Hazitoki Topaketak hartuko du Merkatu plaza, domekan
Behar berezidunek zirku mailan egiten duten lana gizarteari erakustea helburu duen ekitaldia berrikuntzekin dator oraingoan. Ekintza programa zabala antolatu dute domekarako.
Behar bereziak dituzten pertsonen balioak azpimarratzeko bigarren zirku topaketa egingo dute domekan, Gernika-Lumoko Merkatu plazan: Hazitoki Topaketak. Zirku jardunaldi Inklusiboa. Behar berezidunek zirku mailan egiten duten lana gizarteari erakustea helburu duen ekitaldia berrikuntzekin dator oraingoan, izan ere, pertsona guztientzako ekintza programa zabala antolatu dute domekarako.
Hazitoki proiektuaren funtsa kalera ateratzeko helburuz prestatu du Hazitoki elkarteak zirko ekintza ugariz betetako jardunaldi inklusiboa. Hala, 11:30etik 14:30era eta 16:00etatik 19:30era denetariko ekintzez gozatzeko aukera egongo da plazan: zirku tailer inklusiboa, globoflexia, aurpegi margoketa, eskulanak, ponpa tailerra, zirku erakustaldia, txokolate jana…
Zehaztu dutenez, ekintzak doakoak izango dira eta edonork parte har dezake; horretarako, zeinu hizkuntzako itzultzaile bat egongo da, baita hainbat monitore espezializatu ere. “Behar bereziak dituzten eta beharrizana duten pertsonei laguntzeko egongo dira”, azaldu dute antolatzaileek.
Merkatu plazako ekintzez aparte, Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan, Maider Yabarren eskutik, aereoen tailer bat antolatu dute, zeinu hizkuntzan egingo dutena eta 12 urtetik gorako pertsonentzat izango dena. Tailerraren iraupena bi ordutakoa izango da, eta 16:00etan hasiko da. Parte hartzaileentzako lekuak mugatuak izango dira, eta derrigorrezkoa da aurretiaz izena ematea, hazitoki@zirkugintza.com helbide elektronikora idatzita.
Elkartasun jaialdia.
Aurtengo topaketen helburua bikoitza dela adierazi dute antolatzaileek. Izan ere, behar bereziak dituzten pertsonek zirku mailan egiten duten lana balioan jartzeaz gain, Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan garatzen den Hazitoki proiektuarentzako dirua lortzea da asmoa. Eta hori posible egiteko, domekan hainbat elkartasun gune egongo dira dirua jasotzeko: “Jasotako dirua proiektuan parte hartzen duten monitoreen soldatak ordaindu eta materiala egokitzeko erabiliko da”.
Hazitoki proiektua zirku bidezko gizarteratze proiektu bat da, Hazitoki Zirkuguntza kooperatibak eta Txitatoki Urdaibai Zirku Eskolak sortutakoa. Arte eszenikoetan pertsonen integrazioaren alde lan egiten duen irabazi asmorik bariko elkarteak kudeatzen du, “jolas eta kultura lengoaiak uztartuz eta pertsona guztiak –haien gaitasuna edozein dela ere– arte eszenikoetan barneratu eta integratzearen helburuagaz. Gaur egun, proiektua Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan garatzen da: “Zirkua gizarteratze tresna modura erabiliz, ikasleen arteko harremanak bultzatzen dituzte, era guztietako pertsonen artean maila desberdinetako harremanak sortuz”.
Egitaraua
11:30. Globoflexia.
11:30. Ponpa tailerra.
12:00. Aurpegi margoketa.
12:00. Zirku tailerra.
13:00. Ipuin tailerra.
16:00. Eskulanak.
16:30. Aurpegi margoketa.
17:30. Hazitoki gala.
18:30. Txokolate jana.