Muruetako Udalak "herria eta herritarrak ordezkatuko dituen bandera propioa" sortu du
Bizkaiko Batzar Nagusietan onartuta, bandera sortzeko prozesua gaur amaitu da. Muruetako herriak bere historian izan duen lehen bandera ofiziala da.
Muruetako herria eta herritarrak “ordezkatuko dituen” historiako lehen bandera propioa sortu du Muruetako Udalak. Bandera sortzeko prozesua gaur (azaroak 23) amaitu da, Bizkaiko Batzar Nagusietan onartua izan ostean (aurretik udalbatzak onartu zuen). Gaurko saioan Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoagaz berretsi da; oposizio osoa, ostera, abstenidu egin da.
Gaur goizean Gernika-Lumoko Batzarretxean izan dira udal ordezkariak, eta jakinarazi dute bandera udalerriko bizilagunei aurkeztu ondoren udaletxean jarriko dutela, ekitaldi ofizialean.
Udalak ordezkarien berbetan, “muruetarren jatorriaren oroimen historikoa batzen eta irudikatzen dituen ikurra da bandera”, eta herria eta bertako biztanleak ordezkatuko ditu, “herriko nortasun ikur legez”.
Banderak hondo urdineko disieinu angeluzuzena dauka, muturretik muturrera doan gurutze hori batekin, eta horren gainean beste gurutze zuri bat dauka. Zehaztu dutenez, gurutzea Murueta elizatearen isla da, eta gainerako elizateekiko lotura irudikatzen du.
Muruetako alkate Julen Karrionek udalaren poztasuna adierazi du: “Sinbolo baliatsuak dira herri batentzat, eta muruetarrak identifikatzeko bandera bat izatea Muruetako kide izatearen sentimendua partekatzeko modu sinbolikoa da”.
Bandera sortzeko prozesua. Sormen prozesua nolakoa izan den azaldu du Karrionek; Muruetako bandera sortzeko prozesua ez da laburra izan, eta aditu baten laguntza eduki dute. Hain zuzen, lehenengo, bandera, oihal eta zutoihaletan aditua den Juan Jose Gonzalez bexilologoak txostena egin zien, udalerriko memoria historiko, bexilologiko eta heraldikoari buruzko datuak batzeko helburuarekin: “Bandera berria diseinatzeko, armarriaren koloreak erabili ditugu erreferentzia legez. Armarri horrek hainbat urtez ordezkatu gaitu”.
Aipatu adituaren txostenak “egiaztatu zuen Muruetak ez duela inoiz bandera partikularrik” eduki. “Salbuespen bakarra zutoihal gorrimin bat izan zen. Haren erabilera propioko elementua izatera pasa zen, baina ez zen inoiz herri ordezkaritzako ikur izatera iritsi”, azaldu du alkateak.