Eskolondo herritarrez lepo bete du Zinema Ean egitasmoak
Zinema Ean kultur ekimena egin dute Ean. Mikele Landa Eiguren herritarraren hiru film labur proiektatu dituzte Eskolondon, eta aretoa ikuslez gainezka agertu da. Aurrerantzean, Haizeder eskolako umeekin zein gurasoekin aurkezpen sesio bat egin gura duela azaldu du zinema zuzendariak.
Zapatuan zinemagintza eta herritarren arteko hartu-emana uztartzen dituen Zinema Ean ekitaldia egin zuten Ean. HEA kultur elkarteak eta Eako Udalak antolatuta, Mikele Landa Eiguren zinemagile eatarraren hiru film labur proiektatu zituzten Eskolondoko aretoan: Azalen Izara, Heldu eta bere azkenengo proiektua, Noizko Basoa. 19:00etan ipini zuten hitzordua, eta herritarrek ez zuten inondik inora huts egin; hainbat eta hainbat eatar animatu ziren Landaren filmak ikustera eta bakoitzaren inguruko azalpenak bertatik bertara entzutera.
Landa jasotako harreragatik eta berotasunagatik “benetan pozik” agertu da: “Pentsatzen nuen, egia esan, herritarrek interesa edukiko zutela, baina ez nuen imajinatzen hainbesterainoko jendetza elkartuko zenik Eskolondon”. HEA elkartekoak izan ziren aurkezpena egitearen arduradunak, eta, ondoren, Azalen Izara eta Heldu proiektatu zituzten, bi filmik laburrenak. Noizko Basoa filma erakutsi orduko, baina, testuinguratze lanak egin zituen zinemagileak: “Filmaren sinopsia irakurri nuen, uste nuelako azken filmaren proiekzioari begira oso garrantzitsua zela girotze jakin bat ezartzea, ikusleak filmaren gaian hobeto sar zitezen”.
Herritarrak, partaide. Behin proiekzioa amaituta, berrogei minutu inguruko solasaldiaz gozatu zuten bertaratu ziren guztiek. Landak herritarren “zalantzak, iradokizunak zein iritziak” beraien ahotik entzun zituen. “Eatar legez, itzela da jendeak neure lana begi onez hartu dutela eta horrenbesterainoko interesa nahiz inplikazioa erakusten dutela ikustea”. Gainera, “belaunaldi txandapasa” igarri zuen egileak Eskolondon: “Noizko Basoa-n erakusten den herri landaketan jatorri, adin eta testuinguru oso desberdinetako herritarrak ageri dira; zentzu horretan, oso pozgarria izan zen proiekzioan eta osteko solasaldian elkarren arteko hartu-emanik ez duten edota adin desberdinetakoak diren herritarrak elkar eragiten ikustea. Horrek aberastasun handia dakar, nire ustez”.
Landa: “Eatar legez, itzela da jendeak neure lana begi onez hartu dutela ikustea”
Soinua eta uraren iruditegiaren tratamendua izan ziren bertaratu zirenei arreta gehien deitu zieten alderdiak. Ura, hain zuzen ere, “eatar gisa oso presente” du Landak. “Hemen bizi denak sobera daki bai itsasoak, bai errekak balio eta esanahi erantsia hartzen dutela eta Ea uragaz oso estuki loturiko herria dela”. Soinuari dagokionez, Landak esperimentaziorako tartea hartu zuen Noizko Basoa grabatzerakoan. Arriskatu ere egin zuen, filma modu analogikoan grabatu arren, soinuaren lanketa digitalki egin zuelako. Hain zuzen, mikrofono bereziei trataera berezia eman zien, hala nola, lur barrura sartuz edota hidrofonoa moduko gailuak baliatuz. Esperimentazio prozesu hori ageriko egin zen ikusleen artean, zapatuan: “Jendeari soinuak zerbait iradoki diola igarri dut; behintzat, nabaritu dute niretzat elementu garrantzitsua dela”.
Landa: “Soinuak jendeari soinuak zerbait iradoki diola igarri dut”
Soinuagaz lotuta, gainera, eskerrak eman dizkie Eskolondoko aretoa prestatzen eta proiekziorako egokitzen lagundu zuten behargin guztiei: “Jendea arratsaldetik jo eta su lanean ibili zen guztia ondo ikus eta entzun zedin, eta horrek urduritasun puntutxo bat sortu zidan; dena dela, esango nuke hurreratu zirenek ahalegin hori guztia igarri ahal izan zutela”. Eskolondoko eremuaz ere mintzo da zinema zuzendaria: “Kiroldegi modura diseinatutako gunea den arren, tankera horretako ekimenetan teloiak ipintzen dituzte hormetan, eta horrek asko laguntzen du bai soinuaren kalitatean, bai aretoaren iluntasuna lortzerakoan”.
Zinema Ean mugarri izan da Landaren zinemagintza ibilbidean, orain arte bere sorterrian aurkezpenik egin barik egon baita. Urak bere bidea egin du, eta azkenean lortu du eatarrei “neurri handi batean beraiena dena” bueltatzea. Baina herriko bidaia ez zaio bukatu oraindik: “Haizeder eskolako umeei eta gurasoei espreski aurkezpen sesio bat egitea aztertzen ari gara, haurrentzako bereziki egokituta; izan ere, beraiek filmean parte hartu dute, eta proiektu honen zuzeneko partaide bezala sentiarazi gura nituzke”.