TAE Gernika Klubak 22 domina lortu ditu Malagako Taekwondo txapelketan
11 izan dira urrezko dominak, 8 zilarrezkoak eta 3 brontzezkoak. Emaitza horiek txapelketaren aurretik egindako "lan fisiko, tekniko, taktiko eta psikologikoaren" ondorioa direla adierazi du Dani Urbez Taekwondoko instruktoreak.
TAE Gernika Klubak Taekwondo ITF kiroleko Open Malaga 2022 txapelketa lehiatu du asteburuan, eta, guztira, 22 domina lortu dituzte Gernika-Lumoko taekwondo klubeko kirolariek. 11 izan dira urrezko dominak, 8 zilarrezkoak eta 3 brontzezkoak.
Emaitza horiek txapelketaren aurretik egindako “lan fisiko, tekniko, taktiko eta psikologikoaren” ondorioa direla adierazi du Dani Urbez Taekwondoko instruktoreak. “Egindako lanak sari ederra jaso du. Bidaia luzea izan da, baina poztasunez betetakoa”, gehitu du.
Zehaztu duenez, TAE Gernika Klubaren ordezkariak 11 izan dira Malagan; 6 urtekoa izan da gazteena eta 40 urtetik gorakoak izan dira beteranoak. Eurekin batera, 32 klubetatik eratorritako 500 lehiakide baino gehiago aritu dira txapelketan; besteren artean, Irlandako kirolariak, Nepalekoak, Norvegiakoak egon dira bertan, baita Galiziakoak, Kataluniakoak, Valentziakoak, Aragoikoak zein Andaluziakoak ere.
Urbezek Malagako Invictus kluba zoriondu gura izan du, “antolakuntza apartarengatik”, eta Taekwondoko ITF Fest Espainiako Federazioa ere eskertu du, “eurak barik ezinezkoa izango zelako kirol eder honetaz gozatzea”.