazioa izan da Gonzalezek baliatu ahal izan duen bide bakarra, horrek beregain dakartzan “traba guztiekin”.
Goiriena: “Elkar besarkatzeko eta eskuetatik oratuta berba egiteko aukera eduki genuen”
Goirienak adierazi duenez, gutun bidezko erlazioa “ez da inolaz ere erraza”: “Gutxi gorabehera, hilabete biko tartea behar izaten dute Euskal Herritik Poloniara edota Poloniatik Euskal Herrira bide egiteko; horrenbestez, atzerapena nagusitu izan da denbora horretan zehar. Pablok, sarri, bost edo hamar gutun jaso izan ditu erreskadan, eta gerora, ostera, denbora tarte handia igaro izan du bat bera ere jaso barik”. Telefono deiak egitea, ostera, “guztiz debekatuta” dauka gaur-gaurkoz.
Elkartasun uriola. Gonzalezen atxiloketak nazioartean hauspotu duen babesa eta berotasuna Radomeraino iristea ez du galarazi barroteen zamak . Bere auziaren nondik norakoak izandako zabalkundea eta jasotako elkartasuna eskertu ditu atxilotuak, “aurrera jarraitzeko kemena” ematen diela argituz: “Bere auzia ahoz aho ibili da hainbat eta hainbat komunikabidetan, eta mugimendu horrek guztiak indarrez betetzen du, injustizia handi bat salatu gura dutenak egon badaudela bistaratzen baitu”.
Goiriena: “Ez dugu uste epaileak bihar aldeko erabakiren bat hartuko duenik”
Bestalde, Przemyślko Lurralde Auzitegiak bihar (azaroak 24) bertan jorratuko du Gonzalezen auzia. Izan ere, elantxobetarraren behin-behineko espetxealdia luzatu ala ez erabakiko dute bihar. Goirienaren arabera, “litekeena da” beste hiru hilabetez luzatzea; luzapen horrek, hain zuzen, ia urtebetera arte eroango luke zigorra. “Ez dugu uste epaileak aldeko erabakiren bat hartuko duenik, hau da, seguru asko beste hiru hilabete egin beharko ditu, gutxienez, kartzelan; hori bai, behin urtebete eginda, bere auziaren prozedura aldatu egingo litzateke”. Argitzeke dago, baina, urtebeteko espetxealdi osteko prozedura horren nondik norakoak Gonzalezen alde edo kontra izango diren.
Bien bitartean, Goirienak aurreratu du bisita gehiago lortzea “oso gaitza” izango dela. “Bisita bakoitzak burokrazia behar astunak eskatzen ditu. Gainera, prozesu hori errepikatu egin behar dugu bisita bakoitzeko; hori ez da bidezkoa, eta pila bat zailtzen du egoera”. Nolanahi ere, aitortu du poloniar isolamendu zurrunean “estreinako arrakalatxoa” zabaltzea lortu dutela. Hurreko etorkizunera begira, “tankerako arrakala gehiago egitea” izango dute jomuga.