Ane Muriel: "Pasioa da kirol honekiko sentitzen dudana"
Igeriketa Zinkronizatuan Euskal Herriko txapelduna da Ane Muriel, taldeka zein bakarka. Etxebarriko Sincro Urbarri taldeko kirolaria da, eta Espainiako txapelketara "gozatzera" joango da asteburuan.
Igeriketa zinkronizatua “maite” du Etxebarriko Sincro Urbarri taldeko kidea den Ane Murielek, eta Euskal Herriko txapeldun izatea lortu du, bai bakarka bai taldeka. Dioenez, Euskal Herrian igeriketa sinkronizatuko “oso talde gutxi” daude, eta bazekiten taldekako lehia irabaz zezaketela. Hala ere, “sakrifizio” eta “lan handia” egin dutela aitortu du kirolariak.
Saskibaloia, igeriketa eta dantza uztartzen hasi zen txikitan Muriel, baina dantza egitea eta talde kirola praktikatzea gustatzen zitzaizkiola jakitun, igeriketa zinkronizatua probatzea erabaki zuen duela zortzi urte. Ordutik, bere pasioa deskrubitu du, eta praktikatzen duen kirola “maite” du, baita taldekideak ere.
Portugaleten irabazi zenuen Euskal Herriko txapelketa, bai bakarka, bai taldeka. Espero zenuen?
Lan askoren eta sakrifizio askoren emaitza da. Ez da Euskal Herriko txapelketa irabazten dugun lehen aldia, ezta nik bakarka irabazten dudana ere, baina beti da pozgarria irabaztea. Binakako lehiaketa ere irabazi izan dut inoiz, baina aurten ez dut kategoria horretan lehiatzen, kirola eta ikasketak uztartzeko alde batera uztea erabaki nuelako; ze, aurreko urteak oso gogorrak izan dira. Medikuntza ikasten hasteko nota onak atera behar izan nituen iaz, baina astean bost egunez entrenatzen nuen –bakarka, binaka eta taldeka–, hamazazpi orduz. Gainera, ez dago igeriketa sinkronizatua udalerrian edo inguruan praktikatzeko aukerarik, beraz, Etxebarriraino joan behar naiz, eta entrenamendu orduei joan-etorrietako denbora gehitu. Aurten, binakako lehiaketa alde batera utzita, hiru egunetan entrenatzen dut, astean hamar orduz.
Oso kirol zorrotza da igeriketa zinkronizatua, hainbat arlo kontrolatu beharrekoa: elastikotasuna, mugimendua, arnasa, erresistentzia… Lan asko egin behar da.
Bai, arlo batzuk uretatik kanpo lantzen ditugu eta beste batzuk uretan. Uretatik kanpo indarra lantzen dugu, gero, uretan, taldekideak uretatik kanpora sakatu behar ditugulako eta gure gorputza altxatzeko gai izan behar garelako. Elastikotasuna ere landu behar dugu, baita erresistentzia eta apneak ere. Garuneko kontua da gehiena, eta ahal dugula sinetsi behar dugu.
Espero zenuen Euskal Herriko txapelduna izatea?
Euskal Herrian oso talde gutxik lehiatzen dugu igeriketa sinkronizatuan, eta ondo ezagutzen dugu elkar. Bagenekien txapelketa irabaz genezakeela, baina beti da pozgarria helburua lortzea. Portugaleteko eta Sestaoko taldeak ere oso onak dira.
Espainiako txapelketa lehiatuko duzue asteburu honetan. Salto handia dago bataren eta bestearen artean?
Euskal Herri mailan lehiakortasuna ez da handia, baina Espainiako txapelketan sekulakoa da. Desberdintasuna nabaria da. Gure baliabideak eskasak dira, igerileku bateko bi luzetan entrenatzen dugulako, beste maila batzuetako taldeekin batera, eta Espainiako talde askok igerileku handietan eta euren beharretara egokitutakoetan entrenatzeko aukera dute. Izan ere, igerilekuko bi kaletan entrenatzen dugun arren, lehiaketetan igerilekuko lau puntutan dantzatu behar dugu, eta handia da desberdintasuna. Guretzako oso luzeak dira, ez gaudelako neurri horietara ohituta, eta askoz ere zailagoa da igerileku handian dantzatzea.
Bakarka eta taldeka aritzea ere desberdina izango da.
Bai, eta entrenamenduak ere oso desberdinak dira. Bakarkako ariketa entrenatzea pertsonalagoa da, prestatzaileak pertsona bakarra zuzendu behar duelako eta norberak egiten duena ikusten ari delako. Gainera, norberak ere norbere ukitua eman ahal dio bakarkako lanari; nik nire ideiak partekatzen ditut entrenatzailearekin. Entrenatzeko errazagoa da. Bestalde, taldekakoan zortzi kirolari gara, talde bat gara, eta denok erritmo bera jarraitu behar dugu. Ondo eroan behar gara, hori asko nabaritzen delako uretan.Taldeka entrenatzen ari garenean, entrenatzaileak ez dauzka hamar begi, eta bideoak ere grabatzen ditu, bakoitzak bere akatsak ikusteko eta zuzentzeko. Taldeka aritzerakoan, musika zenbakitan banatzen dugu, eta zenbaki zehatzak zenbatu eta jarraitu behar ditugu. Zailagoa da entrenatzeko, baina niretzako politagoa da, besteen babesa sentitzen duzulako. Barkarkakoan norberarengan dago presio guztia, baina taldekakoan, lasaiago zaude. Oso polita da taldeka entrenatzea.
Espainiako txapelketa lehiatuko duzue asteburuan, zein da zuen helburua?
Espainiako txapelketara zein momentutan gauden ikustera goaz. Ez dugu emaitza bikaina bilatzen, guk ahal dugun puntuazio onena lortzea da asmoa. Euskal Herrian lortutako puntuazioa gainditu gura dugu, baina gozatzera goaz. Kirol hau maite dugula erakusteko balio digu txapelketak.
Euskal Herrian maila zein da igeriketa zinkronizatuaren egoera?
Ez dago talde askorik, ez eta baliabide nahikorik ere. Kirol hau oso sakrifikatua da eta lan asko suposatzen du. Kirol aldetik lan asko eskatzen du, asko nekatzen du, eta etxetik hurbil entrenatzeko aukerarik ez izateak are gehiago zailtzen du egoera. Talde aldetik, Katalunian daude talderik onenak eta gehienak; Errendimendu Handiko Zentroan entrenatzen dute. Oso onak dira, baliabide asko dituzte eta talde asko daude, baita diru laguntza gehiago ere.
Zer da kirol honek eskaintzen dizuna?
Igeri egitea asko gustatzen zait, baina taldekideak dira kirol honen onena. Daukagun talde giro onak kirol hau maitatzea eragiten dit. Taldean daukagun giroa sekulakoa da. Taldeko kirola da igeriketa zinkronizatua, eta denok bat izan behar gara. Halaber, diziplinatua izaten erakutsi dit eta balore asko eman dizkit; izan ere, jende desberdina ezagutu dut, eta horiekin hartu emana izaten ikasi dut, baita entrenatzaileen lana balioan jartzen ere. Pasioa da kirol honekiko sentitzen dudana, ez nintzateke pertsona berdina izango kirol hau praktikatuko ez banu.